Pinturaren sistema «hierarkiko, falozentriko, baztertzaile eta autoritarioa» kutsatzen saiatzea izan zuen buruan ia hogei urtez Gabriela Kraviez artistak (Buenos Aires, 1965). Haren hitzetan, XX. mendearen hasieran sortutako sistema horrek ezabatu egin zuen emakumeek egindako lanaren parte handi bat, baita emakume haiek pintura zentzu askoz era zabalago batean ulertzeko bideak zabaldu bazituzten ere, arte herrikoiak, dekorazio arteak, ehungintza eta brodatze teknika eredu hartuz. Liubov Popova, Sophie Taueber Arp eta Sonia Terk Delaunay gogoan hartuta, Euskal Herriko gurutze puntuko brodatuen hainbat patroi irudikatzen dituzten neurri handiko olio bilduma bat jarri du ikusgai Bilboko Carreras Mugica galerian. Otsailaren 23ra bitarte egongo dira bertan ikusgai.
Solte geratutako hari mutur bati tiraka heldu da erakusketa, artistak dioenez. 1999tik 2004ra landutako Obsessive Lady izeneko lan multzoa du oinarri orain Bilbon ikusgai jarri duen lanak, eta horregatik hautatu du titulua ere: Still Obsesive Lady: oraindik ere —«still»— lan harekin dabilelako bueltaka, hari hura erabat askatu gabe. Ehungintza zuen oinarri lan hark, eta haren berrikuspena da orain Carreras Mugican ikus daitekeena.
Feminitatea auzitan
Ezpainzapi eta sukaldeko trapu brodatuak hartu ditu artistak koadroak sortzeko erreferentziatzat, eta neurri handiko hainbat pintura lan sortu ditu haiek abiapuntu hartuta. Ehunekin gertatzen den bezala, elkarrekin gurutzatzen eta bilbatzen ikus daitezke pintura lerroak haietan, eta errekonozigarriak dira irudikatzen dituzten dekorazio figura abstraktuak ere. Neurri handikoak dira galeriako areto txikian eta korridorean dauden lan gehienak, baina badira paper gainean egindako hiru pieza txiki ere. Artistak erakusketarako prestatutako oharrean onartzen duenez, «ehuna balitz bezala» pentsatzen du pintura.
Koadroen atzealdeko horma ere margotu dute zenbaitetan, urdinez, horiz edo berdez.
Feminitatea izan da artistaren gogoetarako beste gaietako bat. Haren hitzetan, historikoki femeninotzat jotako arte bat ikusgai jartzearekin batera, auzitan jartzen da feminitatearen nozioa bera. Eta, hala, «agian», aukera ematen da «sistema bitarretik haragoko beste feminitate batean pentsatzeko».
Baztertutako patroiak
Euskal Herriko gurutze puntuko brodatua oinarri duten ehungintza patroiak dituzte abiapuntu Gabriela Kraviez artistak Bilbon jarri dituen lanek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu