Basterretxearen erakusketarekin zabalduko ditu ateak Arteguneak

Kubo-Kutxa aretoa irailera arte ez dute zabalduko. Juan Luis Goenagari eskainitako atzera begirako erakusketarekin abiatuko da

Nestor Basterretxearen lana ikusi ahalko da Artegunean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Erredakzioa
Donostia
2020ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Kutxa Fundazioak datorren astean berrekingo dio bere jardunaren zati bati, eta horrela, besteak beste, Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur Arteguneak asteartean irekiko ditu berriro ateak. Larrialdi egoera ezarri zenerako irekita zegoen erakusketa ikusi ahalko da datorren astetik aurrera: Nestor Basterretxea. Argazkigintzaren bitartez. Urriaren 12ra arte egongo da zabalik. Pello Agirre da erakusketako komisarioa, eta artistaren obra fotografikoa du oinarri.

Eureka zientzia museoa ere datorren astelehenean zabalduko dute, eta %50eko edukiera izango du. 10:00etatik 19:00 arte egingo da irekita astelehenetik ostiralera, eta 11:00etatik 20:00etara asteburuan. Museoko instalazioei dagokienez, Planetariumak eta Volta eta Darwin aretoek % 30ean funtzionatuko dute; simulagailuen aretoa itxita egongo da oraingoz; Animalia, irekita, baina bisita gidaturik gabe; gune komunetan ez da animaziorik egongo, baina kafetegia zabalik egongo da. Gainera, Energia Txinpartak areto berritua inauguratuko dute.

Museoan hartuko diren segurtasun neurriei dagokienez, sarreran ilarak antolatuko dira, segurtasun distantzia bermatzeko lurrean seinaleztatutako eremu batzuekin, eta leihatilak bereizita.

Kutxa Kultur Gauak programa ere berriro jarriko dute abian, ekainaren 12an, Tabakalerako laugarren solairuan, Zabaltza terrazan. Bertan, kontzertuak, dantza eta antzerki emanaldiak, topaketak, disko festa, tailerrak eta beste egingo dituzte uda osoan.

Kubo-Kutxa aretoa, irailean

Kubo-Kutxa aretoak irailean ekingo dio bere jardunari, Juan Luis Goenagaren atzera begirako bateekin, Mikel Lertxundi komisarioa dela. Euskal margolari horren lehen atzera begirako handiak haren ibilbide osoko piezak bilduko ditu, bereziki nabarmenduta paperean egindako lana.

Bestalde, COVID-19aren krisiaren ondorioz, Kutxa Fundazioko Arte Sailak Jose Ramon Amondarainen atzera begirakoa 2021era atzeratzea erabaki du. Francisco Javier San Martin komisario duen atzera begirako horrek euskal artistaren ibilbide luzea erakutsiko du, bestelako ikuspegi batetik, artista bere ibilbidearen hasieratik lantzen ari den hiru dimentsioko lana lehen planoan jarriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.