Idoia Zabaleta. Koreografoa

«Battiato eta Eskorbutoren musikala da pieza hau»

'Posthumos' «kutsu amateurreko» lana aurkeztuko du gaur Viktoria Eugeniako Klub aretoan. «80ko hamarkadari begiratzen dio; baina gainetik eta oso era festiboan, gainera».

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
2014ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Joan den urteko urtarrilean Bilboko La Fundicion aretoan estreinatu zuenetik, Gasteizen, Iruñean eta Valentzian ere (Herrialde Katalanak) oholtzaratu du Posthumos pieza Idoia Zabaleta dantzari eta koreografoak (Gasteiz, 1970). Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko Klub aretoan interpretatuko dute gaur Garazi Lopez de Armentia, Ana Gandia eta Kris Orak (20:00). Izan ere, Zabaletak ez du obra hori dantzatzen, bere lan autobiografikoena iruditzen zaion arren. Kaxilda liburu dendan antolatutako Arrakalatuta topaketen barruan, gainera, Alta Boza tailer performatiboa zuzenduko du etzitik igandera. «Garrasiaren ideiari buruzko esperimentua izango da».

Zer proposatzen du Posthumos piezak?

Nire ibilbideko ildo bat itxiko duen pieza bat dela esango nuke. Fisuras proiektuko lanak Royal Dance, Fisuras 1 eta Txoriak dira, eta horien ildoari jarraitzen dion pieza da; Txoriak-en beste aldea litzateke —horretan ni bakarrik ateratzen nintzen oholtzara—. Nahiko basatia naiz, eta Posthumos nire pieza txarrena balitz bezala aurkezten dut; ikasturte bukaerako lan onena izango balitz bezala, alegia. Izan ere, badu amateur kutsu bat. Lanaren gaia da 80ko hamarkada eta horren bueltako musika; Eskorbuto eta Franco Battiatoren abestien musikal baten gisakoa da. 80ko hamarkadari begiratzen dio, baina gainetik eta oso era festiboan, gainera.

Eta zer lortu edo adierazi nahi izan duzu?

Ez dakit... Behar nuen halako zerbait. Ni ez nago oholtzan, baina distantziarekin ikusi dut nire lan autobiografikoena dela. Orain 50-55 urte dituztenei, belaunaldi horretako kideei, galdera bat egiten diet: «Zer egin zenuten?». Edo: «Zer egin duzue?». Eta galdera hori egiteko taulan jartzen dudan gorputza 25 urteko emakumezkoak dira; egun 50-55 urte dituztenek adin hori zutelako 80ko hamarkadan. Behar nituen emakumezkoak, eta Eskorbutok Anti todo diskoa (1986) kaleratu ondoren jaiotakoak behar zuten izan.

Esan izan duzu kontatzen dena baino gehiago kontatzeko modua interesatzen zaizula. Baita pieza honetan ere?

Bai. Tira, lan hau ez da hain sofistikatua; izan ere, beste batzuetan egiteko modu hori interesatu izan zait gehiago. Honetan, berriz, gaia. Baina Posthumos-en belaunaldi bati beste baten bidez egiten diot galdera, modu lotsagabean.

Donostian aurrenekoz taularatuko duzue pieza. Sortzen dituzun lanekin, zure erronketako bat izaten da jakitea zer-nolako eragina izan dezakeen kanpoan dagoenaren begiradan. Zer sumatu duzu orain arte?

Nire lanek ere jarraipen bat daukate publikoak planteatzen dituen galderetan, eta honek eragiten ditu batzuk.

Zeintzuk dira galdera horiek?

Adibidez: «Zeintzuk dira emakumezko horiek?». Hildako batzuen eskeleto batzuk agertzen dira. Anbiguotasunean mugitzen naiz ni... «Gu ginena da ikusten duguna?»; «zein hildakori abesten diote?»; «zergatik emakumezkoak?»; «atzean dagoen pertsona, kasu honetan Idoia, non kokatzen da?»; «ari da galdetzen?»; «barre egiten?»; «aldarrikatzen?»; «aldarrikapenaz barre egiten?». Gustatuko litzaidake ikusleak galdera hau egitea bere buruari: «Ni non kokatzen naiz hor barruan?».

Dantzatik gehien interesatzen zaizuna da idazkeratik eta mintzairatik duena. Lengoaia hori publikoari helaraztea, ordea, ez da erraza; erronka bat da zuentzat. Izan ere, gizarteak ez dauzka oso barneratuta diziplinaren kodeak, kasu honetan dantza garaikidearenak.

Ulertzen dut esaten duzuna —tira, ziurrenik, pentsatzen duguna baino bitartekaritza lan txikiagoa egin beharko litzateke, horri dagokionez, hezkuntzan eta sentsibilitate prozesuetan—, baina ez da Posthumos-en kasua. Izan ere, Fisuras-ekoak erabat ulergarriak dira; ikasturte amaierako obrak, finean. Norbaitek pentsatzen baldin badu ikustera doala aipatutako kodeak dauzkan dantza garaikideko pieza bat, bada, harrituta geratuko da, eta kostatuko zaiosartzea beste espektatiba batzuk dauzkalako. Kodeak erabat ulergarriak dira.

Orduan, gehiegizko bitartekaritza hori zalantzan jartzeko modu bat ere badira piezak.

Bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.