Musika

Bazen behin musikari bat

Egin beharrekoak eginda, 90 urterekin, Ennio Morriconek erretiroa hartzea erabaki du. Musikari dion pasioak gidatuta, filmetarako 500 lan inguru sortu ditu sei hamarkadatan.

Ennio Morricone, 2017ko urrian, Budapesten emandako kontzertu batean. BALAZS MOHAI / EFE.
Andoni Imaz.
2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Zaldia ondo lotuta utzita, geltokira doa zalduna. Errotaren hots deserosoa besterik ez da entzuten basamortuaren erdiko ezleku galduan. Geltokian, hiru gizon: hiru lehen plano, eta hiru azal urratu. Ez diote elkarri begiratu ere egiten. Bat-batean, trena etorri, eta trena joan. Hiru gizonak ez dira igo, baina beste aldean jaitsi da norbait. Aho soinuaren hiru notak iragartzen dute zer gertatuko den: giroa nahastear da.

C'era una volta il West filmean (Sergio Leone, 1968), beste hainbatetan bezala, hitzen beharrik gabe gauza asko esaten ditu Ennio Morricone konpositoreak (Erroma, 1928). Orain, 90 urte bete berritan, erretiroa hartzea erabaki du. Kide gutxik lortu dute hark urte hauetan guztietan hartu duen adinako sona. Sei hamarkadatan, 500 lan inguru egin ditu zinemarako eta telebistarako: Per un pugno di dollari eta Il buono, il brutto, il cattivo spaghetti westernekin hasi eta The Mission eta The Untouchables 1980ko hamarkadako klasikoetara. Musika sortzaile nekaezina, askotariko generoetako melodiak bere egiteko gai beti.

Hoollywoodeko film handi askori jarri die musika, baina Erromatik lan egin izan du beti. Sekula ez du AEBetara joateko asmorik adierazi, nahiz eta etxebizitza ere eskaini izan dioten. Ingelesik ere ez du ikasi nahi izan. Horren beharrik gabe egin du lan Brian de Palma, Warren Beatty eta Oliver Stonerekin, besteak beste.

Erromako Trastevere barrutian hazi zen, eta 6 urterekin ekin zion konposatzeari, irratian entzuten zituen pieza zatiak kopiatuz. Aita tronpeta jotzailea zuen: jazz klubetan aritzen zen, baita filmetako musika grabatzen ere. Semeak aise gainditu zituen haren urratsak: 10 urterekin, Santa Ceciliako akademia nazionalean sartu zen tronpeta ikasteko, eta konposizioa ikasi zuen gero. Tronpetak berak ez zuen aitaren bizimodutik askorik urrundu, jazz klubetan aritu baitzen bera ere, aita gaixo zegoela hura zaindu bitartean. Urte haietan ikasi zuen musikak balio ziola garai gogorrak arintzeko.

1961ean hasi zen zinemarako lanean. Gelditu ere egin gabe sortu zuen garai hartan, baina, halako batean, Peter Tevis folk kantari estatubatuarraren kanta batekin egindako moldaketak aldatu zuen dena. Pastures of Plenty singleak txunditu zuen Sergio Leone zinemagilea, eskolan Morriconeren ikaskidea izandakoa. Orduan sortu zuten lehen lana elkarrekin: Per un pugno di dollari (1964).

Konpositorea, «eta kito»

Lan egiteko modu berezia izan du Morriconek. Filmatutako irudien gainean giro soinu bat sortu beharrean, musika egiten hasten zen beste ezer eduki baino lehen. Are gehiago, Leonek musika hori bera erabili izan zuen estudioan, aktoreek filmaren giroarekin bat egin zezaten. Mozart eta Bach entzun ohi zituen Morriconek, ez zuen besterik behar. Musika bilatu du beste guztiaren gainetik: osoa eta trinkoa den zerbait, beste ezeren zerbitzura jarri gabe.

Perkusioarekin eta instrumentu gutxirekin sortutako soinu xumeak, gitarra elektrikoekin egindako rockaren bueltako doinuak eta orkestrazio osoak: denarekin ausartu izan da. Inprobisazio askeko Nuova Consonanza taldeko kidea izan zen 60ko hamarkadatik aurrera, musika eta zaratarekin jolasean. Horregatik, filmetako musika konpositore gisa sailkatzeak kanpoan uzten ditu musikagileak esploratutako beste bideak. Hark esan ohi du ez dela filmetako musika konpositorea: «Konpositorea naiz, eta kito».

Sortu duen musika guztiaren %5 besterik ez da idatzi nahi izan zuen musika, haren hitzetan: «Horrek esan nahi du nire musikaren %95 publiko zabalarentzat idatzia izan dela. Film bat jende arruntak ulertu behar du, eta jende arruntak ez du zertan musika konplexua ulertu». %5 horrekin esperimentatzen aritu denean, musikak erabat harrapatu du. «Ez diot nire musikaren %95 hutsala denik. Behar sinpleetara egokitutako musika da».

Zinemagile handiekin lan egindakoa da Morricone, eta pelikula gogoangarri askotako musika hark sortua da. Italian bertan, Leonerekin ez ezik, ezaguna da Giuseppe Tornatorerekin egin duen lan guztia. Nuovo Cinema Paradiso filmean (1988) hasi zen harekin lanean, eta zuzendariaren lan guztietako musika sortu du ordutik. 70eko hamarkadan, herrialdeko zinemagile garrantzitsuenekin aritu zen, haien lan izarretan: Bernardo Bertolucciren Novecento-n, Pier Paolo Pasoliniren Salò o le 120 giornate di Sodoma-n eta Gilo Pontecorvoren La battaglia di Algeri-n, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.