Beatriz Txibite (Iruñea, 1991) asko ibili da munduan barrena, eta ezagun du. Bizitoki izan dituen herrialde eta hirietako erreferentziek izatea bera bezala blaitu diote idazkera ere, Oroi garen oro poema liburuko orrialdeetan agerikoa denez. Txibiterena, baina, ez da poema liburu ohikoa, Lander Majuelo Pamiela argitaletxeko editoreak zehatzago azaldu duenez: «Hasieran zalantza izan genuen liburua poesia bilduman sartu behar ote genuen, saiakera poetiko bat baita berez». Zalantzak zalantza, Pamiela Poesia bildumaren baitan eman da argitara Oroi garen oro.
Galdera unibertsal batek ardaztu du Txibiteren liburua: nola kondentsatu norberaren existentzia une bakar batean, eta zein litzatekeen hobetsiko litzatekeen une, emozio, sentipen, oroitzapen edo dena delako bakar hori. Hala, munduan barrena topatu dituen jendeei galdera bera pausatuz aritu da Txibite erantzunaren bila. Majueloren ustez, «Txibitek bildutako erantzunek osatzen duten konstelazioa edo mosaikoa gizateriaren irudi poetiko bat dira finean»; eta positibotasuna nabarmendu du: «Gaurko albistegiei izkin eginez, esperantzaren antzeko zerbait gailentzen da liburuan, jende xumearen artean batasunik badela uste izateko sentsazio bat».
«Gaurko albistegiei izkin eginez, esperantzaren antzeko zerbait gailentzen da liburuan, jende xumearen artean batasunik badela uste izateko sentsazio bat»
LANDER MAJUELO Pamiela argitaletxeko editorea
Liburuaren oinarria itauna izanagatik ere, poetaren ekarpena antzemateko modukoa dela esan du editoreak: «Galderak egitean edota galderen erantzunak ematean ikusi egiten da poetaren eskua».
Ume baten galdera abiapuntu
Oroi garen oro liburuaren muina duela 12 edo 13 urte sortu zela azaldu du Txibitek. Garai hartan, unibertsitateko ikasle zela, haurrak zaintzen aritzen zen asteburuetan, eta gau batean halaxe galdegin omen zion haurretako batek: «Bizitza bukatuko balitz, zer momentu edo zer oroitzapen gorde nahiko zenuke?».
Umea lokartu orduko, Nokia zaharra hartu, eta galdera hori bere lagunei pasatzen aritu omen zen mezu bidez. Baita zenbait erantzun jaso ere. Handik aurrera konstantea izan du gaiarekiko jakin-mina Txibitek: «Leku guztietako ezagun eta lagunei luzatu diet galdera». Hastapen hartatik hona, 300 erantzun inguru batu ditu, 52 herrialdetatik jasoak, baina denak ez ditu liburura ekarri: «Hautaketa prozesua luzea izan da, eta formatua aurkitzea ere ez da berehalakoa izan». Mezu asko audioz iritsi zitzaizkionez, transkripzioak egin zituen lehendabizi. Transkripzio horiei istorio motz bana erantsi zien gero, eta poesia formatura ere eraman zituen. Ez zen, ordea, gustura gelditzen, harik eta, duela bi urte, prosa poetikora jo zuen arte: «Forma hori gustatu egin zitzaidan, baina, halere, sentitzen nuen oroitzapenak bere horretan biluzik zeudela, eta testuinguru motz bat edo sarrera bat idatzi nion oroitzapen bakoitzari». Testuinguru bakoitzean, oroitzapenaren jabearekin duen lotura azaldu du Txibitek —kasu honetan, bere oroitzapen baten bidez—, eta prosa poetiko bakoitzaren aurrean paratu du.
«Prosa poetikoaren forma gustatu egin zitzaidan, baina, halere, sentitzen nuen oroitzapenak bere horretan biluzik zeudela, eta testuinguru motz bat edo sarrera bat idatzi nion oroitzapen bakoitzari»
BEATRIZ TXIBITE Poeta
Hortaz, bi ildo batu ditu liburuan: alde batera jendeak helarazi dizkion oroitzapenak leudeke, eta bigarren ildoa poetak liburura ekarri dituen lagunen gaineko oroitzapenek osatuko lukete.
Gaiei begira, gehienak «egunerokotasunean errotuta» daudela azaldu du egileak, eta, era berean, badirela «momentu zehatzak» deskribatzen dituztenak ere. Ezin esan, bestalde, denak alaiak direnik; bai, ordea, garrantzitsuak: «Batzuk bizitzaren funtsa islatzen dute nolabait, baita elkartzen gaituena ere. Gizaki guztiok partekatzen dugun zerbait bada lerroartean». 300 oroitzapenetatik galbahea pasatu ez dutenen kasuan, errepikapenak aipatu ditu, haur baten jaiotza eta gisako gai unibertsalak.
Liburuaz harago
Oroitzapenetatik abiatuta, proiektu zabalago bati heltzeko guraria azaldu du Txibitek: «Polita litzateke audioekin zerbait egitea, hizkuntza askotakoak baititut». Hain zuzen, orain arte jasotako 300 oroitzapenak 52 herrialdetatik batu ditu, eta aniztasun horren guztiaren isla ematearren, horren araberako hautaketa egin du liburuan, baina «exotismoari ihes eginez» betiere.