Bat-bateko amorru leherketa basati bat

Stefan Zweig idazlearen 'Amok' nobela itzuli du Aiora Jakak euskarara, eta Igela argitaletxeak eman du argitara. Emakume batekin obsesionatutako gizon baten zoramenerainoko gainbehera kontatzen du eleberriak, idazleari ezagun zaion trebeziarekin.

Stefan Zweig idazlea. BERRIA
Stefan Zweig idazlea. BERRIA
Inigo Astiz
2024ko abenduaren 3a
05:15
Entzun

«Zerbait eskatu nahi nizuke... Hau da, zerbait kontatu nahi nizuke». Ezinegon sakonago baten azaleko muturra baino ez da toteltasuna Stefan Zweig idazlearen Amok eleberrian. 1912ko martxoa da; Kalkutatik Napolira bidean, gau izartsua zeharkatzen du Oceania transatlantikoak, eta haren ontzigainean mediku misteriotsu batek ia xuxurlaka eta nekez lortzen du narratzaileari bere istorioa kontatzea. «Zu prest agertzen zara niri entzuteko,... ongi... Baina hori erraza da... Aldiz, eskatuko banizu ni hartu eta kareletik behera jaurtitzeko... hortxe bukatzen da adeitasuna, laguntzeko prestasuna. Non edo non bukatu behar du, noski..., norberaren bizitza eta erantzukizuna denean..., non edo non bukatu behar du..., non edo non izan behar du muga betebehar horrek...». Zweigek 1922an eman zuen argitara eleberria alemanez, eta Aiora Jaka itzultzaileak itzulita kaleratu du orain Igela argitaletxeak euskaraz.

Funtsean, «emozioak muturrera eramateak sortzen dituen egoera tragikoak» kontatzen ditu liburuak, itzultzailearen hitzetan. Baina Jakak dioenez, hain zuzen ere, Zweigek irakurlea bukaera horretaraino eramateko duen modua da eleberriaren gakoetako bat. Ohartzerako, irakurlea «harrapatu» egiten baitu medikuaren kontakizunak. «Oso zinematografikoki kontatuta daude gertakariak, oso erraz jarraitzen da kontakizuna, eta, suabe hasten den arren, airean susmatzen da arriskuren bat beti, eta horrek zuzenean eramaten zaitu bukaera tragiko horretara».

«Oso zinematografikoki kontatuta dago, eta, suabe hasten den arren, airean susmatzen da arriskuren bat beti, eta horrek zuzenean eramaten zaitu bukaera tragiko horretara»

AIORA JAKAItzultzailea

Indietako kolonietara joandako mediku baten istorioa biltzen du liburuak, zehazki. Nazkaturik dago hango kontuekin, baina orduan emakume misteriotsu batekin topo egin, maitemindu, obsesionatu eta eromenaren zulorantz amilduz joango da ziztuan. Eta, hain zuzen ere, mediku hori da itsasontziaren goialdean narratzaileari baldar mintzo zaiona. Ia ezinean bezala.

Freuden izarraren pean

Zweigek egiten duen lanketa psikologikoa nabarmendu du Inazio Iraola Mujika Igela argitaletxeko editoreak. «Ez alferrik, Freuden garaian jaiotakoa da, eta Freuden izarraren pean. Haren laguna izan zen Zweig, eta haren ehorzketan berak egin zuen hitz hartzea».

Eta psikiatriari lotuta dago nobelari titulu ematen dion hitza ere.

(ID_17320092906585) Stefan Zweig idazlearen AMOK eleberria kaleratu du Igela argital
Stefan Zweig idazlearen Amok eleberriaren azala.

Jakak eman du haren azalpena, eta, zehaztu duenez, malaysierazko hitz bat da Amok. Rudyard Kipling idazlearen kontakizun kolonialek zabaldu zuten hitza Europan lehenik, eta bere egin zuen psikiatriak gerora. «Psikiatrian deskribatzen den sindrome bat deskribatzen du: bat-bateko amorru leherketa basati bat da. Hori jasaten duena korrika hasten da kolpean, askotan armatuta, eta eraso egiten die bidera ateratzen zaizkion bizidun guztiei, eta ez da geratzen norbaitek geldiarazten duen arte, edo kordea galtzen duen arte, edo maiz bere buruaz beste egiten amaitzen duen arte».

Alemanetik itzuli du testua zuzenean Jakak, baina frantsesezko eta gaztelerako zenbait itzulpen ere baliatu ditu makulu modura. Eta, hain zuzen ere, idazleak darabiltzan erregistroen aberastasuna aipatu du itzultzaileak liburuaren bertuteen artean. Hasierako narratzailearen pasarte deskriptiboetan zehatza, dotorea eta ia barrokoa baita kontaera, baina, gero, ezin etenagoa eta ahozkotasunetik gertukoagoa baita medikuaren kontakizuna.

«Ez alferrik, Freuden garaian jaiotakoa da Zweig, eta Freuden izarraren pean. Haren laguna izan zen Zweig, eta haren ehorzketan berak egin zuen hitz hartzea»

INAZIO MUJIKA IRAOLAIgelako editorea

Vienan jaio zen Zweig, 1881ean, eta 1942an hil zen, Petropolisen, Brasilen. «Mundu Gerra bien artean idatzi zuen». Igela argitaletxeko editoreak datu historiko hori emanda kokatu du idazlea, eta, zehaztu duenez, neurri handi batean, datu horri lotuta joan zen haren bizialdia. Mujika Iraola: «Garai nahiko gogorrak bizitzea tokatu zitzaion. Naziengandik ihesi, lehenbizi Londresera joan zen. Han bizi izan zen bolada batez, eta, gero, itsasontzia hartu, eta nazien garaipenaren beldurrez han ere, Brasilera joan zen, eta han bizi izan zen 1942an bere buruaz beste egin zuen arte».

Bosgarrena, euskaraz

Mujika Iraolak gogoratu duenez, Atzoko mundua izeneko liburuan ematen du bere joan-etorrien berri Zweigek, eta desio bat plazaratzeko baliatu du haren aipamena. «Liburukote bat da, eta ez dago oraindik euskaraz. Gustura irakurriko nuke euskaraz, ze benetan ederra da».

Aurrez ere Zweigen beste lau lan irakur zitezkeen euskaraz, eta bosgarrena da hau. Alberdaniak 1999an eman zuen argitara Xake nobela, Xabier Mendiguren Bereziartuak itzulita. Igelak 2005ean eta 2007an eman zituen argitara, hurrenez hurren,  Emakume ezezagun baten gutuna eta Hogeita lau ordu emakume baten bizitzan liburuak. Eta, azkenik, Katakrak argitaletxeak 2023an argitaratu zuen Gizadiaren oren gorenak izeneko biñeta historikoen bilduma. Edorta Matauko itzultzaileak euskaratutakoak dira azken hiru lanak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.