Ortzaizeko (Baxenabarre) Menta liburu dendan jende saldoa elkartu zen herenegun gauean, Bea Salaberriren (Donamartiri, Baxenabarre, 1979) azken lana deskubritzeko: Mesfida zaitez (Txalaparta, 2024). Mesfidatu, baina zertaz? Laurendia da liburuko pertsonaia nagusia, eta Nafarroa Behereko landa eremutik Baionara doa ikastera. Han, kontzientzia politikoa sortuko zaio, eta, azkenean, ETA erakundearen laguntza sarean sartuko da. Salaberri: «titulu horrek laburbiltzen du horrelako giro bat, non mesfidantza nagusitzen den, isiltasuna, diskrezioa, bakardadea eta abar».
Euskal gatazka kontatzen duten liburuak mila dira, baina Salaberrik beste angelu batetik jorratu nahi izan ditu «historia handiaz paraleloan gertatu diren istorio ttipiak». Haren aburuz, ez baita gauza bera ETAren historia kontatzea «pistolak hartu zituzten gizonen ikuspegitik», edo iheslariak etxean aterpetu zituzten emazteenetik.
2015ean eman zuen lehen liburua Salaberrik, Baionak ez daki (Susa), eta, haren hitzetan, gustura egin zuen lan hura. «Ohartu nintzen maite nuela bakardade hori, gauzak kontatzea eta estetika lantzea. Baina horrek ez du ideia ekartzen». Hain zuzen, lan berrirako ideia lagunarteko bazkari batetik iritsi zitzaion Salaberriri. Zenbait euskal iheslari politiko ohi hor ziren, eta, elkarrizketaren harian, pentsatu zuen kontaketa puzzle horretan «puska ttipi bat» falta zela. Puska hori emazteak ziren, jende xehea; «urte luzez lan tipiak egiten aritu direnak, heroismo puntu batekin, hala ere». Garazi Arrula izan da liburuaren editorea, eta, haren hitzetan, «epikotasun domestiko bat» du Salaberriren lanak.
Xumetik heroismoa
«Iragana gibelean utzi behar da», erraten da batzuetan, baina memoria lana «inportantea» da Salaberrirentzat. Gainera, haren ustez, ezinbestekoa da norberak bere iragana kontatzea: «Guk ez baldin badugu egiten, euskaldunek guhaurek ez badugu egiten, besteek eginen dute gure ordez. Frantsesek eginen dute, espainolek eginen dute, eta eginen dute haien ikuspegitik». Etae «etengabe gibelerat begiratzearen beharra» ere azpimarratu zuen aurkezpenean.
Mesfida zaitez-ek kontatzen duen istorioa fikzioa da, baina, hain hurbileko historiari buruz idazten delarik, hurbileko jendeaz inspiratzen da nahi gabe idazlea. Salaberriren kasua hori izan da: «Nire inguruan baziren anitz Laurendia gisako jendeak. Hortik tiraka, gaiari buruz informatzen hasi nintzen, hemeroteketan, liburuetan, lekukotasunetan eta abar». Aipatu zituen, «hemen berean», Ipar Euskal Herrian barnealdean izan diren figura zenbait, Graxi Etxebehere tarteko. «Atzematen nuen pertsonaia horiek ez zirela heltzen literaturarat. Batzuetan, kasik gelditzen direla fitsik egin ez balute bezala. Zertako hor dira? Zer nahi dute, zer asmo?». Galdera horiei erantzun nahian eta figura horiei lekua eskaini nahian abiatu zen Salaberri.
Azkenean, bi partez osatutako liburua atera du: lehena, 1995 urte ingurutik 2004ra arte doana; eta bigarrena, 2014tik 2016ra bitarte gertatzen dena, desarmatze egunaren bezpera arte.
«Euskaldunek guhaurek ez badugu egiten [iragana kontatu], besteek eginen dute gure ordez. Frantsesek eginen dute, espainolek eginen dute, eta eginen dute haien ikuspegitik».
BEA SALABERRI Idazlea
Hamar urteko idazketa bidean, idazelak aitortu zuen zenbait aldiz gelditu izan dela eta pentsatu liburua ez zuela sekula aterako. Baina zenbait pertsona gurutzatu izan ditu, idazketari berriz lotzeko gogoa eman diotenak. «Liburu bat ateratzea negu luze batetik ateratzea bezala da; beraz, pixka bat ene bedatsea zarete. Horregatik izanen da egungo eguraldi ederra», erran zien Menta liburu dendara joan zirenei. Aurkezpen bukaeran, publikoarengan interesa eta bere liburua irakurtzeko emeia sorturik, batek honen pasarte bat irakurtzeko galdetu zion. Orduan, hasi zen eleketan, berak zenbait hilabete edo urte lehenago idatzi zituen hitzei segika. Eta isildu zen gela. Paragrafoa bukatu zuen, eta gehitu: «Zuena da orain!».