Aurrekontu murrizketak zirela eta, XVI. Aita Donostia Aste Musikala hiruzpalau egunekoa egitea pentsatu zuten hasiera batean arduradunek. Beti eskaini dituzte doako saioak; aurten, ordea, sarrera borondate truk jartzea erabaki dute, eta hortik jasotako dirua Caritas irabazi asmorik gabeko erakundeari ematea. Hainbat koral abeslari eta koruri asmoa adierazita, ordea, «bederatzi eguneko astea» osatzea lortu dute, Jaime Tejadas Gaztedi koralaren zuzendariak azaldu duenez. Ekitaldi bana izango da egunero bihartik ekainaren 16ra bitartean, fraide kaputxinoek Donostiako Okendo kalean daukaten egoitzan.
Musikalisen kontzertua izango da larunbatean, Javier Alberdi Aita Donostia Astearen zuzendariak adierazi duenez: «Donostiako jesuiten eskolan sortutako taldea da, oso jende gaztez osatua». Joseph Haydenen musika interpretatuko dute lehen zatian: «Bigarrenean oso musika garaikidea interpretatuko dute: Amy Winehouse, Michael Jackson, Police...».
Errenteriako Landarbaso abesbatza igandean ariko da: «Oso programa anitza izango dute», Alberdiren arabera. Astelehenean Mariaren Bihotza abesbatzak kantatuko du, eta haurren abesbatza ekarriko dute beraiekin.
Santa Cecilia koralaren kontzertua izango da asteartean: «Zaharrena ez bada, Donostiako koralik zaharrenetarikoa da hau», nabarmendu du Alberdik. Bi abeslari ariko dira hurrengo egunean: Debora Herrero sopranoa eta Iñigo Vilas tenorra. Arantxa Gastesi piano jotzailea ere ariko da, eta Aita Donostiaren lau pieza programatu dituzte, beste hainbatez gain.
Aita Donostia koralaren txanda izango da ekainaren 13an. Nicolas Ledesma XIX. mendeko konpositorearen piezak abestuko dituzte lehen zatian, eta euskal kantautoreenak bigarrenean. Xabier Lete, Benito Lertxundi eta Mikel Laboaren piezak abestuko dituzte, besteak beste.
Orfeoi Gaztek emango du kontzertua ekainaren 14ean, eta Karl Jenkins, Gabriel Faure eta Pau Casalsen piezak interpretatuko ditu. Aldapeta koralak Gioachino Rossiniren Petit Messe Solennelle abestuko du ekainaren 15ean: «Meza txikia obraren izena gora-behera, Rossiniren lanik adierazgarrienetarikoa da», nabarmendu du Alberdik. Bakarlari laukotea ariko da, koruaz gain. Ainhoa Franco sopranoaren errezitaldiak emango dio amaiera 16ean Aita Donostia Aste Musikalari, eta Iker Nausia oboe jotzaileak eta Fernando Gonzalo piano jotzaileak lagunduko diote. Programa «oso osatua» interpretatuko du Francok, Alberdiren arabera.
Bederatzi eguneko Aita Donostia Aste Musikala izango da
XVI. aldian, ekitaldien sarrera borondatearen truke izango da, eta arduradunek Caritasi emango diote diru hori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu