Abenduaren 16an, 250 urte beteko dira Ludwig Van Beethoven konpositorea jaio zela, eta, urteurrena baliatuta, Donostia Musikak hari eskainitako ziklo luze bat abiatu zuen urte hasieran. COVID-19aren pandemiak, ordea, eten egin zuen programazioa martxoan, eta aste honetan emango dituzte ordutik ekainera bitarte aurreikusitako kontzertuak. Ensemble Siciliano taldeak abiatuko du gaur zikloa, Beethovenek idatzitako biolin eta pianorako bi duorekin, eta Julia Siciliano pianista estatubatuarrak gidatzen duen boskoteari egokituko zaio aste honetako eskaintzari amaiera ematea, igandean. Kontzertu guztiak Viktoria Eugenian izango dira, 20:00etan —salbu eta igandekoa, 19:00etan hasiko baita—.
Bihartik larunbatera bitartean, berriz, lau pianistak Beethovenen hainbat lan joko dituzte. Bihar, Juan Carlos Fernandez-Nieto ariko da antzokiko oholtzan; etzi, Nikos Stavlas; ostiralean, Judith Jauregi, eta, larunbatean, azkenik, Josu Okiñena. Horietako bakoitzak konpositorearen hiruna sonata interpretatuko ditu.
Hasieran aurreikusita zegoen programazioari helduko dio zikloak urrian.
Beethovenen obra ekarriko dute gogora Donostian
Konpositorearen hamabi sonata eta harirako zenbait lan interpretatuko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu