Bi urtez behin antolatzen dute Bergarako Udalak eta Taun Taun Teatroak Bergarako Helduentzako Nazioarteko Txotxongiloen Mostra, eta, Itsaso Azkarate Taun Tauneko kidearen esanetan, erronka bat izaten dute: kalitateari eustea. «Izan ere, gurera jende kritikoa etorri ohi da, eta, jende hori kalitatera ohitu dugunez, bada, zaila izaten da hori mantentzea...». Lortzen dutela pentsatzen du, ordea.
XII. jaialdia bihartik igandera egingo da, eta bederatzi ikuskizun antzeztuko dituzte. «Publiko guztientzat dira, eta hainbat joera jorratzen dituzte», nabarmendu zuen atzo Leire Iruin udaleko Kultura zinegotziak, Donostian egindako aurkezpen ekitaldian. Euskal Herriko, Kataluniako, Espainiako, Italiako eta Greziako zortzi konpainiak parte hartuko dute. Piezetako bost kalean izango dira; hiru, Zabalotegi aretoan, eta bat, gaztetxean.
Espainiako MG Produduccionesen Granujas a todo ritmo lanak irekiko du mostra, bihar, 19:00etatik aurrera. Jack eta Elwood txotxongilo erraldoiak herriko kaleetan zehar ibiliko dira rhythm and blues doinuak dantzatuz. Italiako Dromosofista konpainiaren txanda izango da etzi, Seminarioko Karpan (19:00). El cubo libre haien lanak zuzeneko musikaren eta transformismoaren arteko kaosa erakusten du —Europako 50 jaialditan baino gehiagotan erakutsi dute—. Egun berean, Zabalotegin, mostrako proposamen «gordinena» antzeztuko du Merlin Puppet Theatre Greziako taldeak, Azkarateren arabera (20:00). Clown's Houses-ek islatzen du bost solairuko eraikin batean bizi diren sei pertsonaia groteskoren eta tragikomikoren bizitza. «Heriotzari eduki beharrean, bizitzari diote beldurra». Gaztetxean, 22:30ean, Historieta de un abrazo taularatuko dute Dromosofistakoek. «Objektuen antzerkiaren inbentarioa da ikuskizuna». Lan onenaren saria lortu zuen Ganten (Belgika) egiten den objektuen antzerkiaren nazioarteko jaialdian.
Euskarazko pieza bakarra Kontakatilluren Katilukada da. Seminarioan emango dute, larunbatean, eta Katillu bertsolari ohiari buruzko istorioa da (13:00). «Maitasun itsuari egindako omenaldia» da Zabalotegin antzeztuko duten Zero en Conductaren (Valentzia, Mexiko, Italia) Allegro ma non troppo (20:00). Larunbata ixteko, Borja Ytuquepintasek hainbat girotara eramango du ikuslea Sueños de arena-rekin. Lan soila antzeztuko du, San Martin plazan (22:30).
Eta azken egunean Lana testurik gabeko pieza aurkeztuko du Pez Limbok (Euskal Herria), Seminarioan (19:00). «Testurik gabekoa da, eta akzioak, irudiak eta soinu-espazioa baliatzen ditu atmosfera bereziak sortzeko», nabarmendu zuen Azkaratek. Guillem Albaren (Herrialde Katalanak) Trau-k itxiko du mostra, Zabalotegin, ikuskizun umorezkoa eta absurdoa eskainiz.
Txotxongiloak Igandero
SGAE fundazioak antolatuta, bosgarrenez egingo dute Txotxongiloak Igandero ekitaldia, Bilboko Campos antzokian, azaroaren 2tik urtarrilaren 4ra arte. Bederatzi taldek parte hartuko dute, eta horietako hiru Euskal Herrikoak dira.
Bederatzi ikuskizun antzeztuko dira Bergarako Txotxongiloen Mostran
Euskal Herri, Katalunia, Espainia, Grezia eta Italiakoak dira taldeak.Bihartik igandera egingo da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu