Horizontes saria eskuratzeko bederatzi film ariko dira lehian Donostiako 68. Zinemaldian. Argentina, Brasil, Txile, Kolonbia eta Mexikotik ailegatuko dira filmak, eta horietatik bi estreinakoz ikusi ahal izango dira. Beste bi ekoizpen Zinemaldiko industriaren jardueretan sortutako proiektuak dira. Askotariko gaiak lantzen dituzte filmek: XIX. mendearen amaierako Brasilgo esklabotzaren egoera, maitasun istorioren bat eta Mexikoko oihaneko kondaira bat, besteak beste. Horizontes sariaz gain, zinemagileek zuzendutako lehen edo bigarren filmek TCM saria lor dezakete.
Mamá, mamá, mamá filmarekin dator Sol Berruezo Pichón-Rivière (Buenos Aires, 1996). Bere lehen filma du, eta Nazioarteko Epaimahaiaren Aipamen Berezia lortu du Berlingo zinema jaialdiko Generation sailean. Cleo izeneko neska du protagonista obrak, eta ahizparen heriotzari egin beharko dio aurre. Caetano Gotardo (Vila Velha, Brasil, 1981) eta Marco Dutra ere (Sao Paulo, Brasil, 1980) Berlinen izan dira, Todos os mortos filmarekin. Elkarrekin idatzi eta zuzendu dute XIX. mende amaieran Brasilgo esklabotzari buruzko istorioa.
Natalia Menaren (Buenos Aires, 1974) El prófugo ere erakutsiko du jaialdiak. Filmen bikoizketa lanetan aritzen den eta gertakari traumatiko bat pairatu duen abeslari baten istorioa kontatzen du. Lehenago, ekoizle gisa izan daDonostian Mena: 2011n, Las Acacias filmarekin; eta 2017an, Zama-rekin. Carolina Moscosok, berriz (Santiago, 1986) , Visión Nocturna aurkeztuko du: bortxaketari buruzko hausnarketa bategiten duen ez-fikziozko lana da, eta Marseillako zinema jaialdian Nazioarteko Lehiaketako Film Onenaren Sari Nagusia irabazi du.
Las mil y una da Clarisa Navasen bigarren filma. Proiektua Zinemaldiko Koprodukzio Foroan sortu zen 2018an, eta Horizontes Latinos sailean erakutsiko du aurten. Jeonjuko zinema jaialdiansaria jaso du lanak, eta neska gazte baten lehen maitasun istorioaren gorabeherak kontatzen ditu. Yulene Olaizolaren (Mexiko Hiria, 1983) Selva Trágica-k bestelako gai bat du hizpide: Mexikoko oihanean sortutako antzinako kondaira bat, hain zuzen. 2008an, Intimidades de Shakespeare y Victor Hugo filmarekin aipamen berezia lortu zuen sail horretan.
Fernanda Veladezen (Guanajuato, Mexiko, 1981) lehen film luzea ere ikusteko parada izango da. Sin señas particulares du izenburua, eta Zinema Eraikitzen Industria Saria jaso zuen iaz proiektu horrekin Zinemaldian. Sundance zinema jaialdian ere saritu dute. Magdalena izeneko emakume baten bidaia kontatzen du filmak, Ameriketako Estatu Batuetako mugara joango dena desagertutako semearen bila.
Nazioarteko bi estreinaldi
Leonardo Medelek (Concepcion, Txile, 1983) La Verónica bere bigarren film luzea aurkeztuko du. Zinemaldian izango da filmaren estreinaldia, eta Mariana di Girolamo aktorea du protagonista. Iaz ere Zinemaldian izan zen di Girolamo, Pablo Larrainen Eva aurkezten, Perlak sailean. Sare sozialetan oso ezaguna den modelo baten bizitza kontatzen du obrak.
Nazioarteko estreinaldia izango da Edición limitada-rena ere. Virginia Cosinen (Caracas, 1973), Edgardo Cozarinskyren (Buenos Aires, 1939), Santiago Lozaren (Cordoba, Argentina, 1971) eta Romina Paularen (Buenos Aires, 1979) elkarlana da. Azken horrek Horizontes saria irabazi zuen iaz De nuevo otra vez lanarekin, eta gainontzekoak ere jaialdiko hainbat sailetan aritutakoak dira. Idazketaz, irakurketaz, belaunaldien talkaz eta sormen prozesuaz gogoeta egiten du filmak.
Bederatzi ekoizpen izango dira lehian Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean
Argentina, Brasil, Txile, Kolonbia eta Mexikotik iritsiko dira filmak. 'La Verónica' eta 'Edición limitada' munduan estreinakoz emango dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu