Missa Solemnis San Petersburgon (Errusia) estreinatu zuten duela berrehun urte, eta Ludwig van Beethovenen lanik zailena dela irizten diote. Rodolfo Austriakoa artxidukearentzat konposatutako obra honek garrantzi erlijioso eta pertsonal handia izan zuen konpositorearentzat, eta garai hartan izan zituen barne gatazken isla da. Musika Hamabostaldiko oholtzan 2003an interpretatu zen azkenekoz, eta bihar itzuliko da: 20:00etan izango da, Donostiako Kursaalean.
Urtero legez, Musika Hamabostaldiak obra handien interpretazioa sustatuko du aurten ere. Izan ere, kontzertu sinfoniko-koralen barruan, euskal abesbatza handien eta jaialdira datozen atzerriko orkestren arteko lankidetza erraztea dute xede halako emanaldiek. Euskadiko Orkestrak eta Donostiako Orfeoiak Jeremie Rhorerren zuzendaritzapean interpretatuko dute obra. Jose Antonio Sainze abesbatzaren zuzendariak azaldu duenez, Beethovenek etorkizuneko instrumentu berrietarako sortu zituen partiturak, baina ez abesbatzentzat. Hori dela eta, aitortu du obra hau taularatzea «erronka handia» izan dela.
Bere bizitzaren eta konposizio bidearen bukaeran eta jada gor zegoenean ekin zion Beethovenek Missa Solemnis obra idazteari. Meza nagusi bat da, une berezietarako edo jai garrantzitsuetarako aproposa. Kristautasunaren inguruko erreferentziaz josita dago pieza, eta gizakia «Jainkorik gabe» nola bizi den azaltzen du. «Nahiko enigmatikoa da lan hau, eta gizakiok hil aurretik izaten dugun azken desio bati buruz hitz egiten du», adierazi du Jeremie Rhorer obraren zuzendariak.
«Gizakiok hil aurretik izaten dugun azken desio bati buruz hitz egiten du 'Missa Solemnis' obrak»
JEREMIE RHORER'Missa Solemnis' obraren zuzendaria
Orkestra eta Orfeoia batera
Bai Euskadiko Orkestra eta bai Donostiako Orfeoia Musika Hamabostaldiko aldi guztietan izan dira. Aurten, orkestrak Carmen operan parte hartu du, eta kontzertu bat eman du Senperen (Lapurdi), Musika Aitzakia zikloan. Donostiako Orfeoiak, berriz, hau izango du aurtengo lehen emanaldia. Bi konpainiak hamaika aldiz izan dira lankide, eta Musika Hamabostaldiko urrezko dominarekin ere sarituak izan dira: Euskadiko Orkestra 2013an eta Donostiako Orfeoia 1997an.
Haiekin izango dira, gainera, nazioarteko lau ahots bakarlari. Hanno Mueller Brachmann baxuak adierazi du «ohore handia» dela Missa Solemnis Musika Hamabostaldian jotzea. «Napoleonen garaiko partiturak dira Beethovenenak; hain justu, Donostian hilobiratuta dauden frantsesen eta britainiarren garaikoak. Ederra da ikustea gaur egun musika dela noizbait gerran aritu ziren herrialde horien komunikazio bidea». Harekin izango dira Chen Reiss sopranoa, Victoria Karkatxeva mezzosopranoa eta Maximilian Schmitt tenorra. Guztiek adierazi dute «txundigarria» dela obra hau profesionalak ez diren abeslariek abestea.