Musika

BBK Live, elektronikara lerratuta

Massive Attack, The Prodigy, Underworld, Grace Jones, Arcade Fire eta Jungle kartelburu direla egingo da jaialdia, bihar hasi eta larunbatera arte, Bilboko Kobetamendin.

Massive Attack taldea, ekainean, Aarhusen (Danimarka) emandako kontzertuan. HELLE ARENSBAK / EFE
Massive Attack taldea, ekainean, Aarhusen (Danimarka) emandako kontzertuan. HELLE ARENSBAK / EFE
mikel lizarralde
2024ko uztailaren 10a
05:00
Entzun

2006an lehenengo aldiz antolatu zutenetik, Bilboko BBK Live jaialdiak beti egin du artista ezagun eta oihartzun handikoen aldeko apustua. Lehenengo aldi hartan, besteak beste, Ben Harper abeslari eta gitarrista eta Guns N' Roses hard-rock talde estatubatuarra izan ziren jaialdiko kartelburuak, eta, gerora, rockari, metalari eta estadio handiak betetzen dituen popari eman dio lehentasuna programazioko izen nagusiak aukeratzeko orduan. Batzuetan estilo gogorretara lerratuta —Rammstein, Faith No More eta Pearl Jam 2010ean—, besteetan pop ilun baina aldi berean arrakastatsuari garrantzia emanez —The Cure, Radiohead eta Garbage 2012—. Hala, Kobetamendiko oholtza nagusitik igaro dira, beste batzuen artean, Iron Maiden, Red Hot Chili Peppers, Metallica, The Police, R.E.M., Depeche Mode, The Killers, Pixies, Muse eta beste hainbat.

Aurtengo kartelean letra handiz ageri diren izenei erreparatzen dienak, ordea, laster ikusiko du BBK Live jaialdiaren 18. aldiak apustu garbia egin duela elektronikaren eta dantzaren alde. Bihar Massive Attack eta The Prodigy izango dira jaialdiko kartelburuak; ostiralean, berriz, Grace Jones eta Underworld; eta larunbatean, azkenik, Jungle. Azken egun horretako artista nagusien artean joera horretatik aldentzen den talde bakarra sartu da: Arcade Fire. Horrek ez du esan nahi jaialdia bera elektronikara eta erritmo dantzagarrietara mugatuko denik, letra txikiagoan era askotako talde eta bakarlariak ageri baitira programazioan, baina bai adierazten du zein den 2024ko joera, nahiz eta izen nagusiak ez diren, inondik ere, hasiberri batzuk.

Hiru egunek askorako ematen dutenez, zale bakoitzak izango duenez zer aukeratu, eta ezinezkoa denez Kobetamendin izango diren artista guztiak aipatzea, hona hemen BBK Liveren programazioko entresaka batzuk.

Massive Attack

Talde gutxik daukate mugimendu bat edo estilo bat abiatu izanaren ohorea. Edo, gutxienez, estilo horretako lehen disko inportantea argitaratu izanarena. Horietako bat da Massive Attack. Bristolen (Ingalaterra) 1980ko hamarkadaren erdialdean sortu zen trip-hop mugimendua, beste batzuen artean AEBetako hip-hopa, Jamaikako doinuak, R&Ba eta elektronika leuna uztartzen zituena, baina 1991n iritsi zen estiloko lehen disko inportantea, Blue Lines, Massive Attackena. 

Hamarkada hartan argitaratutako beste bi diskok (Protection, 1994 eta Mezzanine, 1998) Massive Attacken estatusa sendotu zuten, baita taldearen paleta estilistikoa zabaldu ere —Mezzanine-n gitarra distortsionatuak ere entzun zitezkeen—, eta, orduz geroztik, taldeak beste bi lan luze besterik ez du kaleratu, azkena orain dela hamalau urte (Heligoland, 2010). Nolanahi ere, taldearen oihartzuna ozena da oraindik ere, eta haren pieza batzuk klasiko bilakatu dira dagoeneko: Unfinished Symphony, Sly, Better Things, Angel, Teardrop... (Ostegunean, 23:00etan, Agertoki Nagusian).

The Prodigy

Massive Attackek ezaugarri nagusi sotiltasuna duen bezala, energiak eta erasokortasunak deskribatzen dute The Prodigy. 1990ean sortu zen, Essexen (Ingalaterra), eta hamarkada haren erdialdean lortu zuen sona, technoa, rocka eta breakbeata nahastuz —big beat izendatu dutena—, eta batik bat The Fat of the Land diskoarekin arrakasta handia eskuratu zuen. Liam Howlett teklatu jotzailea eta Maxim Reality abeslaria dira taldearen muina, baina urte luzez Keith Flint abeslari eta dantzaria izan zen The Prodigyren irudi ezagunena. 2019an hil zen, ordea, eta gaur egun Howlettek eta Realityk mantentzen dute dance-punkaren ordezkari nagusiaren sua piztuta. (Ostegunean, 02:00etan, Agertoki Nagusian).

Los Planetas

Granadako taldeak duela 30 urte argitaratu zuen Super 8 bere lehenengo lan luzea, zeina Espainiako indie-poparen lan arrakastatsuenetakoa bilakatu zen musika independentearen 1990eko eztandan. Gerora, J abeslariak eta Florent gitarristak gidatzen duten taldeak garapen handia izan du, eta bestelako musika batzuen eragina ere jaso du —batik bat flamenkoarena—, baina gitarretan eta erritmo oinarri sendo batean ardaztutako taldea da oraindik. Lehen disko haren urtemuga izanik, Super 8 berreskuratuko dute Bilboko kontzertuan, eta baita garai hartan publikatu zituzten lan laburretako kantuak ere. (Ostegunean, 00:50ean, San Miguel gunean).

Air

Jean-Benoit Dunckel eta Nicolas Godin ere ospakizun batekin datoz BBK Live jaialdira. Bikote frantziarrak 1998an argitaratu zuen Moon Safari, elektronika atmosferikoaren eta downtempoaren lan arrakastatsuenetakoa bilakatu zena —hamaika izan ziren haren arrastoan sortutako proiektuak—, eta, beraz, iaz 25 urte bete zituen. Bilbon hasi eta buka joko dute diskoa. (Ostegunean, 21:30ean, San Miguel gunean).

Grace Jones

Abeslari, aktore eta modelo jamaikarra aurtengo BBK Live jaialdiko izen handienetakoa izango da. 1970eko hamarkada amaierako New Yorken ezagutarazi zuen bere burua, Studio 54 dantzalekuaren inguruan piztutako disco eszenan, hain zuzen ere. Saturday Night Fever filmaren eta Donna Summerren urteak ziren, baina Jonesek, dantzarako musikari muzin egin gabe, jamaikar jatorriko doinuei egin zien leku bere proposamenean. Bilbon bere kanturik ezagunenak abestuko ditu (Slave to The Rhythm), baina azkenaldiko emanaldietan egin duena errepikatzen badu, baita hainbat bertsio ere: Nightclubbing (Iggy Pop), Love is The Drug (Roxy Music) eta Private Life (Pretenders) —hori berea ere bada dagoeneko, 1980an grabatu baitzuen—. (Ostiralean, 22:40an, Agertoki Nagusian).

Standstill

Banda desegin eta bederatzi urtera, Enric Montefusco kataluniarra Standstill taldearekin itzuli da aurten. Bartzelonako hardcore eszenan sortu zen Standstill, 1990eko hamarkadan, eta hasieran ingelesez aritzen bazen ere, denborarekin gaztelaniara igaro zen, eta bere soinua ere garatuz joan zen, erritmo gogorrak baztertuz eta ertz askoko popera hurbilduz. Disko berririk gabe, taldeak bere ibilbideari errepasoa emango dio, emozioa eta tanta epikoak bere koktelaren elementu ezinbestekoak direla erakusteko. (Ostiralean, 19:35ean, Beefeter gunean).

Arcade Fire

BBK Liven jo eta zortzi urtera, bueltan dator Bilbora Quebeceko taldea, azken bi hamarkadetako rock alternatiboaren izen handienetakoa. Funeral (2004) diskoarekin estreinatu zenetik, Win Butlerrek eta Regine Chassagnek gidatzen duten taldeak beti erakutsi du ereserki epikoak bezain sentikorrak sortzeko gaitasun handia, eta horrek berak estadioetan jotzeko banda ezin egokiagoa bilakatu du Arcade Fire. Nolanahi ere, taldeak segitzen du bide berriak bilatzen, eta azken diskoan (We, 2022) badira synth-popera jotzen duten piezak ere. (Larunbatean, 01:30ean, Agertoki Nagusian).

Mulatu Astatke

BBK Liveren publiko nagusiari gutxien egokituko zaion musikaria izango da, ziur aski, Mulatu Astatke. Musikari etiopiarrak 80 urte ditu, bibrafonoa jotzen du, eta bere herrialdean 1960ko eta 1970eko hamarkadetan loratu zen jazz eszenaren ordezkari nagusia da oraindik ere. Ethio-jazzaren izen ezinbestekoa ez ezik, azken hamarkadetan sortu den musikari pertsonalenetako bat ere bada Astatke. (Larunbatean, 20:30ean, Txiki agertokian).

Slowdive

Ingalaterrako taldea bigarren urrezko aroa ari da bizitzen. 1990eko hamarkadaren hasieran Ingalaterran sortutako shoegaze mugimenduaren parte izan zen Slowdive, eta urteetako etenaren ostean —bitartean, Mojave 3 proiektuarekin AEBetako doinuak landu zituzten Neil Halstead eta Rachel Goswellek—, 2014an berriro itzuli zen agertokietara. 2017an Slowdive diskoa atera zuen, gitarretan oinarritutako dream-pop aparta, eta joan den urtean iritsi zen Everything is Alive haren jarraipena. (Larunbatean, 20:30ean, San Miguel gunean).

Ezezez

Ez dira asko euskaraz abesten duten taldeak aurtengo BBK Live jaialdian (Zea Mays, Oki Moki), eta horien artean dago Ezezez. Unai Madariagak sortutako taldea ingelesezko disko batekin estreinatu zen, baina iaz Katuzaldia kaleratu zuen, post-punk, surf eta punk ukituak erraztasunez eta naturaltasunez uztartzen dituen diskoa. Ez diote beldurrik heterodoxiari, eta berdin begiratzen diote psikodeliari nahiz 1990eko hamarkadako rock alternatiboari. (Ostiralean, 19:35ean, San Miguel gunean).

JAIALDIAREN KONTRAKO ELKARRETARATZEA

Bilboko Laneko Autodefentsa Sareak eta Kontseilu Sozialistak deituta, «BBK Liveren gisako makrojaialdietan inposatzen diren lan baldintza txarrak» salatzeko elkarretaratzea egingo dute ostegunean, 19:00etan, EITBren egoitzaren parean. Deitzaileek adierazi dutenez, Last Tour musika sustatzailearen eta Bilboko Udalaren erantzukizuna dira «jaialdiko langileek pairatzen dituzten lan baldintza penagarriak».

Bestalde, BBK Liven gisako festibalek hirian eragiten dituzten ondorioak ere salatuko dituzte elkarretaratzean. Deitzaileen iritziz, jaialdi handiek zenbait ondorio dakartzate; besteak beste, turismoaren eta zerbitzuen sektorea hedatzea, lan baldintzak okertzea, etxebizitzaren prezioa garestitzea eta zerbitzu publikoek kalitatea galtzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.