Ostiralean amaituko da Donostiako Musika Hamabostaldiaren 84. aldia, Bremengo Kamera Filarmonikoak Omer Meir Wellber zuzendariaren gidaritzapean emango duen kontzertuarekin. Orkestrak Andra Mari abesbatza izango du oholtzan lagun, bai eta lau ahots bakarlari ere. 20:00etan hasiko da kontzertua, Donostiako Kursaal auditoriumean.
Bi zatitan banatuko dute kontzertua. Lehenengo zatian, Beethovenek konposatutako bederatzi sinfonietan lehenengoa joko dute. 1800. urtean estreinatu zen sinfonia hori, Vienan. Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariak azaldu duenez, Haydnen eta Mozarten musikak eragin handia izan zuen Beethovenen sinfonia horretan.
Joseph Haydnen Nelson meza —berez, Misa in Agustiis izena duena— da orkestrak kontzertuaren bigarren zatian joko duen obra. Andra Mari abesbatzarekin batera interpretatuko du sinfonia hori. Andoni Sierra, abesbatzako zuzendaria: «Nire meza gustukoena da: aparteko osotasuna du». Alfayaren hitzetan, Frantziako Iraultzaren ondorioz «Europan nagusi zen garai nahasiari» egiten dio erreferentzia meza horrek. Horregatik du, hain zuzen, Misa in Angustiis berezko izena. 1800. urtean jarri zioten obrari Nelson Messe izena; hain justu, Horatio Nelson almirantea, Aboukirreko batailan frantsesak garaitu eta Esterhazy printzeari bisita egin zionean, bere omenezko Meza in Angustiis-en interpretazioan izan zelako.
«Haydnen obretan gorena da hau». Bat dator harekin Sierra. Azaldu du «instrumentazio berezia» duela obrak. Izan ere, harizko tresnekin, tronpetekin, tinbalekin eta organo batekin osatuta dago. «Melodia gogorra dauka. Instrumentuek kolorea ematen diote doinuari; aberastu egiten dute. Entzuleen arreta berehala harrapatzen duten obra horietakoa da, zalantzarik gabe. Tentsio handia du, hasieratik bukaerara, eta uste dut publikoak gustu handiz adituko duela». Lau bakarlarik ere parte hartuko dute bigarren zatian: Heidi Stober sopranoak, Rachel Frenkel mezzosopranoak, Martin Mitterrutzner tenorrak eta Stefan Cerny baxuak.
Wellber, bigarren aldiz
Aurtengo Musika Hamabostaldian bigarren aldiz igoko dira Kursaal auditoriumeko oholtzara Bremengo Kamera Filarmonikoko musikariak eta Omer Meir Wellber zuzendaria. Izan ere, atzo ere kontzertua eman zuten leku berean. Hiru pieza interpretatu zituzten atzo, guztira: Mozartek konposatutako biolinerako bosgarren kontzertua, Hilary Hahn biolin jotzailearekin; Mozarten lehenengo sinfonia, 8 urte baino ez zituela sortutakoa; eta Franz Schuberten bigarren sinfonia.
Mozartek eta Schubertek oso gazterik konposatu zituzten sinfonia horiek, eta Beethovenek ere gazterik sortu zuen orkestrak ostiralean interpretatuko duen sinfonia, lehenengoa. Wellber: «Gutxitan interpretatu diren obrak erakutsi nahi genituen, konpositore gazteek egindakoak. Interesgarria iruditzen zitzaigun lau artista handi oholtza berean aditzea».
Beethovenen eta Haydnen doinuek itxiko dute 84. Musika Hamabostaldia
Bremengo Kamera Filarmonikoak emango du aurtengo Musika Hamabostaldiko azken kontzertua, etzi, Donostiako Kursaal auditoriumean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu