Webgune berria atontzen eta orrazten ari dira. Eta, ondo bidean, asteon bertan jarriko dute abian bai webgunea (http://mae-eme.com) eta baita elkartea bera ere. Hilabeteak dira Euskadiko Musikari Elkartuak (EME) sortzeko asmoz hainbat musikari biltzen hasi zirela, ideak elkarrekin trukatu eta musikarien kezka, interes eta betebeharren inguruan eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko gune bat sortzeko asmoz. Kideak batzeko kanpaina bat hasi zuten, eta elkartea eratu eta abian jartzekotan daude.
Elkartea sortu baino gehiago birsortu egingo da, izan baitzuen lehen aldi bat 90eko hamarkadaren erdialdera. Hainbat urtez iraun zuen egitasmoak, baina zuzendaritzako kideak nekatu egin ziren, eta ordezkorik agertu ez zenez, bertan behera geratu zen. Orduko kideen artean zen Iñaki Salvador musikaria, eta gaur egungo proiektua bultzatzen ere buru-belarri dabil. EMEren sustapen batzordean dago gaur egun, Joxan Goikoetxea, Itxaso Gonzalez, Carlos Gracia, Sorkunde Idigoras, Luis Mari Moreno eta Ainara Ortegarekin batera.
Elkartearen lehen egitekoa «erakundeen aurrean ahots bat» izatea izango da, Iñaki Salvadorrek dioenez. Horrez gain, musika promotore, diskoetxe, kontzertuetarako areto eta beste hainbat musika eragile biltzen dituzten egitura handiagoen parte ere izango da. «Gure esparruko arazo profesionalei erantzuna emateko onena batzea dela uste dugu, eta ez soilik musikariok bakarrik, baizik eta musikaren inguruan gabiltzan guztiok».
Elkarteak Donostian izango du egoitza, Zedro plazan. Elkarte «erabat independentea» izango da, baina «erakundeen babesa» izango du aldian behineko ekintzetan, «gisa honetako elkarteek izan ohi duten modura». Zuzendaritza Batzordea zazpi kidek osatuko dute, eta lan batzordeak antolatzeko asmoa dute, «kide diren musikariek euren ekarpenak egin ditzaten, duten ezagutza eta gogoaren arabera».
Orain arte egin izan dituzten bileretan ehun lagun inguruk eman dute izena. «Hurbildu zaigun jendea interes eta gogo biziz hurbildu da. Horregatik, indarrez eta ordezkaritza zabalarekin hastea espero dugu». Elkarteko kide izateko «ez dago baldintza berezirikbete beharrik», azaldu du Salvadorrek. «Urtero kuota bat ordaindu beharko da, oso txikia, ia-ia sinbolikoa. Elkartearen funtzionamendua bermatzeko gutxieneko diru bat izango da. Hori izango da konpromiso bakarra».
Egile eskubideen defentsa
Aurreko etapa motza izan arren elkarteak «oso ondo» funtzionatu zuen, Salvadorren hitzetan. «Oso jende desberdina bildu genuen, eta zerbitzu ugari eskaini ahal izan genizkien musikariei, baita hainbat proiektu sortu ere». Orduko hartan orotariko musikariak batu zituen elkarteak, jazz mundukoak, herri musikaren inguruan zebiltzanak, pop-rock eta folk esparrukoak... eta orain ere hala biltzea nahi lukete, ahalik eta ordezkaritza zabalena izateko.
Elkarteak izango duen borroka eremu garrantzitsuetako bat egile eskubideena izango da. Elkartea sortzeke zegoela gatazka txiki bat izan zuen Ekaitzaldia webgunearekin. Webgune horrek hainbat eta hainbat disko dohainik deskargatzeko aukera ematen du. EMEkoak webgunekoekin harremanetan jartzen saiatu ziren, Salvadorrek azaldu duenez. «Ez dago gatazkarik. Blogaren erantzuleekin harremanetan jartzen saiatu gara, baina euren nortasuna ezkutatu digute, eta euren diskoak oparitu nahi ez dituzten artisten eskaerei kasu egin gabe, hortaz. Sortzaileen eskubideak babesteko ekintzak bultzatu behar dituztenen esku utzi dugu kontua, eta lehenbailehen emaitzaren bat izatea espero dugu», azaldu du Salvadorrek.
Batuta musika errazagoa delako
Euskadiko Musikari Elkartea abian jarriko da asteon, musikarien kezka eta interesei erantzuteko xedearekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu