Bederatziak arte itxita

Donostia Kutxa Kultur jaialdiak Igeldora igo ditu ostiralean Berri Txarrak eta Bloc Party, besteak beste. Estilo ugariko taldeak izan dira lehen egunean

Lau agertokietako bat, Donostiara begira GORKA RUBIO / ARP.
Igeldo
2016ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Espainiako Vueltak ez du asko aztoratu Kutxa Kultur jaialdira doazenen ostirala. Igeldora igotzeko lehenengo autobusa berrogei minutu berandu iritsi da, baina lehen ordutik parkean egoteko aukera ez dute galdu geltokian zain zeudenek. Askotan egin izan du euria jaialdi honetan, baina egun beroa da, eta jendeak eskertu du autobuseko aire girotua.

Gutxi dira, hala ere, Igeldora garaiz iritsi direnak jaialdiko lehen egunean. Janari postuak eta edariak eskatzeko barrak oraindik prestatzen ari dira, eta langileetako batek komunera joan izan nahi du, baina oraindik ez dituzte ireki. Argazkilariak, aldiz, lan eta lan ari dira dagoeneko; Amor de Tokyo taldekoak izan dira jotzen lehenak, eta haien irudiak hartu dituzte. Lehenengo kontzertua amaitzear, oraindik gauzak prestatzen ari dira antolakuntzakoak, eta barra batean, gainera, «Bederatziak arte itxita» dioen kartela ikus daiteke. Baina musikak aurrera jarraitu du eta Señores-ek ondo ospatu du Carlos bateria jotzailearen urtebetetzea. Taldeak eskerrak eman dizkie hain goiz bildu diren guztiei, arratsaldeko ordu beroetan, eta topa egin dute «gauza txikiekin gozatzen dutenen izenean», itsasoa aurrean dutela. Pato agertokian jo behar zuen taldeak, urmaelean, baina agertokia lekuz aldatu dute, eta urarekin izan beharrean, musikariak eta publikoa izerdiarekin busti dira eguzki izpien azpian.

Beste artista mota bat ere egon da kontzertu horretan; margolanak jarri dituzte hesietan eta Pato agertokiaren atzean. Obra bat margotzen ere hasi dira musikariak oholtza gainean dauden bitartean. Paoletta Balmelli da artista horietako bat, eta, hark azaldu duenez, antolatzaileek artea gehitu nahi izan diote jaialdiari, eta horregatik daude Igeldon erakusketa bat sortzen. Balmelliz gain, Ibon Gurrutxaga, Omar Clave, Gato Urbistondo eta Enrique Sancho Pereg ere Kutxa Kultur arte diziplina gehiagoz hornitzeko lanetan ari dira.

Señores-en gertutasuna ez du azaldu L.A.-k. Abeslaria Mallorcakoa izan arren, ingelesez hitz egin die kontzertura joan direnei, eta, abanikoaz abesten ari ziren neska batzuk salbu, nahiko hotz utzi ditu besteak; ez da jende asko bildu, eta bertan daudenak ere hizketan aritu dira. Luma-k, aldiz, arrakasta handia izan du; oholtza gainean bi bakarrik dira, baina jende ugari bildu da jaialdiko agertoki txikienaren aurrean. Energia asko erabili du bikoteak kontzertuan, eta zale batzuk irabazi dituzte: Ainhoa Zaraguetak, adibidez, taldea ez zuen ezagutzen, eta «errebelazio» bat direla azaldu du.

Iluntzean, jaialdi zaleek atseden txiki bat hartu dute, eta Igeldo parkeko atrakzioetan ibili dira; arrakasta handia dute autotxokeek, jendeak korrika batean hartzen ditu horietan ibili ahal izateko. Sakelakoan Pokemon Go jokoan jolasten ibili direnak ere izan dira, parkeak dituen bi gimnasioetan. Bitartean, agertoki nagusitik beherantz doaz beste batzuk afariaren bila, baina Local Natives-en doinuek harrapatuta bertan geratu dira. Berri Txarrak ikustera bildu direnak, ordea, nahiago dute ordu horretan afaldu; talde nafarraren kamisetak jantzita daramatzatenak txoko batean eserita entzuten dute Local Natives, eta kontzerturako indarra biltzen dute.

Orain ikasten

Teknikoek agertoki nagusia prestatzen duten bitartean, jendez gainezka dago jada, eta Berri Txarrak-en zain daude denak. Taldekoak bat-batean agertu dira oholtzan, eta inolako agurrik gabe, hasiera irmoa eman diote kontzertuari. Bateria jotzaileak Refugees welcome dioen kamiseta bat du jantzia, eta oholtzan ere txarrantxa duen hesia jarri dute.

Nafarren kontzertu batean orekak ez du balio; jendea saltoka dabil hasieratik, eta garagardoak lurrera erortzen dira. Azken diskoko abesti bat jo dute, eta lehenengoetariko bat ondoren, Ikasten; norbaitek eskertuko duela esan du Gorka Urbizuk, eta publikoak eskertu du. Abesti zaharrekin gozatu du jendeak, baina berriekin ere oihuka eta saltoka ibili dira. Dantza saio bat ere eskaini du taldeak Lemak, aingurak abestiarekin, eta gaueko giro freskoa arratsaldeko giro berora ekarri du berriz Berri Txarrak-ek.

Kontzertua amaitu eta zale asko Igeldotik jaitsi dira, baina beste askok Bloc Party ikusi nahi dute. Talde hori ikusteko «aukera gutxi egoten dira», eta Garikoitz Rivera horregatik geratu da jolas parkean. Oholtza gainean agertu direnean, publikoan norbaitek oihukatu du: «hauek Bloc Party dira!». Baina Kele Okerekerenak, publikoaren hoztasuna ikusita, kontzertu motza eskaini dute, eta segidan iragarri dute azken abestia, ospetsuenak jo ondoren, eta jendeak ere ez du «beste bat» eskatu.

Bloc Party ostean, jendeak autobusa hartu eta Gasteszenara joan da, bertan jarraituko baitu jaiak. Bost urte bete ditu jaialdiak, eta askorentzat uda bukatu aurretiko ekitaldia da dagoeneko, eta argi dago jendeak, hurrengo urteari begira, beste bat eskatuko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.