Nacho Vegas. Musikaria

«Batera kantatu behar dugu, publikoarekin tribuan bat egin»

Modu kolektiboan sortua bada ere, izen-abizenekin sinatu du Nacho Vegasek 'Violética' zazpigarren diskoa. Hemezortzi kantako lana da, urrats bat gehiago musikariaren lanaren «desmaskulinizazioan».

Andoni Imaz
2019ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Violeta Parra, bioleta kolorea, eta andre baten begirada. Emakumez inguratu da Nacho Vegas musikaria (Gijon, Espainia, 1974) azken diskorako: Violética (Marxophone, 2018). Indie eszena alde batera utzita, XXI. mendea hastearekin batera ekin zion bakarkako bideari. Zazpi disko luze eta hainbat kolaborazio lanetan, agerikoa da haren kantuek izan duten bilakaera. Ezinezko maitasunen kronikarik lekua egin zion politikarekin konprometitutako kantariari, baina argi dauka herri musikaren «katebegi» bat dela guztiaren gainetik. Diskurtsotik harago, autoekoizpenaren aldeko hautua egina du Vegasek: «Konpainia handi batekin zailagoa litzateke, baina hori egiteko askatasuna daukagu». Ez da erraza hemezortzi kantako CD bikoitza eta LP hirukoitza argitaratzea, ia kantariaren ibilbide osoko doinuak jasotzen dituen estilo nahasketarekin. Lirikotasunean sumatzen da garapena, baina ezinegon kolektiboen salaketen artean igartzen da hasierako diskoetako barne mundua ere, entzuleekin batera kantatzeko ereserkien xerka. Protestarako kanta kolektiboek Bilboko Kafe Antzokia hartuko dute bihar, 22:00etan. Bandarekin ariko da: Edu Baos, Abraham Boba, Manu Molina, Joseba Irazoki, Luis Rodriguez eta Cesar Verdu aritzen dira aspaldian Vegasen aldamenean.

Oraingoz nora eraman zaitu Violética-k?

Biran murgilduta gaude, eta denbora pixka bat hartu arte ezin izaten zaio behar den ikuspuntutik begiratu. Disko luzea da, anbizio handiagokoa, eta bagenekien kostatuko zitzaigula birari ekitea. Hasiera gogor samarra izan zen, hiri txikietako aretoetan ez da erraza izan martxan jartzea, eta entzule gutxiko kontzertuak ere izan ditugu. Pixkanaka, hartu du itxura, eta bolada onean gaude. Biraren bigarren zatiari indartsu ekingo diogu 2019an.

Musika kontsumo azkarraren garaian, hemezortzi kantako disko bikoitza. Haize kontra joan nahi izan duzu?

Gaur egun, diskoak formatu digitalean zabaltzen dira batez ere, eta hor berdin du diskoa bikoitza edo hirukoitza den: jendeak gustuko abestiak entzuten ditu. Azkeneko diskotik denbora eman dut lanean, eta errepertorio luzea osatu nuen bandarekin entseatzeko. Saiatu nintzen disko bakarra egiten, baina herren gelditzen zen. Ñabarduraz betetako diskoa da, hainbat sentsibilitate ageri direlako, eta musikari begiratzeko modu ezberdinak biltzen ditu. Rock abangoardista dago, baina folka ere bai. Abesti intimoak ditu, dimentsio sozial argiagoa dutenak, eta bi alderdiak abesti bakarrean konbinatuak dituztenak. Uste dut horrek guztiak disko luzea eskatzen zuela.

Guztia elkartzean, ordenari garrantzi handia eman diozu?

Abestien ordenak kezkatzen nau, baina a posteriori. Errepertorio bat osatzen duzunean, kaotikoa da, abesti bakoitza era batekoa delako. Maketatu, bandarekin jo, grabatu eta distantzia hartzean, irizpide kritikoekin begiratu, eta ikusten duzu zertan diren antzekoak. Horregatik, diskoak garrantzitsuak dira niretzat. Konturatzen naiz batasun bat dagoela, abestiak leku eta une berean daudela, eta zentzua duela disko batean jasotzeak. Diskoa osorik entzuteko lana hartzen duenak bidaia bat egin behar du lehen abestitik azkenera arte.

Rock diskoa da, baina asko du folketik ere. Dena sartu nahi izan duzu?

Niretzat, osagarriak dira. Musikarekin ahal den urrunen iristeko, kontzientzia behar da. Taldearekin jotzean, egia esan, rocka egiten dugu. Baina garrantzitsua da gure aurrekoei so egotea: katebegi txiki bat gara herri musikaren bide luzean. Jakinduria handia biltzen da hor, jende askorekin partekatua. Legatu hori jaso behar dugu, eta, horrekin, etorkizunera begirako abestiak egin. Bi begirada horiek bateragarriak dira, eta neure burua berrasmatu nahi izaten dut, autore eta interprete gisa. Horretarako, nondik zatozen jakin behar duzu.

Hain zuzen, Violeta Parra garrantzitsua izan da diskoaren sorreran, ezta?

Bai, keinu argi batzuk daude, batez ere haren Maldigo del alto cielo kantaren bertsioan. Oso leku inportantean dago, erdian, lanaren bi zatiak artikulatzen. Haren figura garrantzitsua da, esan dugun horrexegatik. Ibilbide musikala asmo batekin hasi zuen, misio batekin: folklorista izanda, ez autore. Txileko abestiak berreskuratzen zituen, bera ordezkatzen zutenak, ez orduko modakoak: herrietan zeudenak, helduenek kantatzen zituztenak. Kanta horiek ahaztu egingo ziratekeen horrelako jendeak folklorista lana egin izan ez balu. Azken urteetan, konposatzen hasi zen, eta abesti horietan dago folklorearen ezagutza guztia; baina oso modernoak dira, batzuetan abangoardistak ere bai: soinu atonalekin jolasten zen, eta hizkuntza moldatzen aritzen zen azentuekin, aliterazioekin... Mikel Laboa ekartzen dit gogora. Parra zalea zen hura ere, eta oso gauza abangoardistak egiten zituen fonetikarekin.

Zer eman behar dizu abesti batek haren bertsioa egiteko?

Jakin behar dut neure egin dezakedala. Gustatzen zaizkidan kanta asko jotzen ditut gitarrarekin, eta, batzuetan, konturatzen naiz badela neureganatu dezakedan zerbait. Niretzat, abestiak ez dira soilik partitura eta hitzak, horrek guztiak bizia hartzen du jotzean. Kanta batekin egin daitezkeen interpretazioak bezainbeste kanta daude. Kantatzen dituzu zureak balira bezala: zintzotasunez, adorez, haserre, urratuta.

Violética izena, azala, Parra, emakumeekin kolaborazioak... Genero begiradarekin egindako diskoa da?

Diskoaren izenean, Parrari egin nahi nion keinua; kolorearekin, feminismoari, eta marrazkian emakume bat ageri da, baina ez nuen nahi disko feminista bat egiten ari nintzen itxura ematea, ezta gutxiago ere. Gizonezkoon ardura da genero ikuspegiarekin aritzea gure lanean. Duela urte batzuetatik, nire asmoa ez da soilik genero ikuspegia lantzea, baizik eta nire lana desmaskulinizatzea. Bandan gizonez inguratuta gaude, eta oso osasuntsua da emakumeekin lan egin eta ikusmoldea zabaltzea. Dinamika aldaketa bat egon da, eta oso positiboa izan da nire lanean.

Hitzak daude zure musikaren erdigunean?

Niretzat interpretazioa da garrantzitsua, hitzak eta musika zatiezina den osotasun batean elkartzen baitira. Bereziki zaintzen ditut hitzak, horretan ematen dut denbora gehien, bueltaka, berridazten, baina garrantzitsua da musikarekin konexioa izatea. Hitzak ezin dira ikusi abestitik kanpo baleude bezala, poemak balira bezala; ez du horrela funtzionatzen. Nik zaindu egiten ditut, baina bizia hartzen dute musikarekin, bandarekin eta interpretazioarekin. Kontzertuetan, musikari bakoitzak zerbait ematen du, eta horrek, aldi berean, hitzak indartzen ditu; hau da: hitzek eta musikak elkar indartzen dute.

Abestietan ezinbestekoa besterik ez sartzen saiatzen naiz, apaingarrietatik ihes egiten, ekarpenik egiten ez duten moldaketa politak alde batera uzten. Kantua ekintza emozionala da, eta zorrotza naiz ematen dizkidan aukerekin.

Maitasun tragikoa dela, drogak direla, politika dela... Une oro sailkatzen zaituzte.

Beti hitz egiten da horretaz. Resituación [2014] disko politiko gisa saldu nuen, nahiz eta gauza gehiago ere bazituen. Disko zaharrago batzuetan drogez hitz egiten nuen, baina ez ziren kanta guztietan ageri, ezta gutxiago ere. Maitasun tragikoarekin, gauza bera. Interesa pizten didaten gauzen arteko oreka bilatzean dago gakoa. Kanten atzean bizitza dago, nire bizitza, ulertuta ez bakarrik nire obsesioak eta gertatzen zaizkidan gauzak, baita inguratzen nauen jendea ere, eta hori guztia auzitan jartzen dut kantuan. Ez dira soilik intimitatean sortzen diren kantak eta dimentsio sozial eta politiko nabarmena dutenak; konbina daitezke. Bi begiradak interesatzen zaizkit berdin, unibertso beraren parte dira, eta horregatik da azken lana luzea eta heterogeneoa, uste dudalako hainbat begirada kabitzen direla.

Hori egiten zuen Parrak ere. Arriba quemando el sol kanta, adibidez, meatzariak nola bizi ziren ikusi zuenean sortu zuen. Salaketa kanta zen, baina hunkigarria ere bai, bizitzaz eta giza kondizioaz ari zelako.

Halere, indibidualetik kolektibora egindako garapen bat sumatzen da zure ibilbidean.

Bai, urte batzuk daramatzat diskoak nire izenarekin ateratzen, eta bizitza aldatzen den bezala aldatzen dira abestiak. Lehen urteetan, 2000ko hamarkadan, indibidualismoan geunden sartuta, eta eragin handia zuen kulturan eta musikan. Hitz egiten genuenean kolektiboaz, dimentsio soziala zuten kontuez, distantziazko begirada geneukan; baita zinikoa ere. M15a mugarria izan zen, klima sozialaren aldaketa kulturara ere iritsi baitzen. Politikaz soilik bulegoetan hitz egin zitekeela zirudienean, jendea hasi zen hori ere bere sentitzen, eta entzuten zenuen politikaz kalean, supermerkatuan. Herri musika gizartearekin batera aldatzen da. Horrek eragin du haustura bat irudikatzea, baina naturala izan da niretzat. Zuzenekoetan, abesti zaharrak eta berriak tartekatzen ditut; unibertso berekoak dira. Mundua aldatu da, ez ni.

Violética-n presentzia nabarmena dute koruek. Kolektibotasunari kantu bat dira?

Musika korala gustatzen zait, abeslarion superegoa desegiten baitu. Ez da erabat desagertzen, baina ahots plural eta kolektiboago batean urtzen da. Batera kantatu behar dugu, publikoarekin tribuan bat egin, indibidualtasun asko elkartu espazio batean, enpatiaz.

Nahiz eta eszena aspaldi utzi, jarrerak indie egiten zaitu oraindik?

Ez, ez. Indiea sortu zenean, zentzua zuen, musika alternatiboa mainstream-aren benetako alternatiba bat baitzen. Eszena kontrakultural guztiek bezala, merkatua fagozitatu izatera iritsi zen, orain dena izateko: etiketa bat, indie talde batzuk ezaugarritzen dituen eszeptizismo batena. Hortik nator, baina ez zait iruditzen orain ezer garrantzitsurik esan nahi duenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.