Baso bat bidearen amaieran

Zazpi asteko lanaren fruitu, Elena Aitzkoaren 'Emakume primitiboa' egitasmoak 11 eskultura utzi ditu Artiumen

Elena Aitzkoa, bere eskultura baten ondoan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2013ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Muralak, marrazkiak, olerkiak, performanceak... Hamaika eremu landu ditu Elena Aitzkoa Reinosok (Apodaka, Araba, 1984) Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoaren Iparra Aretoko Praxis gunean. Martxoaren 15ean, Emakume primitiboa egitasmoa abiarazi zuen han, eta, ordutik, areto hori bere estudioa izan da. Hara aldatu zen, eta museoaren langile bat gehiago bilakatu. Aretoa aldatuz joan den museoaren eragile bat. Zazpi asteren buruan, hamaika eremu jorratu ostean, sormen prozesuak 11 eskultura utzi ditu aretoan. Eskultura baso bat bidearen bukaeran.

«Esperientzia oso bizia izan da, nahiko osoa; elementu asko zeuden dantzan, eta publikoaren aurrean lan egiten nuen lehen aldia zen», azaldu du Aitzkoak. Egitasmoaren hasieratik, «emakume primitiboaren» izaera sortzailea aldarrikatu du, eta ideia horri eutsi dio prozesu osoan; betiere, intuizioari eta sormen prozesuari bere erritmoa utziz. «Une batzuetan ez nuen ikusten nola gorpuztuko zen egiten ari nintzen lana», gaineratu du.

Prozesu guztian, bisitariekin edota Artiumeko langileekin izandako harremanak besteen ikuspuntuaren berri izateko balio izan dio. Eskulturak bidaiaren ideiarekin lotu zuten zenbaitek, oraindik ere eskulturak fardeletan bildutako arropa zaharrak eta egurrak baino ez zirenean. Fardel horiek igeltsuan bustitako zapi eta jantziekin estaltzean, garbitzaileen antza hartu zioten besteek, ibai ertzean arropa garbitzen zuten latsariena. Interpretazioak interpretazio, eskulturek beren barruan duten «poesia» nabarmendu du Blanca de la Torrek, egitasmoaren komisarioak.

Sormen prozesuaren ostean egindako 11 eskulturak maiatzaren bukaerara arte egongo diren arren, egitasmoa hasi zuen moduan amaituko du Aitzkoak bihar, 20:00etan hasita. Emakume primitiboa egitasmoa performance batekin hasi zuen,prozesuaren erdian beste bat egin zuen, eta, bihar, azkena egingo du, Metopas soleadas. Aurreko bi ekintzekin alderatuta biharkoa hiruren artean «jai kutsu handienekoa» izango dela aurreratu du.

Aitzkoak performanceen baliagarritasuna nabarmendu du, eta gaineratu du eskultura ikusleari gerturatzeko baliabidea dela. «Pertsonak, giza osagaiak, eskulturaren lehen muga hausteko balio du», azaldu du Apodakako artistak.

Praxis «aldakorrena»

Emakume primitiboa egitasmoa Praxis proiektuaren barruan egon diren guztien artean «aldakorrena» izan dela nabarmendu du Daniel Castillejok, Artiumeko zuzendariak, eta Aitzkoaren parte hartzea ere txalotu du. Besteak beste, 2010etik, Praxis programa egiten ari denetik, artista horrek bakarrik marraztu du aretoan sartzeko ateburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.