1950eko hamarkadaren amaieran bilakaera estetiko batean murgildurik zegoen Nestor Basterretxea (Bermeo,1924 – Hondarribia, 2014). «Adierazpen emozional eta figuratibotik hasi, eta formaren eta espazioaren arteko harremanak zorrotz aztertzeraino», Gorka Basterretxea semearen esanetan. Ordurako, artistaren obrak abstrakzio errealistatik baino ez zuen edaten, eta haren lanak hertsiki lotuta zeuden formaren irmotasunarekin. Jose Miguel Barandiaranek 1972an euskal mitologiaz egindako ikerketa etnologikoari esker, baina, etapa berri bat zabaldu zuen: forma analisiaren bideari ekin zion, eta, horrela, Euskal serie kosmogonikoa bilduma ondu zuen.
Barandiaranen ikerketetatik abiatuta ekin zion Basterretxeak euskal mitologiaren irudiak lantzeari, zurean. Hemezortzi irudiren zirriborroak azkar batean egin omen zituen. Ondoren, 1972 eta 1975 artean, egurrean landu zituen irudi horiek, eta Euskal serie kosmogonikoa bilduma osatu zuen hala: hemezortzi pieza, gehienak haritz egurrezkoak, eta bat brontzezkoa. Hizkera garaikidez landutako artelanak pertsonaia mitologikoetan, naturaren indarrean eta euskal kulturako objektu tradizionaletan daude oinarrituta, eta Basterretxeak, hil aurretik, obra osoa Bilboko Arte Ederren Museoari eman zion dohaintzan. Orain, bilduma hori aldi baterako utzi dio museoak Gasteizko Montehermoso kulturguneari, eta erakusgai jarri du irailaren 29ra arte, ur biltegi zaharrean. Basterretxearen jaiotzaren mendeurrenaren harira antolatu dute erakusketa.
Antzinako euskal kulturarekin identifikatzea izan zen Nestor Basterretxearen eskulturaren lehentasunetako bat, eta, hala, Euskal serie kosmogonikoa sailean mitologian bilatu zuen sinesmen eta tradizio herrikoien jatorria: «Eta formalki, jainkoak, jenioak, deabruak, fenomeno kosmikoak, errituak… definitzen zituzten eskulturak sortu zituen», azaldu du Zuriñe Elordi Gasteizko Udaleko Kultura departamentuko buruak.
Basterretxearen etapa berri baten ispilu da bilduma: abstrakzio arrazionalistatik sinbolismora bueltatzekoa, euskal kulturari buruzko keinuz eta edukiz beteriko begirada batena. «Mitologiari begira jarri eta eskuz sortutako haritz egurrezko hemezortzi eskulturek itxura ukigarria eman zioten Euskal Herriko unibertso sakratuenari», azaldu du haren semeak. Eta gogora ekarri du artistak eskultura garaikidea eta kultura tradizionala nola lotu zituen azaldu zuenekoa, hauxe esan baitzuen 1973an: «Nabilen bide hauetan, iruditu baitzait mendeak daramatzadala hauetan ibiltzen, jeinuen eta jainkoen izenekin eta ahalmenekin egin dut topo, sinbolo, sinesmen, mehatxu, oinaze, itxaropen eta portatzeko modu izan zirenak gure antzinako bizitzako gau luzean».
Unibertso baten aterpe
Ur biltegiaren sabai altuak eta harrizko horma zaharrak hemezortzi piezen aterpe bilakatu dira erakusketarako, eta Sara Soto konpositoreak Basterretxearen testuekin eta ahotsarekin ondutako Karraxiz koru poema-ren doinuek girotzen dute bisita. Haritz egurrezko hamazazpi pieza dira –«material noblea» zela zioen Basterretxeak– eta brontzezko bat; denak dira tamaina handikoak. Akelarre, Aker Beltz, Eiztaria, Gaueko, Idittu, Illargi Amandre, Intxixu, Amalau zanko, Argizaiola, Argizaiola zuta, Bost haizeak, Eate, Mairuak, Ostadar, Majue, Mari eta Torto zurez eginda daude. Brontzez, berriz, Triku Harri.
Euskal mitologiaren unibertso oso bat sortu zuen Basterretxeak obra multzoarekin. Gaueko jeinu eta munstroak irudikatu zituen Gaueko obran; ugalkortasunarekin lotutako jainkosak islatu zituen Illargi Amandre konposizio harmoniatsu eta itxura totemikoa duen piezarekin; kobazuloetako jeinuen irudi antropomorfikoa sortu zuen Intxixu lanean; Argizaiolalanarekin hildakoei egin zien erreferentzia, eta, horretarako, artistak forma bolumetriko beltz eta trinkoa garatu zuen, zeinaren bidez zurezko barnealdea ikus daitekeen; Eate horizontaltasun handiko eskultura bat da, oreka asimetriko, trinko eta aldi berean arinean esekitako arkitektura gogora ekartzen duena, eta ekaitzaren, suaren, uholdearen, tximistaren eta urakanaren jenioa irudikatzen du; Triku Harri, serie osoko eskultura txikiena, eskalan egindako eraikuntza arkitektonikoa da, eta barruan zentauro txiki bat dauka... Eskultura horiek denak diseinatzeko Basterretxeak margotu zituen zirriborroak ere ikus daitezke erakusketan.
Lasarteko eliza
1975ean, Lasarteko kontzejuko (Araba) elizako presbiterioko gurtza objektuak egiteko enkargua eman zion Arabako Foru Aldundiak Basterretxeari. Haritzarekin egin zituen bi obra dira, eta artistaren sormen unibertsoa sakonago ezagutzeko aukera ematen dute. Montehermoson zabaldutako erakusketaren karietara, elizan dauden obra horiek ikusteko bisita gidatuak antolatu dituzte. Basterretxeak plastika garaikidearen forma soil eta irmoak uztartu zituen dekorazio erromanikoarekin, eta «emaitza harmoniatsua» sortu zuela azpimarratu du artistaren semeak. Bisita gidatuak larunbatetan izango dira, 10:00etan, eta aurrez izena eman behar da.
Bestetik, Montehermosoko ur biltegi zaharreko erakusketa ezagutzeko bisitak ere egingo dituzte. Ostiralero izango dira, 19:00etan, eta ez da beharrezkoa aurrez izena ematea.