Literatura

Beatriz Sarlo eta pentsamenduaren zirrara

Ez ulertzearen akuiluaz, irakurketa kritikoaren beharraz, kultur ikasketez eta beste hainbat gairi buruz gogoeta egin du Sarlok 'Las dos torres' liburu argitaratu berrian.

Beatriz Sarlo idazle, irakasle eta pentsalaria, Brasilgo literatur jaialdi batean. TANIA REGO / AGENCIA BRASIL
Beatriz Sarlo idazle, irakasle eta pentsalaria, Brasilgo literatur jaialdi batean. TANIA REGO / AGENCIA BRASIL
2024ko maiatzaren 5a
05:15
Entzun

Beatriz Sarloren (Buenos Aires, 1942) azken argitalpena da Las dos torres: ¿Puede la cultura contemporánea pensar algo nuevo? (Siglo XXI, 2024), eta 1992tik 2018ra arte argitaratutako saiakeren bilduma egin du bertan. Neurri handi batean, Sarloren ibilbidearen kartografia irudikatzen dute. Haren pentsamenduan ohikoa den bezala, hark aipatzen dituen hiru b-ek eragin handia dute idatzitakoan: Benjamin, Borges eta Barthes. Liburuan dauden orrialde ederrenetarikoak Walter Benjaminen pentsamenduari buruzkoak dira. Argentinakoari dagokionez, aipagarria da Sarlok ez zuela Borges ezagutu; ikasle garaian erabaki zuen literatur arloan itzal handia zuten idazleak ez ezagutzea. Demagun, gurean, 1990eko hamarkadan eskultore izan, eta Oteizarekin topo ez egitearen moduko erabakia litzateke Argentinako kulturgintzan. Hala ere —edota horrexegatik, Sarlo pertsonaren mitifikaziotik at geratu zelako— Borgesi buruz idatzi den liburu onenetarikoa osatu du Sarlok: Borges, un escritor en las orillas (Ariel, 1995).

Azken liburua hiru ataletan dago banatua: aurrenengoa ez ulertzeari buruzkoa da; bigarrena, XXI. mendeko estetikari buruzkoa; eta hirugarrena, XX. eta XXI. mendeetako eztabaidei buruzkoa. Sarloren ibilbidea luzea da; literatur kritikari eta irakaslea, kultur eta politika kritikari gisa ezagutzen dute Clarín eta El País egunkarietako irakurleek. Carlos Altaminorekin, literatur soziologiaren ildotik, Raymond Williamsen pentsamendua Buenos Airesera eraman zuen, eta Punto de vista aldizkari garrantzitsuaren talde fundatzailekoa ez ezik, zuzendaria ere izan zen 1978 eta 2008 bitartean —Argentinako aldizkarien gordailuan daude aldizkariaren aleak—. Diktadura militarraren garaian, bertan lan egin zuen, erbesteratu gabe. Sarlok arriskuak hartu ditu bizitzan, baita idaztean ere. Argentinan intelektualaren figura ondo ulertu nahi bada, ezinbestezko da Sarlo irakurtzea; harena da, neurri handi batean, gizarte garaikideak galdu duen ahots intelektuala.

Aurrenengo testua, saiakera genero gisa aztertuz, eredugarria da. Saiakeraren definizioa oximoron batean datza, ziurtasunaren eta zalantzaren artean idazten den testua baita. Etimologian essayer, frantsesez, saiatze horren isla dugu. Saiakera idazten duena pentsatzen irakurtzen dugu. Mugimenduan dagoen pentsalariak idazten du saiakera, idazteko, ideiak astintzeko, askotan ibiltzea beharrezkoa den bezala. Horrexegatik, paradoxa ezinbestezkoa da saiakera ulertzeko. Hala nola Karl Kraussen aipu hau dakarkigu: «Bere pentsamendua plazaratzen duen pertsona ezin da harritu kritikengatik. Pentsamendua garatzen duenak kontrako ideien artean pentsatzen du». Pentsamenduaren plazera eta indarra talka horien bidez indartzen da.

Ez ulertzea izan zen ikasle gisa izan zuen akuilua. Berehala ulertzen ez diren literatur lanek liluratu zuten Sarlo gaztea. Brancusi artistaren hitzen bidez, «begiratu ikusi arte», arretaren eta denboraren garrantzia azpimarratzen du Sarlok, liburu bat irakurri, edota film bat zein artelan bat benetan ikusteko. Argi eta garbi, modernismoaren eredua defendatzen du. Aro horretan datza Sarloren pentsamenduaren indargunea.

Literaturaren analisian ere ikusten dugu Sarlo bere onena ematen. Baina arte garaikidea aztertzeko orduan, aurreiritzian eta azalkerian gelditzen da, Marcel Duchampen jarraitzaileak besterik ez du ikusten. Jeff Koonsen zakurraren bidez laburbiltzen du egungo artea. Literaturaz eta zinemaz konplexutasun osoz idazten badu, artean bere hausnarketa kritikoa ez da maila berera iristen. Literatur ekosisteman interbentzio ttipiak (esate baterako, poesia) aitortzen baditu, arte garaikidean guggenheimak besterik ez du ikusten, eta museo globaletatik kanpo ere interbentzio ttipiak badaude.

Intelektualaren funtzioaz

Batez ere hirugarren atalean, intelektualaren gainbeheraz idazten du; hala ere, ahots intelektualaren funtzio garrantzitsuenak beharrezko dira egun. Prentsako komunikatzaileek eta unibertsitateetako adituek ez dute hutsune hori bete. Esate baterako, Sarlok esaten duena gurera aplikatuz, Hondalea artelana (Urdaibairen aurrekari gisa ikus daitekeen interbentzioa) gauzatu zenean, Santa Klara irlako ekosisteman zuen eragina ez zen fundamentuz eztabaidatu. Egungo egoera zatikatuan halako eztabaida irekiak ia ezinezko bihurtu dira. Eta bitartean, politikariek ez dute kultur politikari buruz hitz egiten, ez bada prentsaren bidez, komunikazio jardueretan. Hutsune kritiko horretaz ari da Sarlo. Intelektualaren autoritarismoa gainditu behar genuen, dio Sarlok, baina oraindik figura horrek betetzen zuen funtzio kritikoa behar dugu egungo gizarte zatikatuan.

Gayatri Spivak pentsalariak bezala, Sarlok barrutik kritikatu ditu kultur ikasketak. Geruza estetikoak eta kalitatearen balorazioak garrantzia izan beharko lukete, eta, horren harira, erabateko erlatibizazioa kritikatzen du Sarlok. Kultur ikasketetan oraindik Raymond Williams du gidari, eta, horri jarraituz, Argentinako testuinguruan ideien genealogia eta hiztegiaren hausnarketa oparoa eskaintzen du Sarlok. Liburu honetan ere humanitateak defendatzen ditu, funtsean kritikoki irakurtzearen beharra (eta hori ez da irakurzaletasuna, irakurtzeko gaitasuna eta trebetasuna baizik). 2015ean emaniko elkarrizketa batean, hala dio: «Letrei aitortza egitearren, denboraren poderioz jabetu naiz nire literatur formakuntzak hiriaren, gizartearen eta politikaren irakurketa guztiak antolatzen dituela. Gertaera bat hartu eta intentsitatearekin irakurri, ttipia izango balitz bezala, baina esanahiz josia. Horrela irakurtzen da metafora bat poema batean».

Intersekzio horretan sortzen du zirrara Sarloren pentsamenduak, eta haren mintegietan edota hitzaldietan izan direnek badakite hori. Unibertsitateak irakurtzen ez duten irakasleak formatzen ari diren garaiotan, belaunaldi berriek mundua irakurtzen ikasi behar dute, eta, horretarako, ezinbestezkoa da literatura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.