Festa bat izango zela esan zuten, eta festa bat izan da. Handietako bat, gainera. Hogei urte bete ditu ETS taldeak aurten, eta hiru kontzertu erraldoiko itxiera festa bat antolatu du egunotan. Itxiera ez da erabatekoa izango, ordea. Aurreko larunbateko kontzertuarekin hasi, bart gauekoarekin jarraitu eta gaur egun osorako antolatutako programarekin amaitutakoan, hiru egunez betea izango du Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazokako kontzertu gunea, guztira 45.000 pertsona batuta. Areago. Baita 45.000 pertsona horiek kantuan eta dantzan jarrita ere. Hiru kontzertu horien osterako etenaldi bat hartzeko asmoa azaldu zuten taldekideek, baina beste emanaldi erraldoi bat egiteko asmoa iragarri dute orain. Bart gaueko kontzertuan egin dute iragarpena. Madrilgo Movistar Arenan izango da saioa, 2026ko apirilaren 25ean. Astelehen honetan hasiko dira aurresalmentak, eta asteazken honetan salmenta orokorra. 16.000 pertsona bildu nahi dituzte han. Bihotzen konkista deitu dute emanaldia, eta «erronka kolektiboa» izango dela esan. «Urtebete barru bueltan izango gara, Madril betetzeko zuekin». Iñigo Etxezarreta ETSko abeslariak egin du iragarpena bart gaueko kontzertuan. «Badakigu ez dela erraza izango: orain arte ez du inoiz inork egin, baina badakigu lortu dezakegula zuekin batera».
«Gora gure herriko jaiak!». Hamar minutuko atzerako kontaketa baten ostean, iluntasunean, aldarri hori entzun da bozgorailuetatik En Tol Sarmientoren bart gaueko kontzertuaren hasieran. Suziri bat jaurti dute gero, musika banda bat azaldu da ondoren, eta haien ostean azaldu dira ETSkoak oholtzan, kontzertua taldearen kantarik ezagun eta bizienetako batekin hasteko, Aukera berriak kantarekin hain zuzen ere, jaia hasiera-hasieratik leherraraziz. Segidan, errepertorioko beste kanta dantzagarri eta kantagarrienetako bat jo dute etenik ere egin gabe: Egingo dugu eztanda. Eta orduan pabiloi osoa jarri dute, oso-osoa, kantuan eta jauzika. Kantuan, ia kantariaren ahotsaren gainetik jartzeraino. Eta jauzika, harmailak dardara batean jartzeraino.
«Urtebete barru bueltan izango gara, Madril betetzeko zuekin. Badakigu ez dela erraza izango: orain arte ez du inoiz inork egin, baina badakigu lortu dezakegula zuekin batera»
IÑIGO ETXEZARRETAETSko abeslaria
Hasiera horren ondoren bi ordu eta erdiko emanaldia eskaini du taldeak. Kanta propioez gainera, tarteka bertsio batzuk ere jo dituzte, eta herri festei egindako keinuak ere tartekatu dituzte. Kolaborazio zerrenda luze eta esanguratsua ere izan dute kontzertuan. Besteak beste, bertan izan dira Pello Reparaz abeslaria, Betagarri taldeko Iñaki Ortiz de Villalba abeslaria, Dupla bikotea, Huntza taldeko Uxue Amonarriz eta Josune Arakistain, Idoia Asurmendi abeslaria, Guillem Solé i Pascual Buhos talde kataluniarreko abeslaria, Joselu Anayak taldeko kideak, Pirata saxofoi jotzailea, Green Valley taldeko Ander Valverde kantaria eta Jon Maia eta Maddalen Arzallus bertsolariak.
Hildako anaia gogoan
Taldearen hogei urteko ibilbideari errepasoa eman diote musikarik, eta Betagarriren, Zetak-en, Doctor Deseoren, Berri Txarrak-en, Huntzaren, Oskorriren, Gontzal Mendibilen eta Joselu Anayak taldearen kantak ere eskaini dituzte. Maiz, talde horietako kideek lagunduta. Taldearen sorterriari ere keinu bat baino gehiago ere egin diote. Iekorako (Arabako Errioxa) dantza taldeak oholtza osoa hartuz eskainitako pieza izan da horren adibiderik argiena.

Momentu energetikoez gainera, izan dira pasarte bareagoak ere. Asurmendik publiko artean oinez zebilen bitartean a cappella abestutako Araban bagare abestiarena izan da une horietako bat. Eta justu segidan kantatutako bi abestietan ere eutsi diote baretasun horri. Oholtza nagusitik aparte, oholtza txikiago batean aritu dira bi musikariak elkarrekin. Asurmendi pianoan eta abesten, eta Etxezarreta kantuan eta gitarra akustikoarekin.
Publikoari isiltasuna eskatu, eta inguruko lagunen suizidioez eta osasun mentalaz aritzeko baliatu du unea ETSko abeslariak. Oier izeneko lagunari eskaini dio Zaindu nazazu abestia, eta tonu intimistan interpretatu dute Asurmendik eta Etxezarretak. Publikoak isiltasun betea errespetatu du, baina, arazo teknikoren baten ondorioz, saio osoko irristaldi bakar horrek ez die artistei aukerarik utzi kantua nahi bezala eskaintzeko. Eta justu pieza horren ondoren duela 22 urte hil zitzaion anaiari eskain dio Aurkitu genituen abestia Etxezarretak. Gitarrarekin eta bakarka eskaini du abestia artistak, eta, jo bitartean, oholtza handira itzuli da, bi dantzari lirikoren laguntzarekin, berehala berriz ere festa girora itzultzeko.
Kontzertua baino gehiago
Kontzertua ez ezik, ikus-entzunezko emanaldia ere izan da En Tol Sarmientorena, eta Etxezarretaren figura gailendu da ia emanaldi osoan. Hari jarraitu diote kamerek, eta haren bizipenek gidatu dute saioa. Argi eta proiekzio jolas zainduak ere izan dituzte, eta publikoari kantatzeaz gainera, taldekideekin batera etengabe oholtzan izan den kamerari begira ere kantuan aritu zaio maiz Etxezarreta. Tarteka, adibidez, gitarra soloen lehen-lehen planoak ere ikusi ahal izan dira pantailetan, bai eta plano erabat zenitalak ere. Mugimendu bakoitza ikasita eta zehatz taularatuta aritu dira une oro musikariak.
«Ez dizuet gezurrik esango: aurten nire bizitzako urterik zailenetakoa izan da. Mobida honen prestakuntzak ia irentsi nau. Baina gaur zuen aurpegiekin geratzen naiz»
IÑIGO ETXEZARRETAETSko abeslaria
Eta kontzertua prestatzeak eragindako nekearen berri ere eman du Etxezarretak zuzenekoan. Ia negar malkotan eman dizkie eskerrak ikusleei, urte betez kontzertuaren zain egoteagatik, eta gero egin du aitortza. «Ez dizuet gezurrik esango. Aurten nire bizitzako urterik zailenetakoa izan da. Mobida honen prestakuntzak ia irentsi nau. Baina gaur zuen aurpegiekin geratzen naiz».
2005ean sortu, eta herriz herri eta festaz festa joan da ETS haziz. Hogeigarren urteurreneko kontzertuetan herriko festen giroa erreplikatzeko asmoa zutela iragarri zuten, horregatik. Eta hasiera-hasieratik asmatu dute emanaldietan giro hori sortzen. Ikusle guztiek zapi urdin bana jaso dute sarreran, esaterako, eta emanaldian ere behin baino gehiagotan dantzarazi dituzte.
Egun osoko programa
ETS oholtzara igo aurretik ere festa giroa izan da nagusi. Andoni Ollokiegiren kanta katramila bizi eta dibertigarriarekin lehenik, eta Gozategiren doinuekin ondoren. Taldea Korrika abestia jotzen hasi, eta hasiera-hasieratik aritu da BECeko publikoa kantuan eta dantzan. Herriko plazen berotasuna izan du pabiloiak. Nirekin, Nor nori nork, Porru patata, Kalanbreak eta beste hainbat kanta ez ezik, arin-arinak eta kalejirak ere jo dituzte, eta, harmailetan, ez zen urrun ibiliko munduko kalejira sokarik luzeenaren errekorra ere —ia-ia erabat emakumeek eta umeek osatuta—. Asier Gozategi kantariak hala azaldu du kontzertuan zuten egitekoa: «Eskatu digute zuen ahotsak eta gorputzak berotzeko gero datorren festarako». Eta enkargua ongi beteta amaitu dute kontzertua.

Gaurkoa izango da ETSren bira amaierako azken kontzertua. Eta, kasu honetan, egun osoko festa ere antolatu dute. 12:30ean irekiko dituzte BEC erakustazoka bigarren pabiloiko ateak, eta DJ Bullen saioak eta Puro Relajoren eta Joselu Anayak taldearen kontzertuak ez ezik, txupinazoa eta herri-kirol saioak ere egingo dituzte. 18:30ean amaituko da eguneko festa, eta, ondoren, zuzenean hasiko dira kontzertuak Bizkaia Arena gunean, eta aurreko saioen logika bera izango dute. Herriko festetan girotuta, Andoni Ollokiegi musikariaren eta Gozategi taldearen emanaldiekin, eta kolaboratzaile zerrenda esanguratsu batekin.
ETB telebista kateak eta Primeran plataformak zuzenean emango dute kontzertua. 21:30ean hasiko da emisioa.
Madrilgo kontzertua
Hurrengo urteko Madrilgo kontzertuaz ere jakinarazi dituzte datu batzuk. Musikariak ez ezik, emanaldira bertsolariak, abesbatzak, txarangak eta euskal dantza taldeak ere gonbidatuko dituzte Madrilgo kontzerturako. Eta, horrez gainera, kolaborazio bereziak izango direla ere aurreratu dute. Hedabideetara igorri duten oharrean zehaztu dutenez, kontzertu bat baino gehiago izango da emanaldi hori. «Erronka kolektibo bat» izango dela esan dute, zehazki, eta euskarazko musikak «mugak gainditu» eta «areto handiak bete» ditzakeela frogatzea da helburua.
Taldekideen hitzak ere badakartza testuak. «Sekulako erronka da, baina badakigu gure publikoak harrituta utziko gaituela, beti bezala».