Urruñako (Lapurdi) Xaia ostatuak hartu ditu Bingen Amadoz (Tafalla, Nafarroa, 1952) eta Joseba Aurkenerena (Donostia, 1956), eta Dakit argitaletxeko editore Sabin Oregiren laguntzaz aritu dira norbere liburua aurkezten: Mendiak ogibide eta Euskal izarra beti pizturik, hurrenez hurren.
«Mendi eta basomutilen nire istorio txikia da». Halaxe definitu du bere liburuaren muina Amadozek. Montes que daban pan (Altafaylla) eman zuen argitara duela hamahiru urte, eta gaztelaniazko liburu horren bertsio osatua da Mendiak ogibide. Josu Jimenez Maiak euskaratu du, baina «itzulpen hutsa baino gehiago» da liburua, Dakit argitaletxeko Sabin Oregik zehaztu duenez: «Bestela idatzita dago, eta atal berriak ere baditu».
Mendiak ogibide liburuko pasadizoak gertatu ziren garaian —1961etik aurrera— 9 urte zituen Amadozek, eta ezagun du: haur baten begiradaz kontatzen ditu lan bila urruneko mendietara jo zuten gizonen eta haien atzetik joandako familien bizipenak. Amadoztarrak Suitzako Alpeetara joan ziren aitari jarraika, eta hainbat urte eman zituzten han. Haren biografia zatia liburuan kontatu izanaren azalpenaz honako hau esan du idazle eta kazetariak: «Oraingo jende askok ez daki deus basomutilen migrazioaz. Nik hura bizi izan nuenez, kontatzeko beharra sortu zitzaidan. Kontuan hartzekoa da euskaldun migratzaileak ez garela soilik artzain izan».
«Oraingo jende askok ez daki deus basomutilen migrazioaz. Nik hura bizi izan nuenez, kontatzeko beharra sortu zitzaidan. Kontuan hartzekoa da euskaldun migratzaileak ez garela soilik artzain izan»
BINGEN AMADOZIdazle eta kazetaria
Migrazio mota horren garrantziaz ere mintzatu da Mendiak ogibide liburuaren egilea: «Herri askotan, bertako mutil gazte guztiek egiten zuten alde mendira, eta Gabonak arte ez ziren itzultzen. Jaiegun horiek etxekoekin pasatzen zituzten, eta berehala Inauteriak antolatzen zituzten, nahiz eta artean ez egokitu, ospakizunak gazteekin egitearren».
Hendaiako geltokia (Lapurdi) du abiapuntua Amadozen istorioak: «Familia gutxi joan ziren aitaren atzetik, gu bezala. Amak hala erabaki zuen, eta halaxe joan ginen Drome departamendura. Han ghetto bat ginen euskaldunak. Amak ez zuen frantsesik ikasi, ezta txintik ere». Haurrak hazi ahala, kezka sortu omen zitzaien Amadozen gurasoei: «Ez zuten betirako migratzaile izan nahi. Seme-alabak han ohitu eta herrira itzultzeari uko egingo ote genion beldur ziren». Idazle eta kazetariak 13 urte zituela itzuli ziren Euskal Herrira.
Etorkizunera begira
Aurkenerenaren Euskal izarra beti pizturik «liburu historiko antropologikoa» dela dio Oregik. Eklektikoa da haren mamia; testu motzen bidez Euskal Herriko errituak, kondaira zaharrak, pertsonaiak eta gertaera historikoak azaltzen baitira bertan. Bestelako idatzirik ere nabarmendu du idazleak: «Pasadizo ilunak, euskararen sekretuak, bazterrean gehiegi loratu gabe gelditu diren kontuak edota gaurko bizimodura jakituria handiz egokitzen jakin ditugun kontuak», esate baterako. Atal guztiak batzen dituen ardatza, berriz, Euskal Herria da.
Aspaldiko min bat ageri da Aurkenerenaren idatzien atzean: «Gaztetan sumatu nuen ez genuela ezer, dena ukatu zigutelako, eta aurki zitekeen apurra erdaraz zegoelako. Gaurko egoera ere zaila da; ez dugu uste bezainbeste aitzinatu, baina, etorkizuna nahi badugu, landu egin behar dugu, nork bere neurrian». Aurkenerena ikastolan irakasle aritu da luzaz, eta euskal kultura eta euskal nortasuna «beti alboratuta» gelditzen direla dio. Egoera horren aurrean, idazleak garbi du bidea: «Historia berreskuratu behar da, etorkizunera pasatzeko. Biharko ikasleek ukan dezaten guk ukan ez duguna». Egiteaz batera ikasi ere egiten duela nabarmendu du Aurkenerenak, eta prozesua xehatu du: «Titanic itsasontziaren naufragioan euskaldunak ere bazirela jakinez gero, adibidez, aztertzen dut, eta artikulu gisako zerbait idazten dut».
«Liburua ez da lekukotasun hutsa, biharko egunerako proiekzioa baizik. Izan dadila euskaldunok irabazten eta bideratzen ari garen biharko Euskal Herri aske, zuzen, oparo eta euskaldunaren aitzindari»
JOSEBA AURKENERENAIdazlea
Istorio xumeak eta «bigarren edo hirugarren mailakoak» biltzen ditu nolanahi dela: «Istorio handiak ez ditut biltzen, horiek azaltzen baitira bestela ere. Iparragirreri buruz anitz idatzi da, baina Angelita Kerexeta Iparragirreren emazteari buruz, esate baterako, deusik ez. Eta hura Amerikan gelditu zen, zortzi seme-alabekin, ahaztuta».
Atzeak erakusten omen du aurrea nola dantzatu, eta maxima hori gogoan hartuta idatzi du Aurkenerenak: «Liburua ez da lekukotasun hutsa, biharko egunerako proiekzioa baizik. Izan dadila euskaldunok irabazten eta bideratzen ari garen biharko Euskal Herri aske, zuzen, oparo eta euskaldunaren aitzindari».