'1936'
Egileak: Albert Boronat, Juan Cavestany, Andres Lima, Juan Mayorga. Dramaturgia: Albert Boronat eta Andres Lima. Zuzendaritza: Andres Lima. Zuzendari laguntzailea: Laura Ortega. Antzezleak: Antonio Duran, Alba Flores, Natalia Hernandez, Maria Morales, Guillermo Toledo, Paco Ochoa, Blanca Portillo, Juan Vinuesa;Madrilgo Gazteen Abesbatza. Abesbatzaren zuzendaria: Juan Pablo de Juan. Eszenografia eta jantziak: Beatriz San Juan. Argiak: Pedro Yague. Musika: Jaume Manresa.Bideoa: Miquel AngelRaio. Karakterizazioa: Cecile Kretschmar.Soinu-diseinua: Kike Mingo. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urtarrilaren 31.
Ikusmin handia zabaldu da teatrozaleen artean 2024ko azaroan CDN Espainiako Zentro Dramatikoak Madrilen estreinaturiko 1936 obraezagutzeko. Aurrez iritsi zaigu arrakasta itzelaren oihartzuna, denboraldiko antzezlanik garrantzitsuena den ospea, baita sarrerak lortzeko zailtasunena ere. Esaterako, Bilbon, Iruñean bezala, agortuta irakurri dugu saio guztietarako. Eta jakin-nahi hori ederki asko asebete zigun Andres Limak bere estilo zurrunbilotsuaz lau orduko ikuskizun erraldoi batekin, zeinetan opera, zarzuela, music-hall, varieté-a eta kabareta The Clashen Spanish Bombs abestiarekin ez ezik, Los cuatro muleros, Internazionala, Sin pan etaCara al Sol-ekin ere nahasten diren.Sikaliptikoerrepublikanobatek (Alba Flores) No pasarán kantatu zuenean, faxistek hainbatetan debekatu zuten emakume artista horien lanaren erreibindikazio moduan ulertu genuen. Eta 1936-ren ontze prozesuan dokumentazio lan fina dagoela ere sumatu genuen.
Oholtzatik bertatik azaldu ziguten Mirta Nuñez, Tania Ballo, Angel Viñas, Julian Casanova eta Paul Preston bezalako adituen lanak ikertu dituztela testua idazteko. Datu zehatzak eskaini zizkiguten: eraildakoen kopuruari buruzkoak eta militarren altxamenduaren aldeko diru-emaileen izen-abizenak, besteak beste. Eta CDNkoek argi uzten dute Errepublikaren bindikazioa dela antzeztutakoa, argi eta garbi lerratuta galtzaileekin. Emozio handia zegoen Arriaga antzokian. «Bazen garaia», esan zidan aldamenean eserita neukan ikusleak; «bazen garaia egia ikusteko, entzuteko. Orain arte antzerkian kontatu ez den moduan». Arrazoi du, 1936-1939 aldia laburtzeko gai izan dira.
Narrazioa 1936ko Bartzelonako Herri Olinpiadarekin hasten da. Abesbatzak entsegua mozten du altxamendua hasi delako. Queipo de Llanok hitz egiten du. Oso desatseginak dira Franco, Yague nahiz Mola militarren ahotsak, hitzak, diskurtsoak. Oso. Une batez, artegatasuna uxatzeko, 1936 pastoral moduko bat izatea nahi dut. Egonezina haizatzeko txistuka hasiko nintzatekeelako gustura pastoral batean egongo banintz, baina ez nago. Eta horra hor gu, antzoki oso bat, txintxo-txintxo, isilik baina urduri, minduta, zaurituta, goibel. Oso.
Istorioak kronologikoki egiten du aurrera. 28 eszena, hiru ekitalditan. Eszenatokia jendez beteta. Zortzi antzezle zoragarrirekin batera, hogei lagun inguruko abesbatza mugimenduan dago antzezlan osoan. Ikusle lerro batzuk daude tauletako hiru hormen kontra, proiekzioen azpian. Oholtzak leku txikia dirudi tamaina horretako anabasarako. Kaos baten inpresio ondo lortua. Malaga-Almeria errepideko sarraskia, Madril, Bartzelona, Estremadura, Bilbo, Gernika, Ebroko erasoaldia... 1931ra jauzi egiten dute Calvo Soteloren hilketaren aitzakia deseraikitzeko. Gosea gaitzat hartuta «gaur» irakurtzen dugu paretetan. Berriro datu egiaztatuak. Amaieran, ikusle guztiak zutik, eta txalo zaparrada ahaztezina.