Kultura ez da zerbait abstraktua, gudu zelaia da, eta bertan interes oso ezberdinak defendatzen dira». Santi Eraso Artelekuko zuzendari ohi eta Donostia 2016ko kultura aholkulariak halaxe azaldu zuen kulturak gaur egun duen egoera. Harekin ados zen Emmanuel Rodriguez Universidad Nomada taldearen sortzaile eta Traficantes de Sueños proiektuko kidea. Biek kultura politizatzeko beharra azpimarratu zuten herenegun kultura prekarioari buruzko jardunaldietan. Paradigma aldaketa deitutako eztabaidan, kulturaren iraganaz eta etorkizunaz mintzatu ziren Iruñeko Katakrak gunean.
Paradigmaren aldaketa gertatu da kulturan: sorkuntza produktu bat da, eta «erregimena legitimatzeko tresna». Baina iduri lezake botereak ez duela tresna horren beharrik. Krisi garaian kulturara bideraturiko diru sarrerak dira desagertzen lehenengotarikoak.
Kulturaz hitz egiterakoan bi dimentsio banatu zituen Rodriguezek. Alde batetik, kultura hitzari dagokiona: sormena, esperimentazioa, kultura ondarea... «Borroka eremua izan da beti. Hainbat hegemonia sortzen ditu», esan zuen. Haren aburuz, legitimazio aparatu indartsua izan da. Bigarren eremua langileena da, lan baldintzen prekarizazioari dagokiona. Rodriguezek uste du bi dimentsio horien oinarria okerra izan dela: «Kultur lanaren eta kultur instituzioen eztanda higiezinen ziklo luzean , 1995etik hasi eta 2007ra bitarte». Lan hori prekarioa zela esan zuen, baina lanbide duin bihurtuko zelako esperantzarekin kultur instituzioak sortu ziren etengabe: «ia hiri guztietan zegoen lehenbizi El Corte Ingles bat, gero arte garaikideko zentro bat eta aireportu bat...».
Akatsa zein izan zen nabarmendu zuen Rodriguezek: «Zabaltze horren helburua ez zen, noski, kultura zabaltzeko asmoz egindako inbertsio sozial bat, etxebizitza burbuilaren zati baizik». Hau da, kultura prozesu osoa biltzeko papera zen. Erasok antzeko bidetik jo zuen. Haren esanetan, kultura burbuilaren senide txikia izan zen. «Orain, ideologia menperatzaileak kultura kostu-irabazi logikaren barruan ulertzen da, eta balio ekonomiko gisa baizik ez da defendatzen». Hala, hiri baten marka saltzeko balio duela uste du. Are, Iberdrolak erakusketa bat zabaldu duela esan zuen: soilik akziodunentzatda. «Hau da, kulturari erabilera funtzioa bakarrik ematen diote, indar politikoa kenduz eta emantzipatzeko eskaintzen duen aukera deuseztatuz». Azaldu zuenez, nornahirentzako eredu «atsegin» bat eskaintzen da, non helburua sarrera bat erostea baita, eta erosleak subjektu politiko izateari uzten dio, kontsumitzaile bat gehiago bihurtzeko.
Gainera, krisi ekonomikoa sortu dutenek kultura horren salbatzaile gisa agertu nahi dutela uste du Erasok. Adibide bat eman zuen. Musika etxetik landa ikasi nahi duenak bi aukera ditu: bere sakelatik ordaindu edo banku bati beka eskatu.
Aldaketa errotik
Hala eta guztiz ere, eredu horri izkin egin dioten hainbat proiektu sortu direla ere nabarmendu nahi izan zuen. Horren adibidetzat jarri du Katakrak bera. Eredu nagusiari erreparatuta, kulturaren kudeaketan aldaketak proposatu zituen Erasok: «Etorkizuneko belaunaldietan benetan engaiatutako eredu kultural ekopolitiko baten alde naiz». Ekitaldi ikusgarrietan baino epe ertain eta luzeko proiektu gehiagotan inbertitu, prozesu eratzaileak bultzatu, azpiegitura handiak egitea alde batera utzi, lokalizazioaren alde zentralizazioa baztertu... «Etekin sozial handiko kultura, fiskalizatu eta kontrolatu daitekeena, eta lan duina bermatzen duena», laburbildu du. Ezagutzaren esparrua ahalik eta gehien zabalduko lukeen eredua nahi du, luxuak baztertuko lituzkeena.
Rodriguezen aburuz, kultura politizatzea eta «erregimena eraistea» beharrezkoa da aldaketarik egon dadin. «2007ko egoera ez da errepikatuko: sektore publikoak ez ditu kultura instituzioak finantzatuko»
Atzo ere hainbat solasaldi izan ziren Katakrak gunean, kulturaz hausnartzeko. Gaur bukatuko dira jardunaldiak.
Bataila irabazteko grina
Santi Eraso eta Emmanuel Rodriguez kulturaren paradigma aldaketaz mintzatu dira Iruñean, kultura prekarioari buruzko jardunaldietan. Kultura politizatzeko beharra nabarmendu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu