Bat edo beste, berdin ez delako

Sirokak balio jakin batzuk lehenesteak dauzkan ondorioez hausnartu du 'Karosi' disko-liburuan

Sirokak Irungo Elkartasun Gauean joko du larunbat honetan. GOIO RAMOS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Zer pentsatu, hala bizi. Edo zer lehenetsi, halako bizimodua hautatu. Elkarren ondorio diren bi ideia horien inguruan ondu du Siroka taldeak Karosi disko-liburua (Musikherria herri diskoetxea). Bizkaiko taldearen bigarren lana da, azal gogorreko argitalpen zaindua. Bizitzako lehentasunen inguruan hausnartu dute, eta eginiko hautuek berezko dauzkaten bilakaera eta ondorioez. Nortasuna, hizkuntza, adiskidetasuna, askatasuna, borroka, denbora, gozamena eta maitasunaren inguruan egin dituzte abestiak, eta ipuin batean bildu. Hau da, abesti guztiek dute lotura beren artean, ipuin berberaren parte baitira. Karosi titulupean idatzi duten istorio horren atalak dira, hain justu.

Ipuinak Karosi neskatila eta Rosika amamaren arteko harremanean sakontzen du —Siroka hitzaren aldaerak dira Karosi zein Rosika—. Sorkia izeneko herrialde imaginarioan bizi dira —Siroka-ren aldaera hura ere—, «istorioak ez duelako zertan Euskal Herrikoa izan», Ekaitz Agirregoitia Sirokako gitarristak azaldu duenez. «Ideiak unibertsalak» direla, eta ondorioz «istorioa munduko edozein herrikoa» izan daitekeela dio. Hala, Karosik Ekialdeko aurpegiera du, eta ipuinean aurrera egingo duen lagunak azal ilun samarra.

Rosikaren bidez, bizitzan aurrera egiteko maitasuna eta ezagutzak jasoko ditu Karosik. Diskoko abestiak, berriz, ipuin horretan aurrera aurkituko ditu irakurleak. Hainbat egilerenak dira: Ilarak apurtu nahian Gotzon Barandiaranek idatzi du; eta Bidertzetan, berriz, Mikel Etxabururen Zu zara orain txoria poemariokoa (Elkar) da. Sesio desioak Beñat Hach Embarena da. Ruben Riveroren Abortu retroaktiboa eta Jone Uriaren Lehentasunak ere daude diskoan. Halaber, euskal presoen argazkien auziaren inguruan Beñat Zarrabeitiak eginiko Bihotzetatik zintzilik kantua sartu dute istorioan eta, horrenbestez, diskoan. Sirokak grabatu zuen iaz, Xabi Solano (Esne Beltza), Ines Osinaga (Gose) eta Aritz Mendietaren (Deabruak Teilatuetan) laguntzarekin, besteak beste.

Estiloa zabalduz

Abestiak ipuin baten parte direlako, edo besterik gabe eboluzio bat egon delako. Agirregoitik ez du garbi zerk eragin duen aldaketa, baina estiloari dagokionez, Haize Berriak lehen diskotik Karosi bigarrenera tarte bat badagoela dio. «Lehena linealagoa zen. Hau, berriz, zabalagoa da. Rocka izaten jarraitzen du, baina badaude beste estilo batzuk: pop doinuak, ska erritmoak, funk akorderen bat... Bidertzetan abestian, adibidez, Mariaren ahotsak soul puntu bat du», Agirregoitiaren arabera.

Maria Riverok (ahotsa), Pepo Malgarejok (baxua), Gorka Chamorrok (bateria) eta Ekaitz Agirregoitiak (gitarra) osatzen dute Siroka. Urdulizko (Bizkaia) Tio Pete estudioan grabatu dituzte Karosi-ko abestiak, Karlos Zubiaga teknikoarekin eta Jabi Palacios ekoizlearekin.

Irungo (Gipuzkoa) Elkartasun Gauean joko dute larunbat honetan, Iruñeko Arrosadian ekainaren 3an, Leioako (Bizkaia) Kurkudin ekainaren 10ean, Igorreko (Bizkaia) jaietan ekainaren 11n, Balmasedako (Bizkaia) Herriko Tabernan ekainaren 17an...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.