Ama. Hitz labur eta borobila, konplikaziorik gabe esaten dena. Baina, hala eta guztiz ere, esanahi asko izan ditzakeena. Ama, umetan amatxo deitzen zaiona. Eta horrela izena du Usurbilgo Sutegi Kultur Etxean (Gipuzkoa) dagoen erakusketak ere: Ama!!!Txo. Azaroaren 17ra bitarte izango da zabalik.
Amaren heriotzak bultzatu zuen Joxe Luis Elexpe Pelex artista Besarkada izeneko eskultura egitera. Eta, hain zuzen ere, bere amaren eta beraren arteko besarkada irudikatzen du. «Eskultura hau ama bere lagunarekin egoten zen gerizpera eramateko egin nuen, harrizko banku batean eserita igarotzen zituzten arratsalde beroak». Bere-berea du erakusketa Pelexek. «Nik egin nahi nuen zerbait da, eta neronek aukeratutako lagunekin egin nahi izan dut». Eta hor dute tokia Txo kolektiboko partaideek, taldeko kide izateaz gain, kolektibokoak lagun ere badituelako. Horiekin batera, Keixeta eta Javi Soto artisten lan bana dago.
Erakusketaren izena jakin gabe ere, erraz antzematen da artelanen edukia. Ama irudikatzeko modu desberdinak erabili dituzte. Nabarmentzekoa da Iker Valle artistak egin duen Arrantzalearen amaren itzalpeko itxaronaldia lana. Emakumeek egiten duten lan isila, ezkutuan gelditzen dena, dauka eduki nagusi, Pelexen arabera.
Atentzioa ematen du Olatz Goiburu artistaren Gaumatxo lanak. Zakur ama bat ageri da, bularretik esnea dariola. Collage bidez egindakoa da, Goiburuk sarri erabiltzen duen metodoan. Hark beti dauka jendea «sorpresaz» hartzeko gaitasuna. «Bere lanak jendearen aurpegia aldatzeko gai dira». Lanik desberdinenetakoa da baina gaiari ongi baino hobeto lotzen zaiona.
Gertuko lana plazaratu du Peio Goello artistak ere, ezagutzen baitzuen Pelexen ama. Haren izena jarri dio: Columba. Goellok azaldu du, «erdigunean dagoen argia amaren barrukoa da, guri bizia ematen ziguna».
Javi Soto pintorearena da Nire ama lana. Izenak dioen bezala,bere amaren erretratua egin du. Iaz hil zitzaion ama, eta horregatik gonbidatu duela azaldu du Pelexek. Xabier Celestinok, berriz, ama etorkinak irudikatu ditu bi obratan. Titulurik gabe izenekoa zuri-beltzean egina dago, eta emakume beltzaran bat haurra paseatzen ateratzen da. Hona etorri diren ama etorkinak, umeak sorterrian utzi dituen amak gogoratzen dituen lana da Pelexen iduriko.
Txo kolektiboaren ekinbidez
«Sentiberatasun handiko lagun talde handi» gisa definitzen du Pelexek Txo kolektiboa. 1989an sortu zen, eta 1994a bitarte erakusketa mordoa egin zituzten, geldialditxo bat izan zuten garai hartan. Taldekide berriak sartu ziren kolektibora 2009an, eta ordutik zazpi erakusketa egin dituzte, horietatik lau azken bi urteetan. «Denbora tarte txikian lan asko egin du kolektiboak, alde horretatik bada oparoa gure ibilbidea». Hasieratik taldean ari direnen artean Giollo eta CarlosAusserladscheider daude.Ausserladscheider taldeko arima dela gaineratu dute bi artistek.
Hainbat diziplin lantzen dituzten lagunek osatzen dute kolektiboa, eta, hain zuzen, horrek ematen dio «bizitza» taldeari. Laguntasunak batzen ditu: «Oso harreman estua eta ona dugu; gozamena da beraiekin lan egitea». Horregatik, erakusketak ez ezik, lagun arteko topaketak ere badira».
Erakusketak kolektiboarenak diren edo ez erraz igartzen da, beti eramaten baitute Txo hitza. Usurbilgoa Amatxo den eran, Mutxos! zuen izena maiatzean Zumaian ireki zutenak.Kide berrien sarreraren adierazgarri izan zen 2009ko Txoberri izeneko erakusketa. 90eko hamarkadan egin zituztenek bereizgarri bera izan dute, Txollos eta InTxo!mision, kasurako.
Begirada bat amei
Hamalau artistaren hausnarketak bildu ditu Txo Kolektiboak Usurbilen ireki duen azken erakusketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu