Ez zegoen lozorroan, baina hala zirudien. Isilik. Kanpotik etor zekizkiokeen galderei eta eskaerei entzungor. Harik eta egun batean iratzarri eta garrasi egin zuen arte. Ezustean, aurretik inolako zantzurik eman gabe, atera zen plazara, iazko abenduaren hasieran, Lisabo taldea. Ia sei urte igaroak ziren Irungoek (Gipuzkoa) kontzertuak emateari utzi ziotenetik, eta bat baino gehiago hasia zen pentsatzen animalia ez zela berriro esnatuko. Eta edertasunaren lorratzetan biluztu ginen (Bidehuts) taldearen bosgarren diskoak, baina, uxatu ditu egon zitezkeen zalantza guztiak. Hor da betiko Lisabo, intentsitatea, indarra, zarata (eta isiluneak) modu basati batean lantzen dituen taldea.
Ez da bide erraza izan. Inoiz ez, Lisaboren kasuan. Diskotik diskora kide aldaketak jasan behar izan ditu, eta oraingoan ere hala gertatu da. Animalia lotsatuen putzua (2011) aurreko diskoari lotutako birako azken kontzertua Bilboko Kafe Antzokian 2013ko apirilaren 27an eman ondoren, taldeak makinak gelditu zituen. Hasieran, disko bat prestatzen hasteko helburuarekin. Asmoak asmo, ezinezkoa gertatu zitzaien. Ivan Zabalegi bateria jotzaileak taldea uztea erabaki zuen, eta, handik gutxira, beste bateria joleak, Eneko Aranzastik, atzerrira joan behar izan zuen bizitzera. Aranzasti bera mintzo da: «Hor, momentu horretan, ni taldetik kanpo nengoen. Hau da, bi bateria jotzaileak falta ginen... Eta, hori baino lehen ere, Ezlekuak (2007) egin baino lehen, Aidak [Torres] taldea utzi zuenean... ematen zuen ezingo genuela aurrera egin».
Zailtasunak, baina, akuilu bilakatzen dira zenbaitetan, eta oraingoan ere hala gertatu da. Aranzasti Euskal Herrira itzuli zen, baina, 2016an, Joseba Poncek, azkeneko biran hirugarren gitarrista izan zenak, utzi egin zuen taldea. «Aldaketak beti dira, hasieran, kolpe bat», arrazoitu du Karlos Osinaga taldeko gitarrista eta abeslariak: «Norbaitek uzten duenean, latza izaten da. Hala izan zen Jabik [Manterola] utzi zuenean [Izkiriaturik aurkitu ditudan gurak (2005) diskoan ez zuen parte hartu], baina uste dut aurre egin geniola eta, horri esker, sustraiak tinkoago ditugula. Gero Aidak utzi zuen, Ionyuk gero [Ion Yugeros], Ivanek... Beti daukagu moldatzeko zailtasuna, baina, era berean, gure artean ere konexio pertsonal handia dago, eta denok ulertzen dugu Lisabo era batean. Behin ulertuta zer lortu nahi dugun, denok moldatzen gara».
Hiru urteko etenaren ostean, 2016an hasi ziren Osinaga, Manterola (gitarra eta ahotsa), Xabi Zabala (baxua) eta Aranzasti berriro elkartzen. «Lehen ariketa izan zen bi kantu zahar hartu eta jotzea: gimnasia pixka bat egiteko eta sentsazio batzuk berreskuratzeko», oroitu du Aranzastik. Hor konturatu ziren giharra mantentzen zuela taldeak, makineria herdoildu gabe zegoela. Osinaga: «Lehen momentu horretan aurki dezakezu desastre bat, edo alderantzikoa. Eta, zorionez, ikusi genuen ondo geundela. Horrek berak konfiantza eman zigun aurrera egiteko. Lehen hiruzpalau entseguetan giro bat sortu zen, eta hori inportantea izan zen».
Bi bateriarekin jotzea izan da, ia taldearen hasieratik, Lisaboren ezaugarrietako bat. Bere soinuaren berezitasunetako bat. Entseguekin hasi zirenean, baina, Aranzasti baino ez zegoen. «Aztertu genuen, edo nik neuk, behintzat, planteatu nion neure buruari agian bateria bakarrarekin jo beharko genuela aurrerantzean». Entseguetan ere hala hasi ziren jotzen, baina, egun batean, «Txap bateria jotzen hasi», eta atzera bota zuten ideia. «Eta pentsa nik nola jotzen dudan bateria!», bota du, umorez, Osinagak. Eta gaineratu: «Sentsazio fisikoak dira askotan. Planteatu bai, baina sentitzen duzunean beste zera hori...».
Taldea osatu beharra
Bigarren bateria jotzailea behar zutela erabakita, taldea osatzea izan da «arazorik handiena», Osinagaren iritziz. Zuzenean, Borja Tovalek (Sacco) hartuko du Poncek betetzen zuen hirugarren gitarristaren lekua, eta bateriaz Sergio Gonzalez (Izaera, Sorkun) arduratuko da. «Urte hauetan askotan pentsatu behar izan dugu ea norekin konta genezakeen hau aurrera ateratzeko. Sergioren aukera hor zegoen, baina garai batean pentsatzen genuen zaila izango zela. Bigarren bateriarena kezka bat izan da...».
Lisaboren lehenengo bi diskoetan parte hartu zuen Aida Torresek, baina Izkiriaturik aurkitu ditudan gurak-en ondoren taldea utzi zuen, eta geroztik Jupiter Jon taldean aritu da. Hain zuzen ere, Eta edertasunaren lorratzetan biluztu ginen-en grabazioan berak osatu du bateria bikoa. Osinaga: «Ikusten genuen gure egoeran oso zail genuela zuzenean jotzea, eta esan genion geure buruari: 'Behintzat, egin eta graba ditzagun kantuak. Jo ahal badugu, ondo; eta, bestela, lasai'». Azken batean, taldeak «bizi» zegoela sentitu behar zuen. «Gustatzen zaigu dena lotzea, baina batzuetan ezinezkoa da. Eta zuzenekorako taldea osatu arte itxaroten bagenuen, izugarri luza zitekeen prozesua. Inportantea zen grabatzea; gero ikusiko genuen zuzenean zer egin».
Torresek gustura hartu zuen diskoaren grabazioan parte hartzeko proposamena, Osinagak azaldu duenez. «Berak ez zuen bere burua zuzenean jotzeko ikusten, baina proposamena gustatu zitzaion. Oso lagunak gara, elkarrekin hazi gara. Eta haren itzulera izan zen inoiz gertatu zaigun gauza ederrenetako bat». Aranzastirentzat ere oso berezia izan zen garai batean kide izan zuenarekin berriro elkartzea, Lisaborekin jotzen hasi zenean harengandik asko ikasi zuelako. «Bi bateria izanda, ondo barneratu behar duzu ondokoak nola funtzionatzen duen. Hori lortzen duzunean, ez da hain zaila, baina prozesu hori pasatu behar duzu... Hizkuntza bat ikasi behar duzu. Hori dela eta, Aidarekin berriro jotzea ederra izan da».
Zentzumenak miran
Animalia lotsatuen putzua disko basatia izan zen, gordina, pausarako tarte gutxi uzten zuena. Eta edertasunaren lorratzetan biluztu ginen-ek gordetzen du bere erraietan izaera basa hori, baina matizatuagoa da bere gordintasuna, kontraste handiagokoa, pasarte pausatuagoak ere biltzen baititu barrenean. Baita batzuetan kantu berean ere —Olio tantak ezpainetan, Oroimena galdu aurretik idatzi gabeko gutuna—. «Sortzen hasi ginenean, ez genuen inolako aurrepentsamendurik edo ideiarik, baina, egin ahala, gorputzak eskatu digu pasarte geldoago horiek sartzea», azaldu du Aranzastik.
Prozesuak berak eman dio forma diskoari, eta egitura ere horren ondorio bilakatu da, Osinagaren iritziz: «Nik esango nuke aurreko diskoa nahi genuela basatia izatea. Saiatzen gara geure buruari galdetzen zer egin nahi dugun, zein kontzeptu edo egitura eman nahi diogun diskoari. Eta uste dut denok nahi genituela berreskuratu aurretik ere landuak genituen pasarte geldoago horiek». Maite Arroitajauregik ez zuen Animalia lotsatuen putzua-n parte hartu, diskoaren izaera gordinak berak ez zuelako eskatzen, baina lan berrian entzun daiteke haren txeloa. Osinaga: «Disko honetan ikusten genuen. Gainera, Maite beti egon da gurekin, maketa atera genuenetik. Guretzat, taldeko beste kide bat da».
Zazpi kantu bildu dituzte diskoan, baina gehiago zituzten eginak. «Azkenean, gure ustez borobilenak direnak jaso ditugu, eta grabatuz joan garenean joan da diskoa bera oreka hartzen, bere egitura aurkitzen».
Zentzumenei eragiten dien musika da Lisaborena, post-hardcore etiketa aise gainditzen duena. Eta baita oso fisikoa ere, Aranzastik dioenez. «Nire kasuan, behintzat, hala da. Sentsoriala eta fisikoa». Eta emozioa beren-beregi bilatu ez arren, taldearen proposamenaren parte ere bada. «Ez dugu propio bilatzen, baina hori aurkitzen dugunean gustura sentitzen gara. Modu inkontzientean bada ere, bilatuko dugu!», gaineratu du Osinagak.
Bilaketa lana ere badago-eta Lisaboren sormen prozesuan. Eta ez bakarrik sortzerakoan; baita gerora ere, hori bera grabatu edo zuzenean jo behar dutenean: «Ideia batzuk momentuan sortzen dira, baina, beste batzuetan, berriz, badakizu hor atzean daudela, eta ez dakizu haiengana nola iritsi. Era berean, batzuetan, diskoa bukatzean, badakizu egon dela momentu bat non lortu duzun sentsazio bat. Deskodetze ariketa bat egin behar duzu, jakiteko gauza jakin bat nola, noiz eta zergatik lortu duzun. Ez da kontu teoriko huts bat; fisikoa eta sentsoriala ere bada», azaldu du taldeko kantari eta gitarristak.
Martxel Mariskalen hitzak
Aurreko lan gehienetan bezala, Martxel Mariskalek jarri dizkie hitzak Lisaboren musika eztandei, eta, izenburuak berak dioen moduan, edertasuna haien ardatzetako bat den arren, irudi gordinak, dramatikoak eta ilunak nonahi azaltzen dira hitz artean. Ez da izan, baina, ideia jakin baten gainean idazteko eskaera bat, eta bai, berriz, hartu-eman sendo bat, «gero eta sakonagoa» dena, Osinagaren ustez: «Musikak eta ahots lerroak eginak genituela, haren etxean egon ginen, eta hasi ginen hitzen inguruan hizketan: 'Hau ondo dago', 'Irudi hauek gustuko ditugu'... Inportantea da hori, nahi duzuna esan ahal izatea. Horrela, hitzak forma hartuz joaten dira».
Hitzak eta musika txertatzen dituztenean hartzen baitu «denak bere zentzua», Osinagaren iritziz: «Orduan hasten gara diskoa ikusten; ordura arte, ez. Agian, sortze prozesuaren bi parte ezberdin dira musika eta hitzak, baina Martxelen testuak jasotzen ditugunean ikusten dugu haiek gabe ez garela ezer!».
Diskoak hiru hilabete daramatza kalean, eta kritika oso onak jaso ditu orain arte. Badok atariak musika kritikarien artean eginiko bozketa batean, urteko diskorik onena izendatu zuten, eta beste zenbait hedabidek ere 2018ko lan aipagarrienen artean sartu dute. Horrekin gustura daude taldekideak, baina uste dute kritikak beren lekuan jarri behar direla: «Egia da kazetari batzuen gustukoak izan garela, eta horiek borrokatu direla gure alde. Baina badakigu, era berean, guk baino onarpen handiagoa dutela beste musikari batzuek. Badakigu non gauden».
Oraingoz, zuzenekoak dituzte miran; lehendabizikoa, bihar bertan, Donostian. Zazpi kontzertu dituzte finkatuak, baina ez da bira itxi bat, eta jotzen segitzeko asmoa dute. Oholtza gainekoa baitute, «alderdi fisikoan nekagarria izan arren», pizgarri nagusietakoa, Osinagaren arabera: «Goza dezagun! Momentu jakin batzuetan denok pentsatu dugu agian ezingo genuela gehiago jo. Eta, guretzat, zuzenean jotzea izugarria da!».
Bateriak berriro kargatuta datoz
Lisabo taldeak bihar emango du, Donostian, 'Eta edertasunaren lorratzetan biluztu ginen' disko berria aurkezteko lehenengo kontzertua. Hainbat kide aldaketari aurre egin behar izan die, 2013an azken emanaldia egin zuenetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu