«ETA bai, ETA ez... Badirudi testuinguru hori bakarrik kontuan hartuta kontatu behar dela gure herriaren azken urteotako historia. Gure ustez, ordea, posible da historia beste modu batean kontatzea». Hori uste du Sabino Ormazabal Bidea Helburu taldeko kideak. Eta, hortaz, Kataluniako Fora de Quadre elkarteak eta Bidea Helburuk beste modu batean kontatzea erabaki dute. Indarkeriarik gabeko ekintzek Euskal Herriari azken 50 urteotan egindako ekarpena baliatu dute horretarako, eta Ziztadak dokumentala eratu. Ikastolak, Intsumisioa, Itoitz, Demoak, Kukutza... Esperientzia horiei erreparatuz eman dute «baztertutako historiaren» berri. Donostiako Giza Eskubideen X. Zinemaldian estreinatuko da, gaur, Viktoria Eugenia Antzokian, 16:30ean.
Ormazabalek berak eta Fora de Quadreko Gemma Garciak eta Oriol Andresek egin dute gidoia; azkeneko biei Carlos Castro batu zaie proiektuaren zuzendaritzan. «Sabinok [Ormazabal] esan zigun500 ejemplos de no violencia. Otra forma de contar la historia (Bidea Helburu) liburua ikus-entzunezkora pasatu nahi zuela. Euskarri egokia iruditzen zitzaion gazteak erakartzeko», adierazi zuen Garciak dokumentalaren aurkezpen ekitaldian. «Indarkeriarik gabeko borrokak gaur egun indarrean dagoela aldarrikatu nahi zuen».
Dokumentaleko protagonistek ere zerbait aldarrikatu nahi zuten indarkeriarik gabeko ekintzen bidez. «Modu kontzientean edo inkontzientean egin zituzten ekintza haiek», nabarmendu zuen Ormazabalek. Guztira, 21 pertsonarekin elkarrizketatu ziren dokumentalaren egileak. «52 minutuko iraupena dauka, eta gure asmoa ez zen indarkeriarik gabeko borrokaren errepasoa egitea. Izan ere, ekintza guztien berri ematea ezinezkoa da. Baina indarkeriarik gabeko ekintzen muina, filosofia, kontatu nahi genuen adibide ezberdinen bidez».
Martin Luther Kingek, eskubide zibilen aldeko inoizko ekintzaile ezagunenetako batek gutun batean adierazitako ideia bat erabili dute dokumentalari izena jartzeko. «1963an, kartzelan zegoenean, bere jarraitzaileei idatzi zien ezparak bezalakok izan behar zutela esanez; tentsio sortzaileak, alegia. Eta ezparek ziztatu egiten dutenez, izen hori jartzea erabaki genuen», argitu zuen Ormazabalek.
Dokumentaleko protagonistetako bat da Igor Ahedo Errekaldeko Bizilagunen Elkarteko kidea eta Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakaslea. Desobedientzia zibilaren jatorriaz mintzatu zen, atzo, hasteko: «Kultura ezberdinetako kontakizun mitikoak kontuan hartuta, Erich Fromm filosofo alemaniarrak esaten zuen gizadia desobedientzia zibileko ekintza batetik sortu zela. Eta esaten zuen, aldi berean, gizadiaren amaiera masen obedientziak eragin zezakeela». Gainera, desobedientzia zibilaren ekintza mitiko bat aipatu zuen, horrek gizartean eduki duen garrantzia nabarmentze aldera: «1955ean, arraza segregazioaren garaian, Rosa Parksek ez zion autobuseko bere eserlekua gizon zuri bati utzi. Orduan ezinezkoa zirudien arraza segregazioa desagertzea. Egia da ez dela arazoa konpondu, baina bideratu da, behintzat». Izan ere, «posible ez dena posible bihurtzeko artea» iruditzen zaio politika Ahedori.
Garciak, adibidez, pentsatzen du «uste dugun baino oihartzun handiagoa» dutela borroka horiek. Eta borroka horiek gorpuzteko aurrera eramandako ekintzak «ikusgarriak» izan dira sarritan. «Halere, oreka bat bilatu beharra dago. Irudimena erabil dadila, sormena dagoela ikus dadila, baina bidean mezua ez dadila gal». Uste du, era berean, «dezenteko prestakuntza» behar dela horrelako ekintzetan parte hartzeko. «Izan ere, normala izan daiteke ekintzari beraren eta horren ondorioen beldur izatea». Are gehiago egun. Izan ere, Espainiako Gobernuak Zigor Kode a aldatu nahi du, desobedientzia zibila delitu bihurtze aldera. «Jendea, ordea, aspertuta dago. Politikariak eragiten ari diren egoerak indarkeria eza erabiltzera behartzen gaitu». Demoetako Pello Etxeberrik dokumentalean esandakoa gogoratu du Garciak: «Esaten zuen bazela beste espazio bat gauzak aldarrikatzeko». Baztertutako historia egiteko.
Baztertutako historia
'Ziztadak' dokumentala indarkeriarik gabeko aktibismoak Euskal Herriari egin dion ekarpenaz mintzo daDonostiako Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatuko dute, gaur, Viktoria Eugenian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu