Bat-bateko lau gutizia, «lasai entzuteko»

Micek bigarren bakarkako lana kaleratu du. Lau kantarekin osatu du 'Zilar Printzak' EPa, eta abendurako kontzertuak iragarri ditu

Miren Narbaiza, atzo, bere bigarren bakarkako lanaren aurkezpenean, Gasteizen. RAUL BOGAJO /FOKU.
Iñigo Satrustegi.
Gasteiz
2019ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Napoka Hiria taldea utzi, eta 2017tik Mice izenarekin dabil bakarlari modura Miren Narbaiza (Eibar, Gipuzkoa, 1986). 2017an kaleratu zuen bere lehendabiziko lan luzea, eta atzo, berriz, bigarren bakarkako lana aurkeztu zuen, Gasteizen, hamar hazbeteko binilozko disko bat: Zilar printzak. Micek Gabobeltz estudioan grabatu du diskoa, Joseba Baleztena (Joseba B. Lenoir), Ilargi Agirre eta Ibai Gogortza lagun zituela, eta Baleztena bera izan da diskoaren ekoizpenaren gidari nagusia.

Euskarriari garrantzia eman nahi ziola eta, biniloan baino ez du argitaratu azkeneko lana. Horretarako arrazoien artean, euskarriak berak azaleko diseinua «luzitzen» duela adierazi du musikariak. Bestetik, aldarrikatu du«azkar bizi den gizarte honetan», gelditzeko eta entzuteko beste modu bat dela biniloa: «Presazko garai hauetan, interesgarria iruditzen zait biniloak eskatzen duen pause hori bizitzan: jarri eta entzun». Edizio honen «goxotasuna» ere azpimarratu du: «Ez da ohiko neurria, hamar hazbete baino ez ditu, lau kanta. Txikitxoa da, eta edizio goxoago bat da». Halaber, esan du lehen diskoarekin egin nahi izan zuela, baina, aurrekontu arazoak medio, CDa baino ezin izan zuela kaleratu, eta, beraz, oraingoan, soilik EP formatuan kaleratu du diskoa. Adierazi duenez, Durangoko Azokan asko izan dira erabaki horrengatik galdetu diotenak; hala ere, harrera ona izan du.

Diskoaren A aldean Errekastoa eta Orain barre orain negar kantuak bildu ditu. Lehena Maria Luisa Bascuña idazlearen poema liburu batean oinarrituta dago, eta bigarrena, berriz, Ruper Ordorikaren omenez, Bilboko Kafe Antzokian egin zutenkontzerturako prestatu zuen bertsioa da. B aldean, beste bi kantu. Batetik, beste bertsio bat: Delirium Tremens taldearen Laino ilunak. Eta, bestetik, Zarata, aldaketarakoausardiaz mintzo dena.

Hasieran bigarren disko luze bat grabatzea zuen pentsatua; kantuok lehenengo lana sortu eta banda osatu ostean konposatu zituen Narbaizak. «Lau kanta solte genituen, eta, bateratuta, disko batean bildu ditugu». Gaineratu du horregatik esaten duela «inprobisaziotik asko edan duen diskoa» dela hau.

Soinu eta instrumentu berriak probatu dituztela azaldu du: «Sintetizadorearekin jolastu gara. Laino ilunak kantuaren emaitza, adibidez, nahiko elektronikoa suertatu da, «interesgarria», haren esanetan. Ahotsak ere garrantzi berezia hartu duela adierazi du Narbaizak, lehen diskotik zekarren «arantzatxoa» kentzeke zuela aitortuta. Orokorrean, pozik agertu da lortutako emaitzarekin: «Azken ordukoa izan da dena, baina esparru berriak aurkitu ditut. Merezi izan du».

Gutiziatzat definitu du Zilar printzak; izan ere, disko luzebat dauka buruan, baina aldez aurretik kaleratu nahi zituen kantuok. Izenari dagokionez, eguzki printzak ekarri ditu gogora: «Eguzki printza bat bezalakoa izan daiteke lan hau: bat-batekoa eta epela. Txikia, baina berotzen duena». Zilarra, berriz, kantuetako batean aipatzen du, eta keinu modura txertatu du lanaren izenburuan.

Abenduan bakarkako kontzertuak emango ditu, Bilbon, Gasteizen, Zumarragan (Gipuzkoa), Gernikan (Bizkaia) eta Arrasaten (Gipuzkoa). Hurrengo urtean, banda osoarekin kontzertu «bereziak» iragarri ditu. Hain zuzen ere, bira hori prestatzen dabiltza orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.