Basterretxearen lanak Basterretxearena ez den erakusketa batean

Artistaren hamabi artelan bildu ditu Donostiako San Telmo museoak, eta bere erakusketa iraunkorreko piezekin batera jarri ditu ikusgai. Analisi «interpretatibo» bat eskaintzea da helburua.

Nestor Basterretxearen senideak eta kultur erakundeen ordezkariak, gaur, San Telmo museoan (Donostia). GORKA RUBIO / FOKU
Nestor Basterretxearen senideak eta kultur erakundeen ordezkariak, gaur, San Telmo museoan (Donostia). GORKA RUBIO / FOKU
Garazi Karrera
Donostia
2024ko urriaren 4a
16:17
Entzun

Ez da erakusketa bat. Edo ez erabat. Donostiako San Telmo museoak Nestor Basterretxea artistaren (Bermeo, 1924 – Hondarribia, 2014) hamabi obra bildu, eta bere erakusketa iraunkorreko piezekin batera jarri ditu ikusgai. Nestor Basterretxea eta San Telmo Museoa. Bilduma baten loturak deitu dute, eta Miren Vadillok egin ditu komisario lanak. Azaldu duenez, erakusketaren helburua analisi «interpretatibo» bat eskaintzea da: «Ez da egilearen ibilbide artistikoa ezagutarazteko edo haren berezitasun estetikoa argitara ekartzeko egitasmo bat; aitzitik, San Telmo museoko bildumaren eta Nestor Basterretxearen pieza paradigmatikoenetako batzuen artean dauden erlazio hain egokiak argi eta garbi azaltzeko da, haren unibertso sortzailera hurbiltzeko». Urtarrilaren 26ra arte egongo da bisitatzeko aukera.

Horrenbestez, «elkarrizketa formalagoa, tematikoagoa eta kontzeptualagoa» sortu dutela adierazi du Vadillok, beste interpretazio osagarri batzuen aldean. Artistaren zenbait eskultura, film eta kartelek osatzen dute bilduma, eta kasu batzuetan aski ezagunak izango zaizkie euskal ikusleei. San Telmok ez ezik, Basterretxea Irurzun familiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Euskadiko Filmategiak, Eusko Legebiltzarrak, Eusko Alkartasunak eta Lazkaoko Beneditarren Fundazioak ere hartu dute parte erakusketan.

Susana Soto San Telmo museoko zuzendariak azaldu duenez, asko dira Basterretxearen lanen eta museoko objektuen arteko loturak. Euskal tradizioa, industria eta espiritualtasuna aipatu ditu, besteak beste.

Sotok esandakoa bete-betean baieztatzen du ibilbideko lehen geldiuneak, erakusketa iraunkorreko Espiritualtasun zeinuak atalean dagoenak. 40 argizaiola baino gehiago aurki daitezke beirate handi baten atzean, eta guztiak dira ezberdinak. Komisarioaren hitzetan, artistak bere arbasoen hileta errituek eta euskal tradizioek gordetzen dituzten «misterioek» bultzatuta birsortu zituen herri objektu liturgiko horiek. Vadillo: «Areago, pieza horietan, egilearen interes abangoardista ikus dezakegu, jatorrizko funtzionaltasuna eta erlijio erabilera ahaztuz, eta izaera guztiz eskultoriko eta estetikoa duen zentzu bolumetikoko obra bat sortuz».

Nestor Basterretxea eta San Telmo Museoa. Bilduma baten loturak
Laugarren hilarria (1975). JAVI COLMENERO / EFE

Bizpahiru metro aurrera eginda, eta edukiarekin jarraituz, harrizko zenbait hilarri daude; horien guztien artean, bada brontzez egindako bat, zizelkatua dagoena. Basterretxeak 1975ean egindako Laugarren hilarria da. Vadillok, kasu honetan ere, artistaren zeinu moderno eta abstraktuak berrinterpretatzeko nahia azpimarratu du.

Aztarnak oroimenean

Hirugarren geldiunean, Amalur dokumentala ikus daiteke (Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquert, 1968). 53. minututik 63ra arteko fotogramak proiektatu dituzte, zehazki. Bertan, Euskal Herriaren erretratu bat eskaintzen dute Basterretxea eta Larruquertek: «Paisaiak, sinesmenak, ohiturak eta bizimoduak azaltzen ditu filmak», azaldu du komisarioak, «jasandako errepresioaren aurrean kultura propio bat baieztatzeko interes erreibindikatzaile batekin».

Laugarren gunean, hainbat emakumezko figura aurki daitezke, buruan zapia txirikordatua dutenak. Horien azpian jarri dute Akelarre (1972), Basterretxearen Euskal Serie Kosmogonikoaren lehen eskultura. Ez da ausaz hautatutako espazioa; izan ere, haritz zurez egindako obra horrek sorgin bilera adierazten du.

Modernitatearen hasiera

San Telmo museoko lehen solairuan bi margolan daude: Hiri zuria (1957) eta Hiri paisaia (1957). Komisarioaren arabera, bi lan horiek etapa espresionista eta figuratiboago baten ondoren artistak izan zuen izaera ikertzailea eta bultzada analitiko eta modernoa erakusten dute. «Material berrien erabilera abangoardistarekin, Basterretxeak paisaia utopiko eta abstraktu berriak sortu zituen, hirietako mundu aldakorra irudikatuz. Horri esker, espazioaren problematikan ez ezik, azalera piktorikoetan ere aurrera egin zuen, eta horrela igaro zen eskulturara».

Mural baterako proiektua Forondako aireportuan, Gasteiz (1980) JAVI COLMENERO / EFE
Mural baterako proiektua Forondako aireportuan, Gasteiz (1980) JAVI COLMENERO / EFE

Mural baterako proiektua Forondako aireportuan, Gasteiz (1980) izendatutako eskultura publikoaren maketa dago seigarren gunean. Basterretxeak artisauei eskaini zien lana, eta, Vadilloren arabera, egileak lanabesak esanahiz betetako elementuak izango balira bezala zizelkatzen ditu bertan, iraun behar duen jakintza balira bezala. Handik metro gutxira, Eguzki Lore Laugarrena aurki daiteke (1974). Haritz zurez egindako euskal tradizio eta kondairen interpretazio «berri» bat da lana, komisarioaren hitzetan. «Forma biribila berreskuratzen du, eta horrek zentzu babeslea ematen dio. Bestalde, balio handia duten erliebeekin lantzen du azalera». Hemendik aurrera, Basterretxea «abangoardistagoa» bihurtu zen.

Eszenaratze adierazkorragoa du Heriotza zerutik etorri jakun obrak (2011): argi gorriak argiztatzen du, eta metraileta handi bat du ondoan, balaz josia. 1936ko gerran hiribilduak jasan zuen bonbardaketaren 75. urteurrenaren harira Basterretxeak Otxandioko (Bizkaia) Andikona plazan 2011. urtean instalatu zuen eskultura publikoaren maketa da. «Oso garrantzitsua da artista batek eskultura publikoak edukitzea, haren zilegitasuna bermatzeko modua ere bai baitira», gehitu du komisarioak.

Artea eta negozioa uztartuz

60ko hamarkadan, Basterretxea enpresa kontuetan ibili zen buru-belarri. Alde batetik, altzarien diseinuan aritu zen, eta, beste bi bazkiderekin batera, Biok altzari enpresa sortu zuen. Horretarako, bertako logotipoa sortu zuen, eta erakusketaren bederatzigarren espazioan dago haren irudia. Bestetik, bere irabazpideak sustatzeko, Operacion H film labur esperimentala egin zuen (1963), eta hurrengo kokalekuan aurki daiteke hura, zinema areto baten antzera irudikatutako espazioan.

Eguzki Lore Laugarrena (1974) JAVI COLMENERO / EFE
Eguzki Lore Laugarrena (1974) JAVI COLMENERO / EFE

Hamaikagarren geldiunean, aurrez aurre daude Basterretxearen kartelak eta beste zenbait euskal artistaren lanak —Jose Luis Zumetarenak, Eduardo Txillidarenak, Jose Ibarrolarenak eta Rafael Balerdirenak, horien artean—. Artistaren lanak hauek dira: Ondarrabian (1972); Intxixu (1972); Alderdi eguna (1975); Bai euskarari (1978); Gernikako Estatutoa Bai, 1979); Euskal festaren 50. urteurrena, Ondarrabia (1975).

Azkenik, Izaro proiektuaren faksimilea (1982) eta Izaroren maketa (1982-1983) aurki daitezke ibilbidearen amaieran, Eusko Legebiltzarrerako egileak landutako diseinuaren proiektua eta maketa, hain zuzen. Haritz zurezko forma abstraktu geometriko eta irmoak dira, Vadillok gogorarazi duenez, «Gernikako arbola gogorarazten» dutenak, eta 1983an Gasteizko egoitzan jarri zirenetik «ikur» bihurtu direnak. «80ko hamarkadaren hasieran sortutako euskal kulturaren eta politikaren pixkanakako instituzionalizazioaren erakusgarria da».

Bisita gidatuak eta hitzaldia

Erakusketa ikusteko, bisita gidatuak eskainiko ditu Vadillok. Hilaren 10ean eta 24an izango dira, 17:00etan gazteleraz, eta 18:00etan euskaraz. Bisita doakoa da, baina aldez aurretik webgunean lekua erreserbatu beharko da. Horrez gain, Ismael Manterolak Bai Euskarari eranskailuaren espresioa eta analisiaren inguruko hitzaldia egingo du abenduaren 1ean, 12:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.