«Buelta eman begiei/ eta begiratu zure barnera». Kanpo zein barru, den-denak miatzen ditu Peru Galbeteren Beiratu diskoak. Euskarazko hitz bakar batekin jolas egin eta bi esanahirekin lotu du diskoaren izenburua. «Batetik, begiratu hitzarekin lotu nahi nuen, eta gero ohartu nintzen euskaraz zerbaitek beiraren itxura hartzeari beiratu esaten zaiola». Beiraren distira atera dio, beraz, disko berriari.
Laugarrena du, eta, aurrekoen gisara, haren ahotsak gidatu du melodia: «Oro har, ahotsa eta hitzak dira sortzen ditudan lehendabiziko gauza; horiek eramango dute atzetik doinua». Nolanahi ere, oraingo honetan protagonismo bertsua eman die ahotsari eta instrumentuei, inoiz baino musikari gehiago izan baititu doinuetan lagun: Xanti Etxeberria (kontrabaxua), Jurdana Otxoa (biolina), Miryam Morales (biolontxeloa)... «Egia esan, taldean lan egiteko gogoa nuen aspalditik, eta primerako taldea izan dut ondoan». Hala, hamabi kantuz osatu du diskoa: Hegazti, Ura, Pozoi, -Nola-, Amets hura, Erorketa, -Berdatu-, Gaitzerdi, Munduaren bukaera, Anu, -Zintzur- eta Uxo bat.
Ez ditu alferrik eraman hegaztiak lehenengo eta azkeneko abestietara. Galbeteren hitzetan, oso elementu garrantzitsuak izan dira txoriak euskal kulturan, eta keinu bat egin nahi izan die horiei, abestiak ordena horretan jarriz.
Egileak gidoi tartean izendatutako hiru kantu ditu bildumak; hiru abesti laburrenak. Bada, bideoklip bana sortu du horientzat Galbetek orain gutxi, eta sarean jarri. Naturan kokatu ditu denak: -Zintzur- kantuko bideoklipean, behiak ageri dira zelaian, bata bestea miazkatzen; -Berdatu- abestiak, berriz, zuhaitzak eta haien loreak ditu protagonista, eta -Nola- kantuak, berriz, itsasoa eta hark eragindako bitsa.
«Dena hotza dena grisa, dena lur, dena bizitza/ dena mina, dena poza, dena ur, dena desditxa/ bizi ginen begiratu gabe, begiak lurrean zurrun/ gauak ilundu baino lehen zeinek nahi du desagertu?». Amets hura kantuaren hitzak dira, eta ahots ezagun bat nabarmentzen da bertan: Anarirena. Galbeteren arabera, kantuen hitzek ateak zabalik uzten dizkiote entzuleari, «norberak interpreta ditzan nahi dituen eran».
Erritmo antzekoa darabil Galbetek lau abesti bildumetan. Zerk bereizten ditu, baina, artistaren diskoak? Bada, espazioak. Lehendabiziko diskoa, Peru, gurasoen etxabean grabatu zuen,gauez. Esku grabagailu batekin jaso zituen kantu horiek, eta instrumentu gehiagorekin apaindu zituen gero: «Grabatu nuen lehen lana izan zen, jakin gabe zertarako grabatzen nuen ere. Lagunei bidali nizkien abestiak, baina ez nuen gehiago zabaldu nahi izan».
Bigarrena iritsi zen: Voces de la selva. Izenburuak berak laburbiltzen du diskoak zer jasotzen duen. Izan ere, Bolivia erdialdeko oihanean sortu eta grabatu zuen egileak, Inti Wara Yassi komunitatearekin elkarlanean. «Han kontzertu batzuk eman nituen, eta, Hego Amerikatik alde egin nuenean, han geratu ziren kantu horiek».
Hurrengo diskoa, berriz, itxialdian kaleratu zuen, «barrutik eta barrura begira»: Nor zara zu?. Ez zen, inondik ere, sasoi oparoa izan sortzaileentzat, baina, Galbeteren hirugarren diskoa, ordea, orduantxe atera zen argitara. Usurbil (Gipuzkoa), Urretxu (Gipuzkoa) eta Uharte (Nafarroa) artean idatzi eta grabatutako kanta batzuen bilduma da, eta disko liburu formatuan kaleratu zuen. «Konfinamenduan eta garai horietan, hitzak eta bideodeiak baino zerbait gehiago partekatzeko beharra nuen, eta horregatik jarri nituen sarean».
Umetako bizipenak
Begiak eta begiradak. Horiexek darabiltza disko berriko abestietan. «Txikia nintzenean, nire egurrezko sabaiari begira hartzen nuen lo. Egurrak sortzen dituen korapiloek begiak ziruditen, eta, gauetan, begirada asko nabaritzen nituen niri begira». Hain justu, egurrezko begirada haiek guztiak islatu nahi izan ditu Beiratu diskoaren azalean. Izan ere, abeslaria umea zeneko argazki bat ageri da bertan, atzealdean sabai horren irudia duela. Hainbat tokitan grabatu du diskoa: Jazar sormen gunean, gurasoen etxabean, Uharteko Arte Garaikideko zentroan eta Shot estudioan.
Beraz, irudi horrek inspiratutaeman dio izena disko berriari, eta hori abiapuntutzat hartuta ondu ditu diskoko hamabi kantuak. «Oso pozik» dago sortu berri duenarekin, eta, baita «oso eskertuta» ere, hura argitara ematen lagundu dioten musikari eta artista guztiekin.
Idoia Arizaleta gitarristarekin eta Xanti Etxeberria kontrabaxu jotzailearekin batera ari da, gutxinaka-gutxinaka, zuzeneko kontzetuak egiten, nahiz eta ez den ari gustatuko litzaiokeen erritmoan: «Eskaintzak iritsi ahala ari naiz kontzertuak egiten, baina, egia esateko, gustatuko litzaidakeen baino aukera gutxiago sortzen ari dira». Poliki-poliki, baina iristen ari dira, hala ere. Irailaren 22an, esate baterako, Bilbon izango da, Indautxu plazan, eta bertan joko ditu kaleratu berri duen diskoko kantuak.
Begiek abesten dituzten doinu goxoak
Peru Galbetek laugarren diskoa kaleratu du: 'Beiratu'. Musika instrumentuak lagun, hamabi kantuz osatu du diskoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu