«Zenbat denbora egon zintezkeen kromo honi begira? Urteak, mendeak, goiz oso bat, ezin jakin, ihesaldi betean zeunden, estasian, geldiune betean zintzilik, zoratuta». Ivan Zulueta zinemagilearen (Donostia, 1943-2009) Arrebato film luzearen pasarte horrek berez laburbiltzen du Zuluetaren bizitzaren eta obraren arima. Eguneroko bizitzan egindako etenaldi bat izan zen harentzat zinema, amets egiteko, pentsatzeko gune bat. Are, zinema bera haren filmografia laburreko gai handienetako bat izan zen, «fotogramaz fotograma barrenak atera arte». Zinemagile donostiarrak ekoitzitako pelikula nagusiekin, artista grafiko gisa egindako lanekin eta haren gertukoenei egindako elkarrizketekin osatu du Xabier Arakistainek Ivan Zuluetaren asaldura erakusketa. Gasteizko Artium museoan izango da ikusgai, 2023ko martxoaren 5era arte.
Irudiarekin egindako «esperimentazio etengabean» oinarrituta, unibertso bat eratu zuen Zuluetak, eta unibertso horretara hurbiltzeko saioa da erakusketa. «Pinturaren eta marrazkiaren hurbileko planteamenduetatik abiatuta, Zuluetarentzat zinema eguneroko bizitzan etenaldi bat egiteko tresna bat zen», azpimarratu du Arakistainek.
Haren hitzetan, bi tesi kontuan hartu dituzte Zuluetaren obra eta bizitzari buruzko erakusketa ontzeko. Lehen tesia: «Zuluetak zinemaren mugak aztertu zituen irudia pentsatzeko, haren enigma deszifratzeko, hura behatzen duena bahitzeko gaitasunean murgiltzeko, betiere pinturatik eta marrazkitik gertu dauden planteamenduetatik». Bigarren tesia: «Zulueta kontrakultura anglosaxoiaren enbaxadore nabarmena izan zen Donostian eta Madrilen 1960ko eta 1970eko hamarkadetan».
Zinemaren historiako erreferentzia garrantzitsua izan da eta da oraindik ere Zulueta, Arakistainek nabarmendu duenez. «Bere ahotsa, bere lana, bere esperientzia pertsonaletik sortzen da. Aukeratu zuen bizitza bizi izan zuen eta korronte nagusiari ez jarraitzea erabaki zuen». Zulueta «aparteko sortzailea» izan zela gogorarazi du Beatriz Herranz Artium museoko zuzendariak: «Nahi gabe, idatzi gabeko istorio askoren ernamuina izan zen».
Lanak, elkarri konektatuta
Arrebato kultuko filmarekin zinema esperimentalaren gailurra ukitu zuen Zuluetak, 1979an, eta zinemagile eta irudigile gisa arrastoa utzi zuen ondorengo belaunaldietako errealizadore askorengan. Hain justu ere, 1970eko hamarkadan egindako pelikulak, diskoen azalak eta urte horietan egin zituen zinemarako afixakbiltzen ditu erakusketak. Arakistainen arabera, sormen esperimentalen multzo hori «unibertso berezi bat da», eta «hizkuntza propioa» sortzen du.
Horregatik daude lanak museoaren areto handi batean bilduta: elkarri konektatuta dauden piezak dira, baina atalka egindako obra handi baten modura atzeman ditzake erakusketara doan bisitariak. Izan ere, zinemagilearen filmek egitura trinko bat osatzen dute, eta egin zituen diskoen azalekin, filmetarako kartelekin eta diseinu grafikoko beste lan batzuekin estuki lotuta daude.
Erakusketaren muina 1970eko hamarkadako filmek osatzen dute: 1969ko Un, dos, tres, al escondite inglés pelikulatik hasita 1979ko Arrebato film ospetsuraino. Zuluetak hamar urteko bitarte horretan egin zituen film laburretan oinarritzen da erakusketa, batez ere. Hura izan baitzen haren ekoizpen ezezagunena, baina baita irudiaren hizkuntzaren inguruan egin zuen «berrikuntza eta ikerketa estetikoko» lan handia hobekien erakusten duena ere. Irudiarekin zuen aparteko talentuaren erakusle dira Kinkón (1971), Frank Stein (1972), Mi ego está en babia (1975), El mensaje es facial (1976) eta Leo es pardo (1976) pelikulak.
Euskal zinemagilearen filmografiaren izenburu nagusiekin batera, Zuluetak diseinatzaile grafiko gisa egindako lan batzuk ere ikus daitezke Artiumen. Besteak beste,marrazkilari gisa egin zuen lanari toki zabala eskaintzen dio erakusketak, eta haren obraren sorta adierazgarri bat dago ikusgai. Nabarmentzekoak dira, adibidez, zinemagileak 1964an New Yorkeko egonaldian egindako marrazki batzuk.
Diseinatzaile grafiko gisa egindako lan emankorretik hainbat filmentzat egindako kartelak ere bildu dituzte erakusketan: besteak beste, Furtivos (Jose Luis Borau, 1975), Viridiana eta Simón del desierto (Juan Luis Buñuel, 1977ko eta 1978ko estreinaldietarako egindakoak) eta Qué he hecho yo para merecer esto (Pedro Almodovar, 1984) pelikuletako afixak ikus daitezke.
Diskoen azaletarako egindako hainbat diseinu ere badira; tartean, Brakaman, La Orquesta Mondragon, Vainica Doble eta Negativo taldeentzat egindakoak. Eta Zuluetaren sinadura duten bestelako dokumentu batzuk ere jarri dituzte ikusgai, hala nola argitalpenak, argazkiak, publizitate gidak eta 1979an Euskadi Sioux fanzinerako marraztu zuen komikia. Zuluetari telebistan egindako elkarrizketa batzuk eta hari buruzko bi dokumental ere paratu dituzte —La Décadence eta Iván Z—.
Haren ekoizpena eta unibertso sortzailea hobeto ulertzen laguntzeko, zinemagilearekin harreman estua izan zuten zenbait pertsonarekin egindako elkarrizketek osatzen dute erakusketa. Arakistainek berak egin ditu elkarrizketak, eta horien artean dira zinema zuzendariak (Pedro Almodovar eta Jaime Txabarri), musikariak (Jaime Stinus eta Alaska), aktoreak (Cecilia Roth) eta lagun eta senideak (Virginia Montenegro, Carlos Astigarraga eta Jaime Zulueta). Elkarrizketa horietako batean, Almodovarrek horrela gogoratu du Zulueta: «Irudirako aparteko talentua zuen».
Begirada bat Zuluetaren unibertsoari
Artium museoak 'Ivan Zuluetaren asaldura' erakusketa zabaldu du. Zinemagile donostiarrak ondutako lanek osatzen dute bilduma, batez ere irudiek eta marrazkiek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu