Bertsolari Txapelketa Nagusia. Aurreko finalak

Batzuentzat zena denentzat da

Aldaketak gertatu dira aro modernoan: gaztetu da zalea eta parte hartzailea, askotarikoagoa da haien jatorria, sendo zapaldu du oholtza emakumeak, doinutegia handitu da... eta BECek Karmelo Balda ordeztu du.

1980. Amuriza, txapela jantzita, agurrean. SENDOA ARGITALETXEA.
Igor Susaeta.
2013ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
1980

• Finalistak: Angel Larrañaga, Jon Azpillaga, Manuel Sein Xanpun, Txomin Garmendia, Patxi Etxeberria, Jon Enbeita, Xabier Amuriza eta Jose Luis Gorrotxategi.

• Txapelduna: Xabier Amuriza.

• Txapeldunordea: Jon Enbeita.

• Non: Donostiako Karmelo Balda pilotalekuan.

• Noiz: 1980ko urtarrilaren 6an.

BIZKAITAR BAT BATUAN

Euzko Gaztediak 1935ean eta 1936an antolatutako txapelketen ondoren —Inazio Eizmendi Manterola Basarri eta Jose Manuel Lujanbio Txirrita izan ziren garaileak, hurrenez hurren—, Espainiako gerraren osteko etena gertatu zen. Euskaltzaindiak hartu zuen antolatzeko ardura handik urte batzuetara, eta 1960koa Basarrik irabazi zuen atzera; 1962an, 1965ean eta 1967an Manuel Olaizola Uztapide izan zen garaile. Hamahiru urte geroago jokatu zen hurrengoa, eta Xabier Amurizak irabazi zuen. Ordurako ezagunak ziren Zamorako kartzelatik bidalitako bertsoak, eta bat-batekoan ere trebezia erakutsi zuen. Bizkaitarra izan arren, batuan abestu zuen, orduko moldea hautsiz eta bertsolaritza modernoaren oinarriak jarriz. Txapelketa hark lau kanporaketa eduki zituen —bina, eta egun berean, Arrasaten eta Gernikan—, eta hogei bertsolarik parte hartu zuten guztira.

1982

• Finalistak: Sebastian Lizaso, Jon Azpillaga, Txomin Garmendia, Imanol Lazkano, Jon Enbeita, Xabier Amuriza, Anjel Mari Peñagarikano eta Jon Lopategi.

• Txapelduna: Xabier Amuriza.

• Txapeldunordea: Jon Lopategi.

• Non: Donostiako Karmelo Balda pilotalekuan.

• Noiz: 1982ko abenduaren 19an.

AMURIZAREN BIGARRENA

Bi multzotan banatu zuten txapelketa. A deitutakoa ordu arteko txapelketetan «azkenera arte iritsi izan zirenek, 1980ko Txapelketa Nagusian esku hartu zutenek eta 1968ko txapelketan kantatu zuten guztiek osatu zuten». B deiturikoan «maila horretara» heldu ez zirenak eta bestela izena eman nahi izan zutenak aritu ziren. Maiatzean eta ekainean jokatu zen lehen fasea, eta azaroan eta abenduan bigarrena. 66 bertsolari lehiatu ziren, eta, finalaz gain, beste hamalau saio eduki zituen txapelketak; ordurako, jada, Iparraldera eta Nafarroara hedatuta zegoen. Xabier Amuriza nagusitu zen, Jon Lopategiren aurretik.

1986

• Finalistak: Jon Lopategi, Xabier Amuriza, Andoni Egaña, Iñaki Murua, Sebastian Lizaso, Jon Enbeita, Anjel Mari Peñagarikano eta Jon Sarasua

• Txapelduna: Sebastian Lizaso.

• Txapeldunordea: Jon Lopategi.

• Non: Donostiako Anoeta belodromoan.

• Noiz: 1986ko martxoaren 23an.

EMAKUMEZKO BAT ESTREINAKOZ

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak aurrenekoz antolatutako txapelketan, 90 bertsolari lehiatu ziren guztira —inoizko kopururik handiena—, eta horien artean zegoen, estreinakoz, emakumezko bat: Kristina Mardaras. Urrian hasi zen txapelketa, eta martxoa arte iraun zuen. Finalaren aurretik 26 saio jokatu ziren. Aurreko txapelketako finalaren aldean, hiru ziren izen berriak: Jon Sarasua, Andoni Egaña eta Iñaki Murua. Jada 1982an kantatutakoak ziren Sebastian Lizaso eta Anjel Mari Peñagarikano. Belaunaldi aldaketa gertatzen ari zen. Izan ere, ia hurrengo hamarkada osoan bertsolari horiek izango ziren puntan ibiliko zirenak. Finaleko ofizio batean «Batetikan korroxka...» bertsoaldi ezaguna kantatu zuten Andoni Egañak eta Anjel Mari Peñagarikanok. Bertso-Hop abestia bilakatu zuen Negu Gorriak-ek,1990ean.

1989

• Finalistak: Sebastian Lizaso, Imanol Lazkano, Xabier Euzkitze, Mikel Mendizabal, Andoni Egaña, Jon Enbeita, Jon Lopategi eta Iñaki Murua.

• Txapelduna: Jon Lopategi.

• Txapeldunordea: Sebastian Lizaso.

• Non: Donostiako Anoeta belodromoan.

• Noiz: 1989ko abenduaren 17an.

ARANTZA ATERA ZUEN JON LOPATEGIK

Gaur egun indarrean dagoen txapelketa sistemaren eredua abiarazi zuten aldi hartan. Aurreko txapelketako garailea eta txapeldunordea finalerako zuzenean sailkatuta zeuden, eta gainontzeko finalistak finalerdietan hasi ziren kantuan. Berrogei bertsolari aritu ziren lehian, eta azaroa eta abendua artean hamabi saio jokatu ziren finalaren aurretik. 1982ko eta 1986ko finaletako arantza atera, eta Jon Lopategi bizkaitarra nagusitu zen. Enbeitatarren bueltan sortutako bertsokeran hazitakoa, dotorezia eta konpromisoa uztartzen zituen bere aleetan.

1993

• Finalistak: Xabier Euzkitze, Aritz Lopategi, Sebastian Lizaso, Anjel Peñagarikano, Unai Iturriaga, Jon Enbeita, Andoni Egaña eta Jokin Sorozabal.

• Txapelduna: Andoni Egaña.

• Txapeldunordea: Xabier Euzkitze.

• Non: Donostiako Anoeta belodromoan.

• Noiz: 1993ko abenduaren 19an.

GARAIEZINAREN LEHENA

Txapelketa hark bost final-laurden eta lau finalerdi eduki zituen belodromoko ekitaldiaren atariko. Gainera, egun berean eta toki berean bi kanporaketa jokatu ziren azkeneko aldia izan zen. Jokin Sorozabalek aurrenekoz (eta azkeneko aldiz) kantatu zuen final batean, eta Xabier Euzkitzek eta Jon Enbeitak azkeneko aldiz. Xabier Amurizak hasitako bertsokera modernoaren bidean, aurreko bi txapelketetan baino era zorrotzagoan erakutsi zuen Andoni Egañak bere dohainak zeintzuk ziren: zaindua forman, sakona arrazoiketan, hizkera kultukoa eta irri gozokoa.

1997

• Finalistak: Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Unai Iturriaga, Jon Maia, Jexux Mari Irazu, Aritz Lopategi eta Mikel Mendizabal.

• Txapelduna: Andoni Egaña.

• Txapeldunordea: Sebastian Lizaso.

• Non: Donostiako Anoeta belodromoan.

• Noiz: 1997ko abenduaren 14an.

BELAUNALDI BAT PROTAGONISTA

Egañak irabazi zuen txapelketa bigarrenez, baina txapelketa hartako finalean tokia eskatzen ari zen belaunaldi baten presentzia nabarmendu behar da. Izan ere, Unai Iturriagak 23 urte baino ez zituen —bigarren finala zuen—, Jon Maiak eta Jexux Mari Irazuk 25, eta Maialen Lujanbiok 21; belodromoko oholtzara igota, gainera, final batean kantatzen zuen lehendabiziko emakumea bilakatu zen hernaniarra. Egaña eta Sebastian Lizaso haren adiskidea heldu ziren buruz burukora, eta lehena nagusitu zen. Hamar saio jokatu ziren finalaren aurretik.

2001

• Finalistak: Maialen Lujanbio, Jexux Mari Irazu, Aitor Mendiluze, Igor Elortza, Jon Maia, Unai Iturriaga, Andoni Egaña eta Sustrai Colina.

• Txapelduna: Andoni Egaña.

• Txapeldunordea: Maialen Lujanbio

• Non: Donostiako Anoeta belodromoan.

• Noiz: 2001eko abenduaren 16an.

IPARRALDEKO BAT BERRIRO OHOLTZAN

22 urteren ondoren, Iparraldeko bertsolari batek kantatu zuen finalean. Hala, Sustrai Colina gazteak —19 urte besterik ez zuen—, Manuel Sein Xanpun-en lekukoa hartu zuen; Amets Arzallus are gaztegoa, berriz —18 urte—, finalaren atarian geratu zen. Sebastian Lizasok parte hartzeari uko egin zion, eta finalean are nabarmenagoa izan zen belaunaldi aldaketa. Izan ere, Egañak ez beste guztiek 30 urte baino gutxiago zituzten. Aurrenekoz aritu zen emakumezko bat txapelketako saioetako aurkezle lanetan: Saroi Jauregi.

2005

• Finalistak: Unai Iturriaga, Jon Maia, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Andoni Egaña eta Igor Elortza.

• Txapelduna: Andoni Egaña.

• Txapeldunordea: Unai Iturriaga.

• Non: Barakaldon, BECen.

• Noiz: 2005eko abenduaren 18an.

BECEKO APOTEOSIA

Eremu erdaldunetara iristea ere bada Bertsozale Elkartearen helburuetako bat, eta hori izan zen finala Barakaldoko BECera eramateko arrazoietako bat. 13.000 bertsozaletik gora bildu ziren, giro apoteosikoa sortu zuten. Egañak laugarren eta azken aldiz jantzi zuen txapela, Uztapideren marka hautsita. Finalaren ondoren, ordea, gazteagoen txanda iritsi zela adierazi zuen. Jokin Uranga finaletik kanpo geratu zen puntu bakarrarengatik. Unai Iturriagak bi poto egin zituen azkeneko finalaurrekoan, Donostian, baina epaileek potolapsusak izan zirela deliberatu zuten. 2001eko finalarekin alderatuta, Amets Arzallusek hartu zuen Irazuren tokia. Larrauldarrak ezin izan zuen finalaurrekoetako langa ganditu.

2009

• Finalistak: Amets Arzallus, Aitor Sarriegi, Jon Maia, Aitor Mendiluze, Andoni Egaña, Sustrai Colina, Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga.

• Txapelduna: Maialen Lujanbio.

• Txapeldunordea: Amets Arzallus.

• Non: Barakaldon, BECen.

• Noiz: 2009ko abenduaren 13an.

BI AITORPEN BATEAN

Inoiz baino jendetsuagoa izan zen txapelketa, eta finalaren bezperan aipatu zen txapela buruz aldatzeko tenorea heldu zela. Eta ailegatu zen. Maialen Lujanbiok adierazi zuen gauzak ondo egitea zela txapelera hurbiltzeko modurik onena. Hitzok beteta, Joxe Agirre zenak jantzi zion txapela. Batetik, emakumezko bat aurrenekoz txapeldun; eta, bestetik, Lujanbioren belaunaldia puntaren puntan txapelketan, hamabost urteko ibiliaren ondoren. Bi aitorpen batean, hortaz. Biharamunean ere bere kideekin gogoratu zen: «Urteetako ibilbide baten eta gure belaunaldiaren txapela da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.