Bederatzi urrats dituen zikloa

Sortze prozesuaren ikuspegi propioa aurkeztu du Pello Añorgak EHUko Udako Ikastaroetan

Donostia
2009ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Ipuina ere sormenaren ondorio da, fikzioko kontakizun laburra. Hala dio hiztegiak. Ordea, ipuina kontatu ahala ere sortu edo osa daiteke. Kontalariaren «beharra» da hori. Zenbakiak, pertsonaia mitologikoak eta usadioa. Elementu interesgarriak dira sorkuntzaren ikuspegi berri bat ezagutzeko. Pello Añorga ipuin kontalariak hasiera eta bukaera duen hitzaldia eskaini du Donostiako Miramar jauregian, EHUko Udako Ikastaroen barruan. Hain zuzen ere, Sormen gaitasuna kitzikatuz: sormena lantzeko bideak ikastaldiaren hirugarren eta azken eguneko hizlarietako bat izatea egokitu zaio. Era propioan, sortzeko prozesuaren xehetasunak azaldu ditu. Horretarako, lehenik aretora bildutakoen arreta irabazi du, ipuina kontatzen hasterakoan «egin behar den» bezala.

«Biluzik» agertu da, bere jarduna aurrera eramateko gida zehatzik gabe. Sorgin eta aztien artera egin du sormenaren hastapena deskribatzeko. «Sorgin hitza sor eta eginetik dator. Azti, berriz, haztearekin du lotura». Hain justu, sorginen dohainak aipatu ditu sormena nolakoa izan behar duen azaltzeko. «Materia entzun egin behar da sortzeko, horrela egiten zuten sorginek. Esate baterako, eskultoreek egurra edo haitza entzun behar dute, ondo sortzeko, bestela materia birrindu egiten da». Entzutearen garrantzia izan du hizpide, baina baita erantzutearena ere. «Erantzuteko entzun egin behar duzu». Sorginek duten beste ezaugarrietako bat «so egitea» da, Añorgaren arabera. «So egiteak begiradarekin du lotura. Begiradaren bitartez gure konfiantza erakutsi behar dugu».

Ipuin kontalarien unibertsoak asko du fikziotik, baina badu lotura eguneroko bizitza errealarekin. Ipuin bat kontatzerakoan izan beharreko jarrera askotarikoa da, Añorgaren ustez. Halaber, jarrera horien erabilera egokia da «edozeinentzat» komunikatzeko. «Jarrera nagusia konfiantza izatea da, gizarte honetan beldurtuta bizi gara eta». Horri aurre egiteko, zenbat eta umore gehiago izan komunikazioa hobea da.

Kontalariak ere «egoten» jakin behar du. Ipuin bat kontatzeko garaian, zauden lekura egokitu behar zarela aitortu du Añorgak. Egon ez ezik, ingurua eta inguruan daudenak zaintzea «ezinbestekoa» da. «Zu eroso egon behar zara, baina baita entzuleak ere». Gainera, kontalariak argi izan behar du kontatzen ari denean jendea entzuten ari dela. «Entzumenaren estetika eta isiltasuna landu behar dira. Azken batean, kontalariak egokitu egin beharko du bere jarduna entzuleen arabera». Batzuetan ez da erraza izango, baina kontalariak «ez du etsi behar&raquo .

Sortzearen ibilbidea

Bederatzi zenbakia sarritan aipatu du Añorgak. «Bederatzi hilabete behar ditugu jaiotzeko. Denbora bera behar du urritzak urra emateko». Horrela, sortze prozesuaren ibilbidea bederatzi urratsetan eta hiru urtarotan banatu du. Neguan hasten da sormena. «Lehenbizi, sormenaren bila hasten zara. Zergatik hasi nintzen ipuinak kontatzen? Behar nuelako. Artistak beharra du sortzeko. Baina behar egiteko gogoa duzu behartsua zarelako». Norberaren «hutsuneak edo zauriak» sendatzeko hasten da artista bilatzen. Bigarren urratsean arrastoak topatzen dira, Añorgaren arabera. «Ibilian aztarrika hasten zara altxorraren bila. Bidaiatuz, mugituz eta gauzak ezagutuz lortu ahal duzu».Neguko hirugarren eta azken pausoa, berriz, ikusmena dela esan du. «Arrastoak topatu ondotik, bilatzen zenuena aurkitu duzu. Ikusi duzu nahi duzuna. Badakit zein bide hartu aurrera egiteko». Berak ipuin kontalariarena hartu zuen.

Negua badoa eta badator udaberria. Urtaro berriarekin beste hiru pauso daude. «Ehiza da laugarrena. Hemen hasten da benetako lanketa». Kontalariak erabakiak hartzen ditu, eta ikusmena lantzen hasten da. «Ipuinak nola hasi eta bukatu erabakiko duzu, besteak beste». Bosgarrena, berriz, heziketa da. «Jende aurrean trebatzeko garaia da. Ipuinak kontatu behar dituzu etengabe berritzeko». Halako batean, aurretik egindako lanarekin bat egiten da. «Seigarrena da, ipuinarekin batera joatea. Istorioaren zaldia nora, zu hara».

Pixkanaka udazkena ere iristen da, sortutakoa «herriratzeko» momentua. «Zazpigarrenean, zure obra erakusgai jarriko da. Arteak gizartera salto egiten du, eta horrela, zurea zen obra orain herriarena da». Kontatutako ipuinak bere balio propioa hartzen du, eta sortzailea atzean uzten du. «Zortzigarrena ferratzea da. Behin ferratuta zaldia badoa». Bereziki, azken urratsari eman dio garrantzia Añorgak. «Bukaeran artistak obra galdu egiten du. Gabetzea da helmuga. Behin zure obra askatu duzunean berriz ere beharrean hasiko zara, behartsua zarelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.