Batzuek bortxa, besteek erresistentzia

World Press Photok Kanadako eskola katolikoetan hildako haur indigenen inguruko irudi bat hautatu du urteko argazkitzat. Beste hiru argazki ere saritu dituzte; denek dituzte herri indigenak eta haien kulturak ardatz

Lalo de Almeidaren Amazoniako distopia laneko irudi bat. WORLD PRESS PHOTO.
Edu Lartzanguren.
2022ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Kazetaritza argazkiak saritzen ditu World Press Photo lehiaketak, eta lau irudi eta horrekin loturiko istorioa hautatu ditu garaile. Amber Bracken argazkilariak Kanadako Kamloops barnetegian harturiko argazkiak irabazi du Urteko Argazkia saria: Kanadako eskola katolikoetan hildako haur indigenak gogora ekartzen ditu argazkiak.

Gurutzeak, eskolaren lurretan topaturiko ehunka hilobiren oroigarri, eta haietatik zintzilik soinekoak. 215 haurren gorpuzkiak topatu zituzten iazko maiatzean han. Urrutiago, ostadar bat, erauzi nahi izan zuten indigenen kulturaren agergarri. Sinbolismoz beteriko irudia. Izan ere, antolatzaileek nabarmendu dute sarien 67 urteko historian lehen aldiz jo dutela irabazletzat pertsonarik ageri ez duen argazki bat.

Duela 53 urtera arte barnetegi moduan erabili zuten eraikina, eta Tk'emlups te Sechwepemc herri indigenako buruzagiek susmoa zuten desagerturiko haurren gorpuzkiak zeudela han lurperaturik. 1890ean zabaldu zuten barnetegia, eta gobernuaren eta erakunde katolikoen eskumenekoa izan zen. Batez ere, haur indigenak hartu ohi zituzten bertan, eta komunitate indigenek hainbatetan salatu izan dute haurrak euren bizilekutik atera eta barnetegira joatera behartzen zituztela. Datu ofizialen arabera, 1831 eta 1996 artean 150.000 haur inguru eraman zituzten, Kanadako gizartearen balioak asimilatzeko, eta euren kultura ordezkatzeko.

2015ean, txosten batek adierazi zuen «genozidio kulturala» izan zela haur indigenen aurka egindakoa. Kalkulatu dutenez, gutxienez, 4.100 ikasle hil ziren eskola horietan, tratu txarren, gaitzen, utzikeriaren eta istripuen ondorioz.

2017an, Kanadako Gobernuak barkamena eskatu zien indigenei, eta, joan zen astean, Frantzisko I.a Eliza katolikoko buruak ere barkamena eskatu zien komunitate indigenei, Eliza katolikoak barnetegi sisteman eduki zuen eginkizunarengatik. Izan ere, eliza horrek kudeatu zituen haur indigenentzako Kanadako barnetegien %70.

Brackenen argazki sariduna aurkeztean, «kolonizazioaren historiaz hausnartzeko une globala» dela esan du Rena Effendik, epaimahaiko buruak.

Argazkilariak adierazi duenez, historia koloniala ez da antzinako gauza: «Historia biziduna da, eta bizirik iraun zutenek oraindik ari dira horrekin bueltaka. Adiskidetzeaz edo sendatzeaz hitz egin nahi badugu, oraindik horretan dagoen bihotza aintzat hartu beharko dugu».

Suaren aurka, Australian

Beste hiru sari ere eman ditu World Press Photoko epaimahaiak, eta Effendik azaldu du guztiak lotuta daudela, «gizateriaren aurrerakuntzarako presak, planetan eragiten duen hondamendia» jorratzen dutelako, bakoitzak bere ikuspegitik.

Urteko Argazki Istorioaren saria Matthew Abott argazkilariak irabazi du, Basoak suarekin salbatzen bildumarengatik. Izan ere, iaz sua izan zen gai nagusietako bat, munduko hainbat bazterretako naturagunetan gertaturiko hondamendiengatik. Suaren beste aurpegia erakutsi du Abbottek, ordea: Australia iparraldeko Nawarddeken herriak sua nola erabiltzen duen, ingurumena zaintzeko. Milaka urte dituen plangintza bati jarraikiz, indigenek estrategikoki erretzen dituzte euren lurrak. Sastraka poliki erretzen dute, hil lehorretako sute suntsigarriak ekiditeko. 1,39 milioi hektarea kudeatzen dute horrela.

Gai bat denbora luzez jorratzen duten argazkilariei Argazki Egitasmo Luzearen saria ematen diete, eta Lalo de Almeida argazkilari brasildarrak irabazi du aurten, Amazoniako distopia lanarekin.

De Almeidak 12 urtez jorratu du Amazoniaren suntsipena eta horrek bertako komunitate indigenengan duen eragina. «Ezin dituzu gizarte gaiak ingurumen gaietatik bereizi, bi gauza ezberdin balira bezala», adierazi du argazkilariak. «Ikusten duzu basoen soiltze mailarik handienak dituzten herri gehienek pobrezia mailarik handienak ere badituztela». Egoera are gehiago okertu da eskuin muturreko Jair Bolsonaro Brasilgo presidente bihurtu zenetik, antolatzaileek azaldu dutenez.

Formatu Irekiko saria, bestalde, indigenen ezagutza eta ingurumena lotzen dituen beste lan bati eman diote: Ekuadorko Isadora Romero irudigilearen Odola hazi bat da bideoari. Argazki eta marrazkien bidez kontatzen du sortzailearen arbasoek nola iraunarazi zituzten indigenen hainbat patata mota, haziak gordeta.

Hala, lanak hausnartzen du bioaniztasunaz, migrazio derrigorturikoaz, arrazakeriaz eta kultura galtzeaz. Epaimahaikideek esan dutenez, nekazaritzako landareen aniztasun genetikoaren %75 galdu da XX. mendean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.