Basterretxea kaleidoskopikoa

Nestor Basterretxearen inoizko atzera begirako erakusketarik zabal eta osatuena aurkeztu du Bilboko Arte Eder museoak200 obra piktoriko, eskultoriko, diseinuzko eta arkitektoniko daude erakusketan

Nestor Basterretxea, Euskal kosmogonia saileko eskulturak ondoan dituela. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2013ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Nestor Basterretxearen (Bermeo, Bizkaia, 1924) ertz guztiak arakatzen eta erakusten saiatu da Peio Agirre komisarioa, euskal artistari eskainitako inoizko atzera begirako erakusketarik zabal eta osatuenean. Basterretxearen obraren ekarpen poetiko eta zientifikoan sakontzen ahalegindu da, eta artistaren interes eta ñabardurak jasotzen eta esplikatzen.

Juan Daniel Fullaondo kritikariak kaleidoskopiko gisa izendatu zuen oparotasun hori nabarmendu nahi izan du Agirrek erakusketan, artistaren baserritik ekarritako ia berrehun piezaren bitartez. Forma eta Unibertsoa titulupean jaso du Basterretxeak 60 urtean sortutako obra joria.

Halaber, artistak zinemagintzan urratutako ibilbidea zinema ziklo baten bitartez landuko dute. Martxoan eta apirilean, Operación H (1963), Pelotari (1964) eta Alquézar (1966) film laburrak zein Fernando Larrukertekin eginiko Ama Lur (1968) filma emango dituzte. Maiatzaren 13a arte izango da erakusketa Bilbon.

Hasierako pinturak

Aurreneko lan esperimentalekin hasten da erakusketa. Abangoardia geometrikoei jarraituz landutako margolanekin. 50eko hamarkadan sortutako lanen bitartez, Le Corbusier eta Ben Nicholson omendu zituen. Konbentzioak alde batera uzteko asmoz, material berritzaileak erabili zituen, hala nola arpillera eta burdina.

Eskultura publikoa

Eskultura publiko garaikidearen alorrean, lan andana egin du Basterretxeak. Eta erakusketan, eskultura horien zirriborroak daude. Esate baterako, Iztuetaren omenaldia (1967) eta Pio Barojaren omenaldia (1971) eskulturen marrazkiak daude. Ondoren, izaera sinboliko handiko zenbait enkargu jaso zituen artistak: Bakearen usoa (1988) eta Euskal artzainaren monumentua (1989).

Gaur taldearen sorrera

60ko hamarkadaren erdialdean lan eskerga egin zuen marrazkilaritzan eta pinturan, artean eskultura lantzen hasia bazen ere. Euskal Eskolako Gaur taldearen sorreran parte hartu zuen, eta aurreko hamarkadako zorroztasun analitikotik urruntzen ziren formatu txikiko zenbait koadro aurkeztu zituen, 1966an taldeak egin zuen lehen erakusketan.

Planotik espaziora

1960an, hirugarren dimentsioarekin esperimentatzeari ekin zion Basterretxeak, marmolean eta arbelean erliebeak landuz. Kritikariek lan horiek goretsi egin zituzten, Oteizaren obrekin batera Madrilgo Nebli aretoan aurkeztu zituenean. Bestalde, Basterretxearen tipologietako kutunetako bat da disko forma. Hain justu, Meridianoak eskultura saila da lilura horren erakuslerik argiena.

Diseinu industriala

Euskal diseinu industrialaren aitzindaria izan zen, 50eko hamarkadan. 70eko hamarkadan Biok etxea sortu zuen, Irunen, eta ezin konta ahala prototipo sortu zituen, nahiz haietako batzuk ez zituen inoiz merkaturatu. Curpilla (1966), Xakea (1967) eta Sua (1968) pieza sailak daude atal horretan.

Arantzazuko basilika

1952an jaso zuen Arantzazuko Basilikako kriptako muralak egiteko eskaria. Mexikoko horma irudien estilo espresionistan oin hartu zuen, eta fraideek ezer esan gabe ezabatu zizkioten; artistaren haserrea eta amorrua sutsuki piztu zuten. Artistak gaurdaino gorde dituen marrazkietako batzuk daude erakusketan.

Lehen eskulturak

Mukulu biribileko lehen eskulturak osatu zituen Basterretxeak, 60ko hamarkadan. Zezena (1961) eta Zeinua (1962) dira horietako bi. Erakusketan, orobat, Bizkaia eta Araba obren jatorrizkoak daude, 1962koak biak ere, harrizkoa eta egurrezkoa, hurrenez hurren.

'Euskal kosmogonia'

1972an, Euskal kosmogonia bilduma egin zuen, mitologiako pertsonaiei gorpuzkera fisikoa emanez. Egurrezko 18 eskultura dira, eta 2008an dohaitzan eman zizkion Arte Eder museoari. Eguzki lore saila ere garai hartakoa da.

Fotomuntatzeak

Fotomuntatzeen bidez, irudizko testuinguruetan eta jatorriz sortu zirenez bestelakoetan kokatzen ditu eskulturak artistak. Collagearen teknika baliatzen du literaturaz beteriko paisaietan aurkezteko.

Kartelak, obra grafikoak

Kartelgintzan ale gogoangarriak utzi ditu Basterretxeak. Bai Euskarari ekitaldikoa, kasurako. Aspace elkartearentzat eginikoa ere badago. Collagea, argazkilaritza eta tipografia uztartzeak aukera ematen dio hiztegi formalaren parte bat birziklatzeko eta eskultura, logotipo eta bestelako elementu grafikoen irudiekin esperimentatzeko.

Kolon aurreko Amerika

Omenaldia hasierako Amerikari 1992ko eskultura polikromatu seriea Basterretxeak Kolon aurreko kulturez egindako ikerketaren emaitza da. Azterlan antropologiko horren berri telebistarako ekoitzitako Arte y culturas en la América prehispánica dokumental sortan eman zuen, halaber.

Bolumetriak

Bolumetriak paperean lantzen dituen proiektu arkitektoniko utopikoak dira Basterretxearentzat. Eta horien bilduma bat hautatu du komisarioak. Guztien artean batek ematen du atentzioa: Atlantida-k (2001-2002). Hots, Lemoizko zentral nuklearra zientziari eskainitako parke bihurtzeko proiektuak. Marrazkiez gain, maketa ere badago erakusketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.