Gaur arratsean hasiko da BBK Live jaialdia, eta hamaika talderen kontzertuak izango dira igande goizaldera bitartean Kobetamendin. Emanaldien gunera, baina, ezingo dira kanpoko jaki nahiz edariak sartu, eta barruan erositakoak eskumuturrekoarekin soilik ordaindu ahal izango dira. Horiek eta beste zenbait praktika irregularrak direla iritzita, kontsumo agintarien aurrean jaialdiaren antolatzaile Last Tour enpresaren aurkako salaketa jarri OCU Espainiako Kontsumitzaileen Elkarteak.
Elkartearen arabera, kanpoko jakiak eta edariak ez sartzeko debekua «erabat neurrigabea» da, eta desoreka sortzen du bi aldeen artean, hori dela-eta «gehiegizkoak» baitira gunearen barruan jan-edanek dituzten prezioak. Halaber, horiek esku dirutan edo txartelarekin ezin ordaintzea eta eskumuturrekoaren bidez derrigor erosi beharra ere irregulartasunen artean aipatu du. Halaber, azaldu du eskumuturrekoan sartu baina xahutu ez den dirua berreskuratzeko, erabiltzaileek komisio bat ordaindu behar dutela, eta, gainera, hamabost eguneko epean egin ezean, diru hori atxiki egingo duela enpresa antolatzaileak. «Praktika horrek legez kanpokoa behar luke», OCUren iritziz, gozatu gabeko zerbitzuengatik ordaintzera eraman baititzake erabiltzaile asko.
Eguraldia eta sarrerak
Bi horiek ez ezik, beste arrazoi batek ere eraman du elkartea salaketa jartzera: eguraldiagatik kontzerturen bat bertan behera utziz gero, herritarrek ezin izango dutela sarreragatik ordaindutakoaren zati bat itzultzeko eskatu. Abusuzkotzat jo du praktika hori ere, iritzita baldintza meteorologikoak, neurri batean, aurreikusteko modukoak direla, eta antolatzaileek aukera dutela horiek eragin ditzaketen kalteak gutxitze aldera neurriak hartzeko, baita kontsumitzaileari sortutakoak ere. Horregatik, gaineratu du sarreren dirua ez itzultzea ez dagoela justifikatuta.
Horiek horrela, jardunbide horien legezkotasunik eza aztertzeko eskatu die OCUk auzian eskumena duten kontsumo agintariei, baita dagozkien isunak jartzeko ere, heldu den urtean errepika ez daitezen. Elkartearen arabera, irregulartasunak izan direla baieztatuz gero, abusuzkotzat jotako diru kopuruak itzuli egin beharko ditu enpresa antolatzaileak.