Bazterreko musika, erdigunera

Adarretatik jaialdiaren lehen edizioa uztailaren 20tik 22ra egingo da Zarautzen. Hamabi talde ariko dira guztira herriko hiru agertokitan

Enbor Akzio Kulturala elkarteak ostegunean aurkeztu zuen Adarretatik musika jaialdia. GORKA RUBIO / FOKU.
Andoni Imaz
2018ko uztailaren 7a
00:00
Entzun

Proposamen berri bat Euskal Herriko udako musika jaialdien agendan: uztailaren 20tik 22ra, Adarretatik jaialdiak kolore askotako musikaz beteko du Zarautz. Musika eta kultura ardatz izango dituen jaialdi bat antolatu dute, sortzaileak erdigunean izango dituena. Hainbat estilo eta formatu nahastuko dira hiru eguneko egitarauan.

Oier Aranzabal eta Mikel Unzurrunzaga Makala dira egitasmoaren bultzatzaileak, eta Fernando Llopis Zarauzko Kulturako arduradunarekin batera aurkeztu zuten jaialdia. Oraindik lehenengo edizioaren bezperan egon arren, urtero egiteko xedearekin jaio da proiektua.

Nazioarteko sona handiko izenak etxeko artistekin nahastuta, hamabi talderekin osatu dute kartela. Gainera, gehienek lan berria eramango dute besapean. Hala ere, kontzertu bakoitzak bere giroa izango du, herriko hiru gunetan banatu baitute asteburuko jarduna.

Aurrena, Zarauzko Berdura plaza. Eguerdian egingo dituzte kontzertuak bertan, bazkalaurretik, «bermutaren orduan». Kontzertu txikiagoak izango dira horiek, hurbilagoak. Bigarren espazioa, berriz, Musika plaza da; antolatzaileek aspaldi galdua ikusten diote musikarekiko harremana, eta izenari esanahia itzultzeko aukera baliatu nahi dute. Afalaurretik egingo dira Musika plazako kontzertuak; ondorengoak, itsas pasealekuan. Bertakoa izango da jaialdiko formaturik handiena, nahiz eta nabarmendu duten ezer ez dela «makro» izango.

Euskal kulturzale eta, batez ere, kulturgileak izan dituzte gogoan jaialdia antolatzeko garaian. Oier Aranzabalek beharrezko ikusten du horrelako plaza bat euskal sortzaileentzat, haiei «prestigioa emateko». Halere, nazioarteko izaerarekin jaio da jaialdia, eta horren erakusle da The Souljazz Orchestra talde kanadarra buru duen kartela. Nazioarteko musika jaialdi bat da, euskal talde askorekin eta nazioarteko talde batzuekin, «geu ere munduko zati garen heinean».

Dozena bat kontzertu

Denera, hamabi taldek joko dute Adarretatik jaialdiaren lehen edizioan. Ostiral eguerdian hasiko da, eta igande gauean amaitu. Bitartean, artista gazteen proposamenak, euskal artista ezagunen lan berriak eta nazioarteko izen handiak ariko dira Zarautzen.

Sara Mansillak irekiko du jaialdia ostiralean, laukote formatuan. Musikenen jazz abeslari formakuntza hartzen ari da artista gaztea. Iluntzean, Rafa Rueda pop erreferenteak iaz kaleratu zuen Hiri kristalezkoa lana aurkeztuko du Musika plazan, eta, gauean, denetariko soinuak entzungo dira itsas pasealekuan. Sao Pauloko DJ Tahira ariko da aurrena, Europan zehar baitabil biran. Kanadako The Souljazz Orchestra seikote entzutetsuak ere Zarautzen egingo du geldialdia, baina aurretik Buffalo talde instrumentalak etxean jotzeko aukera izango du. Garrantzia eman diote antolatzaileek bertako talde batek jotzeari, eta ohitura aurrerantzean mantendu nahi dute ere.

Larunbatean, Juan Valls gazte oñatiarrak emango du eguneko lehen kontzertua; joan den irailean argitaratu zuen bere bakarkako hirugarren lana. Mikel Urdangarin, berriz, taldearekin ariko da Musika plazan; bere bizitza kontatzen duen Margolaria filma egin du aurten —Aranzabal bera da zuzendaria—. Afalostean, gaueko menua: DJ Budin nafarra ezaguna da dagoeneko, eta bera hasiko da itsas pasealekua girotzen. Ondoren, Elkano Browning Cream taldeak Bor bor disko berria aurkeztuko du; kolaborazio berezi batekin, gainera, Jean Marie Ekai gitarra jotzailea ariko baita haiekin jotzen. Akatz taldearen jamaikar doinuek itxiko dute gaua, bere 25. urteurrenean.

Igandean, bi kontzertura mugatuko da egitaraua: Oso Fan hiruko formatuan ariko da eguerdian, eta Gasteiz Big Band iluntzean, itsas pasealekuan. Formatu interesgarria, antolatzaileen ustean, publiko guztientzakoa.

Sara Mansilla, Oso Fan eta Juan Valls musikariak Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Katapulta Tour egitasmoaren bidez egongo dira jaialdian.

Enborretik, adarrak

Hondarribia Blues jaialdiaren eta Donostiako Jazzaldiaren artean egingo da jaialdia, eta egonkortzea du helburu. Gainera, Enbor Akzio Kulturala egitasmoa sortu dute Aranzabalek eta Makala-k, epe luzeko asmoarekin, eta jaialdiak emandako indarrarekin, urte osoan ekitaldi gehiago antolatzeko asmoa dute. Umiltasunez, baina helburu argiekin.

Kartel «horizontala» osatu dute —talde guztien izenak neurri berean daude idatzia—, orekatua, eta sortzaile guztiei garrantzi berbera emanda. Malen Amenabar ilustratzaileak egin du kartela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.