Donostiako 72. Zinemaldia

Begi guztiak pantailetara

Audrey Diwanen ‘Emmanuelle’ filmak emango dio hasiera gaur Donostiako 72. Zinemaldiari. Javier Bardemek, Cate Blanchettek eta Pedro Almodovarrek Donostia sari bana jasoko dute.

Donostia erdialdeko kaleak zinemari lotutako kartelez bete dira. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Donostia erdialdeko kaleak zinemari lotutako kartelez bete dira. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Ainhoa Sarasola.
2024ko irailaren 20a
06:00
Entzun

Donostiako 72. Zinemaldiak prest ditu filmak, prest pantailak, eserlekuak, alfonbra gorriak, mintzaldien guneak eta argazkiak hartzeko lekuak. Zale askok eta askok salgai jarri bezain pronto erosi zituzten sarrerak, eta gaur helduko dira ikusleak ere aretoetara, begiak irudietan iltzatzeko prest. Audrey Diwan zinema zuzendariaren Emmanuelle filmarekin ekingo dio jaialdiak aurtengo programazioari, eta, bederatzi egunez, genero eta estilo ugaritako dozenaka film proiektatuko dituzte. Hilaren 28ko iluntzean, festibalaren amaiera ekitaldian jakinaraziko dute aurten zein film sarituko dituzten.

Bien bitartean, aitortza gehiago ere banatuko ditu jaialdiak: Donostia sari bana emango die Javier Bardemi, Cate Blanchetti eta Pedro Almodovarri.

1

SAIL OFIZIALA

Guztira, ikus-entzunezko 22 lan bildu ditu jaialdiak bere Sail Ofizialean. Horietatik, hamasei izango dira Urrezko Maskorra eta beste kategorietako sariak lortzeko lehian —sailaren barruan baina lehiaz kanpo emango dituzte, esaterako, Alauda Ruiz de Azua zuzendari bizkaitarraren Querer telesaila, eta itxierako filma, John Crowley irlandarrak zuzendutako We Live in Time—. O corno filmarekin iaz jaialdiko sari nagusia irabazi zuen Jaione Camborda zinemagile donostiarrak, eta hura buru duen aurtengo epaimahaiak erabakiko du nor saritu.

Audrey Diwanen Emmanuelle izango da lehia horren barruan erakutsiko duten lehen lana. L’Evémenent filmarekin Veneziako jaialdiko Urrezko Lehoia irabazi zuen zinemagile frantsesak 2021ean, eta Donostian estreinatuko du bere lan berria, gaurko inaugurazio galan.

Azken urteotako joerari jarraituz, zinemagile beteranoak eta ibilbidearen hastapenetan direnak sail berean bildu ditu Zinemaldiak beste behin ere. Baina aurten «zuzendari handien filmak beste aldi batzuetan baino gehiago» izango direla adierazi du orain gutxi Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak.   

Horien artean daude, besteak beste, Costa-Gavras eta François Ozon, eta biak ala biak izan dira aurrez Donostian. Zinemagile greziarra —Z (1969), Missing (1981), Music Box (1989), Amen (2002)— lehian izan zen 2012ko jaialdian Le capital filmarekin, eta 2019an Donostia saria jaso zuen, baita Adults in the Room filma erakutsi ere. Mediku baten eta idazle baten arteko elkarrizketetan ardaztu du Le dernier souffle lan berria.

Ozonek, berriz, Urrezko Maskorra eta gidoi onenaren saria irabazi zituen Dans la maison (2012) filmarekin, eta jaialdiko lehian erakutsi zituen Sous le sable (2000), Le refuge (Epaimahaiaren Sari Berezia, 2009), Une nouvelle amie (2014) eta Été 85 (2020). Oraingoan, Quand vient l’automne aurkeztuko du, zeinak Borgoinako herrixka batean bizi diren bi lagun dituen protagonista. 

Beren lehen filma aurkeztuko duten zinemagileen artean, berriz, Xin Huo eta Laura Carreira daude, besteak beste. Bound in Heaven erakutsiko du lehenak, gaixotasun terminala duen gizon baten eta indarkeriak harrapatutako emakume baten istorioa kontatzen duena. Carreiraren opera prima-k, berriz, On Falling du izenburu, eta  Eskoziako biltegi handi batean lan egiten duen emakume portugaldar bat du protagonista. Azken hori «ezusteko handietako bat» izan daitekeela iritzi dio jaialdiko zuzendariak. 

Edward Berger (Cónclave), Pilar Palomero (Los destellos), Joshua Oppenheimer (The End), Mike Leigh (Hard Truths), Kiyoshi Kurosawa (Hebi no michi), Diego Lerman (El hombre que amaba los platos voladores), Gia Coppola (The Last Showgirl), Pedro Martin-Calero (El llanto), Maite Alberdi (El lugar de la otra), Iciar Bollain (Soy Nevenka) eta Albert Serra (Tardes de soledad) ere beren lanekin lehiatuko dira.

2

DONOSTIA SARIAK

Donostia sariaren bidez, hainbat izar handiri zinemaren munduan egindako ibilbidea aitortu izan die urtero jaialdiak. Aurten sarituen zerrenda luzera batuko diren bi izen iragarri zituen jaialdiak, baina, denera, hiru Donostia sari banatuko ditu. Izan ere, Javier Bardem aktore espainiarrari joan den urtean egin zion aitortza hori —bera izan zen 71. aldiko kartel ofizialeko protagonista ere—, baina, Hollywoodeko gidoilari eta aktoreek egin zuten greba zela eta, aktorea ez zen Donostian izan. Garaikurra aurten jasoko zuela adostu zuten, eta hala izango da azkenean: gaur iluntzean, jaialdiaren inaugurazio galan emango diote saria Perdita Durango (1997), Carne trémula (1998), Los lunes al sol (2002), No Country for Old Men (2007), Vicky Cristina Barcelona (2008) eta beste hamaika filmetan lan egindako antzezleari.

Jaialdiaren aurtengo karteleko protagonista, Cate Blanchett izango da bere garaikurra eskuetan hartzen hurrengoa: bihar iluntzean egingo dute hari saria emateko ekitaldia, eta Rumours filma proiektatuko dute ondotik, zeinak aktore eta ekoizle australiarra duen protagonista —Cannesen estreinatu zuten—. Bere ibilbide luzean zinema zuzendari esanguratsuekin egin du lan Blanchettek, hala nola Martin Scorsese, Steven Soderbergh, Steven Spielberg, David Fincher, Ridley Scott, Sally Potter, Wes Anderson, Alejandro Gonzalez Iñarritu, Woody Allen, Peter Jackson, Todd Haynes, Richard Linklater, Guillermo del Toro eta Todd Fieldekin; eta berrehun aintzatespen baino gehiago jaso ditu bere interpretazioekin —tartean, bi Oscar sari, Veneziako bi Volpi Kopa, lau Bafta sari, lau Urrezko Globo, eta ohorezko Cesar eta Goya bana—. Zerrenda luze horri Donostia saria batuko dio bihar.

Pedro Almodovar zuzendari, gidoigile eta ekoizle espainiarra izango da azkena saria jasotzen, hilaren 26an, eta haren film berria proiektatuko dute sari banaketan: La habitación de al lado. Ingelesez egin duen lehen lana du zinemagileak, eta, hari esker, Urrezko Lehoia irabazi berri du Veneziako jaialdian.  Hain zuzen, filmeko aktore protagonistetako batek, Tilda Swintonek emango dio garaikurra. 

Almodovarrek ezagun du Zinemaldia, 1980an Pepi, Luci, Bom y otras chicas del montón filmarekin debuta egin ondotik, hainbatetan izan baita Donostian. Carne trémula (1998), Todo sobre mi madre (1999), Hable con ella (2002), La mala educación (2004), Volver (2006), Los abrazos rotos (2009), Los amantes pasajeros (2013), Dolor y gloria (2019) eta beste zenbait lan zuzendu ditu ordutik, eta ehundik gora sari irabazi ere bai; aurki izango du esku artean beste bat. 

3

EUSKAL ZINEMA

Euskarazko zenbait ekoizpen izango dira ikusgai jaialdian, bai Zinemira sailean, bai beste batzuetan. Zuzendari Berriak atalean lehiaren barruan erakutsiko du bere lan berria David Perez Sañudok, Azken erromantikoak. Txani Rodriguezen Los últimos románticos gaztelerazko nobela egokitu du zuzendari bilbotarrak, eta Miren Gaztañagak jokatu du rol protagonista; medikuek bularrean koskor bat detektatu ostean, bizitza goitik behera birplanteatuko duen emakumea. 

Pello Gutierrez donostiarrak Erreplika aurkeztuko du Zinemiran, bere bigarren film luzea eta bakarka zuzendu duen lehena. Hutsuneei, irudiei eta oroimenari buruzko lan horrekin lehiatuko da Euskal Zinemaren Irizar saria eskuratzeko. Sari bera lortzeko hautagaien artean izango da Naia Laka Arrizubieta bilbotarraren Zortzitik infinitura lana, zeinak euskal zinemagintzaren historiari errepasoa eman dion. Dagoeneko historia horren parte den aktore batek, Elena Iruretak jasoko du aurtengo Zinemira saria. 

Beste sail batzuetan ere izango da euskal zinemagileen lanik, hala nola Izibene Oñederraren Etorriko da (Eta zure begiak izango ditu) animaziozko film laburra, Zabaltegi-Tabakaleran. Eta Klasikoak atalean, Montxo Armendarizen Tasio film zaharberritua emango dute, Sail Ofizialean estreinatu zela 40 urte bete direnean eta Cannesko jaialdian iragan udaberrian erakutsi ostean.

4

PERLAK

Nazioarteko beste zinema jaialdi batzuetan aitortza jaso duten filmen erakusleiho izaten da Perlak saila urtero, eta aurten Berlinalen, Cannesen, Venezian, Toronton, Annecyn eta beste hainbat festibaletan izan diren lanak bilduko ditu oraingoan ere; hamazazpi, denera. Jacques Audiarden Emilia Pérez filmak emango die hasiera saileko emanaldiei; lan hari esker, Cannesko Epaimahaiaren Saria eraman du aurten zuzendariak. Jaialdi berean Urrezko Palma irabazitako filma ere emango dute, Sean Bakerrek zuzendutako Anora, hain zuzen. Eta Cannestik pasatu ostean, Donostian izango dira Francis Ford Coppolaren Megalopolis eta Paolo Sorrentinoren Parthenope ere, besteak beste.

Horiekin batera, Adam Ellioten Memoir of a Snail (Annecyn Cristal sariaren irabazlea) eta Hong SangsoorenYeohaengjaui pilyo / A Traveler’s Needs (Zilarrezko Hartza Publikoaren Sari Nagusia azken Berlinalen) bildu dituzte sailera, besteak beste. Horiek ez ezik, Andrea Arnold, Emmanuel Courcol, Coralie Fargeat, Payal Kapadia, Mohammad Rasoulof, Walter Salles eta Paul Schraderren lanak ere publikoaren saria eskuratzeko hautagaien artean izango dira. 

Venezian estreinatu ostean, Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako Marco-k izango du saila ixteko ardura; Belodromoan emango dute, lehiaz kanpo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.