Tolosako Abesbatza Lehiaketa

Batavia Madrigal Singers taldea nagusi

Indonesiakoek irabazi dute Tolosako 51. Abesbatza Lehiaketa, eta Europako Sariketa Nagusian parte hartzeko txartela eskuratu. Poloniako Art'n Voicesek jaso ditu ahots taldeentzako musika erlijiosoko eta profanoko sariak

Erredakzioa
2019ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Indonesiako Batavia Madrigal Singers taldea nagusitu da aurten Tolosako (Gipuzkoa) 51. Abesbatza Lehiaketan. Lau sari jaso ditu guztira. Hasteko, Kutxa Sari Nagusia, zeinari esker datorren urtean Debrec hirian (Hungaria) izango den, Europako Sariketa Nagusian parte hartzen. Ganbera abesbatzen polifonia modalitateko saria ere eskuratu dute, eta folklore modalitatekoa. Azkenik, publikoaren saria eman diote.

1996an sortu zuten Batavia Madrilgal Singers taldea. Ordutik, nazioarteko abesbatza lehiaketa ezagunetan sari gehien irabazi duen Indonesiako taldea bilakatu da. 40 kide ditu —hogei gizon eta hogei emakume—, eta aurtengoa ez dute lehen aldia Tolosako lehiaketa irabazten, 2017an ere sari nagusia eskuratu baitzuten. Bai orduan, bai aurten, Avip Priatnak egin ditu abesbatzaren zuzendari lanak. Gustura agertu zen herenegun, palmaresaren berri jakin bezain pronto. «Lehiaketa bakoitza irakaspen bat da guretzat. Noski, nazioartean ezaguna den lehiaketa batean abesteak eta, gure kasuan, irabazteak, nolabaiteko estatusa eta garrantzia ematen digu; hazten segitzen laguntzen digu. Horrela, Indonesian geroz eta handiagoa den abesbatzarako tradizioa zabaltzea lortuko dugu», adierazi zion Ataria hedabideari.

Europako Sariketa Nagusirako lehiaketan, Indonesiako taldearen atzetik, Japoniako JCA National Youth Choir sailkatu da bigarren, eta Poloniako Art'n Voices hirugarren. Azken horrek ahots taldeentzako bi sariak eskuratu ditu: musika profanoaren atalekoa eta musika erlijiosokoa. Halaber, Ukrainako Glier College eta Letoniako Era taldeak sailkatu dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren, bi modalitate horietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.