Literatura

«Begien akatsetik» idatzitakoak

Edu Zelaietak 'Presbiziak lagundu omen digu' poesia liburua ondu du. Haren gorputzetik eta egoera pertsonaletik sortutako poemak dira; gordintasuna eta goxotasuna lantzen dituzte, bai eta umorea ere.

Edu Zelaieta, Donostian, liburua esku artean duela. GORKA RUBIO / FOKU
Edu Zelaieta, Donostian, liburua esku artean duela. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2024ko maiatzaren 18a
05:25
Entzun

«Begiaren akatsa, gertuko gauzak garbi ikustea galarazten duena, kristalinoak malgutasuna galtzen duenean sortzen dena». Hori da, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, presbizia hitzaren definizioa. Kasu gehienetan, adinak aurrera egin ahala sortzen den ikusmen arazo bat da, eta hori da, hain zuzen, Edu Zelaieta idazleari duela urte gutxi gertatu zitzaiona. Pandemia garaian hasi zen sumatzen gertutik ez zuela ongi ikusten, eta, ingurukoen gomendioei kasu eginez, betaurrekoak jartzea erabaki zuen. Egoera horrek eman zion Presbiziak lagundu omen digu (Pamiela) poesia liburua sortzeko aitzakia.

Zelaietaren ustez, «gauza unibertsala» da presbizia; Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, munduan 2.000 milioi pertsonak dute. Poemak idazten hasi aurretik, hainbat hiztegi akademikotan ikusmen arazo hori nola definitzen zen arakatzen ibili zen egilea, eta konturatu zen definizioak ez zetozela bat. Hortik abiatuz, 50 urte inguruko pertsona batek bizi izan ditzakeen gauzak eta egoerak kontatzea erabaki zuen.

Hainbat lan ateratakoa da idazlea, ez poesia bakarrik; haur literatura uztartu du, itzuli ditu lan batzuk, eta gidoilari izan da. Mugaldekoak musika taldeko kide ere bada. Lander Majuelo Pamielako editorearen ustez, «polifazetikoa» da Zelaieta. Pamielarekin argitaratzen duen hirugarren liburua da, aurretik atera baitzituen Ispilu biluziak (2016) —poesia—, eta Mundutik mundua. Arabako hitzontzi baten kronika (2019) —kronika liburua—.

Garaian garaikoa

Poesiak hiru ataletan banatuta daude, baina guztira bost parte dira —hitzostea eta epilogoa ditu—. Lehen atalak liburuaren izenburu bera du, Presbiziak lagundu omen digu, eta hori berori da lehen poesiaren izenburua ere. Ikusmen arazoaz gain, zimurrak, bizkarreko mina, alopezia androgenikoa eta beste izan ditu hizpide idazleak atal horretan. «Adinari dagozkion osasun galerak poetizatu nahi izan ditut», gehitu du. Alde batera utzitako ametsei eta adinari dagozkion botereei ere egin die erreferentzia.

Bigarren atalean soka tenkatuz doala kontatu du Zelaietak; Singularraren pluralak du izena. Zaintza lanak, aitatasun eta semetasun rolak eta ospitaleetan pasatako denbora izan dira, besteak beste, bertan biltzen diren poemen gaiak. Gordintasunaren eta goxotasunaren, pluralaren eta singularraren arteko dantzan ibili da egilea, umorea alde batera utzi gabe. Estragonen denbora da azken kapitulua. «XXI. mendeko garai zaharberrituen inguruan» hitz egiten dute hitzek.

«Adinari dagozkion osasun galerak poetizatu nahi izan ditut». EDU ZELAIETA Idazlea

Iratxe Retolaza literatura kritikari eta idazleak izan du hitzostea idazteko ardura. Egilearentzat «luxua» izan da haren kolaborazioa izatea. Berdin uste du Majuelok ere: «Mamitsua da haren testua, eta ondo jaso du Eduren [Zelaieta] poetika eta liburuaren muina».

Poema bakoitzak aipu bat du hasieran: idazleen, irakasleen edo beste hainbat pertsona ezagunen esanak jaso ditu, bai Euskal Herrikoak, bai eta nazioartekoak ere. Egileak kontatu du aipu horiek euren artean oso desberdinak direla, eta zehazki hori bilatu nahi izan duela: «Kolektiboa jasotzeko beharra sentitu dut, eta horregatik egin nahi izan dut ahotsen collage bat». Hainbat artistaren ilustrazioak ere tartekatu dituzte poemen artean.

Kantatzeko egokiak

Zelaietak esan du liburuko hitzak «oso erraz» bilakatu daitezkeela kantu. Mugaldekoak taldeko kide izanik, kontatu du proiektu berriak taldea berriro aktibatzeko aitzakia gisa balio izan duela. Bildumako lehen poesiari musika jarri dio taldeak, eta liburuan dagoen QR kode bat eskaneatuz eta Pamielaren webgunean entzun daiteke. «Belarriz ere funtzionatzen duen hizkuntza literarioa sortzea» izan da Zelaietaren xedeetako bat.

Oraingoz, bi irakurketa berezi prestatu ditu egileak. Lehena, Gasteizen izango da, Poetak Maiatzean jaialdia dela eta. Maiatzaren 22an, Andre Maria Zuriko Mendia optikan irakurketa «optiko-poetikoa» egingo du, Itziar Rekalderekin batera. Maiatzaren 25ean, berriz, musikaz jantziko dituzte hitzak Mugaldekoak taldekoek, Zarautzen (Gipuzkoa) egingo den Literaturia jaialdian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.