Arkeologia

Larrahe baskoien dibinitateari eskainitako aldare bat aurkitu dute Larunben

K.o. I. mendeko harrizko pieza bat da, eta latinez idatzitako testu bat du: emakume batek Larrahe jainko baskoiari eginiko eskertzea jasotzen du. Aranzadiko ikerlariek egin dute aurkikuntza, Arriaundi mendiko aztarnategian.

Larunbeko aldarea eta testu epigrafikoa, aurkikuntzaren aurkezpenean; Larrahe izeneko dibinitatearen izena ageri da. IÑIGO URIZ / FOKU
Larunbeko aldarea eta testu epigrafikoa, aurkikuntzaren aurkezpenean; Larrahe izeneko dibinitatearen izena ageri da. IÑIGO URIZ / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Larunbe
2024ko ekainaren 15a
12:00
Entzun

Baskoieraren idatzizko beste lekukotasun bat aurkitu dute Aranzadi zientzia elkarteko ikerlariek Nafarroan. Larunben, Arriaundi mendiaren tontorrean dagoen aztarnategian, K.o. I. mendeko aldare bat topatu dute, erromatar garaikoa. Latinezko alfabetoan idatzitako testua du harrizko piezak, eta bertan, Larrahe izeneko dibinitate baskoiaren izena ageri da. Baskoien jainko izen baten idatzizko lekukotasuna da, beraz, baita orain arte iparralderen agertu dena ere. Hala, aurkikuntzak zabaldu egiten du gaur arte ezagutzen zen dibinitate horren zein baskoieraren lurralde dimentsioa, adituek nabarmendu dutenez.

Larunbeko elizan egindako ekitaldian eman dute aurkikuntzaren berri. Han izan dira Juantxo Agirre Mauleon Aranzadiko idazkari nagusia eta Arriaundiko aztarnategiko arkeologo zuzendaria, Jokin Otamendi Aranzadiko presidentea, Floria Pistono Itza zendeako Udaleko alkatea, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko presidenteorde eta Memoria eta Elkarbizitza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilaria, eta inguruko eta Aranzadi indusketak egiten ari den udalerrietako hainbat alkate. Baita Larunbeko herritarrak ere. Izan ere, Aranzadiko ikerlariek eta herritarrek auzolanean eraman dituzte aurrera Arriaundiko aztarnategiko indusketa lanak. Haien guztien aurrean jarri dute pieza agerraldian.

Aurkikuntza 2022ko abuztuaren 27an egin zuten, indusketei esker orain urte batzuk azaleratutako XI. mendeko Doneztebeko monasterioaren aztarnen barruan; eraikinari lotutako putzu baten hondoan zegoen, 77 zentimetroko sakoneran, modu horizontalean jarrita eta lurrez estalita. Osorik atera zuten pieza, eta buelta ematean ohartu ziren behera begira zegoen aurpegian idatzi bat zuela. Ordutik, hainbat arlotako espezialistek aztertu dute pieza. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko, eta Bartzelona, Burgos zein Paueko unibertsitateetako arlo askotako adituek ere parte hartu dute ikerketan, Aranzadiko kideek koordinatuta.

Kalkarenitazko bloke monolitiko batean egindako pieza da, neurri ertainekoa —gaur egungo kontserbazio egoeran, 47x18x18 cm ditu—. Goiko aldean focus biribil bat du, zeina erritualak egiteko erabiltzen zen —ardoa isuriz edo intsentsu motaren bat errez, eskaintza gisa—, eta bi moldura soilek banatzen dute gorputza goiko partetik eta oinetik. Karratua da gorputz hori, eta piezaren aldeetako batean dago testu epigrafikoa, lau idazketa lerrotan banatua. Adituek ondorioztatu dutenez, honako hau da testua:

Val(eria)·V[i]-
tel·la
m(erito?)·La·r-
a·he·vo(tum)
l(ibens)·s(solvit)

(ID_13979451) (/EZEZAGUNA) (;)
Aldarearen epigrafia eta transkripzioa. ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA

Halako aldareak ohikoak ziren erromatar garaian. Harrizkoak izaten dira, eta latinez idatzitako testu bat izaten dute. Bertan, eskertzea egiten zaion dibinitatearen izena eta eskaintza egiten dion pertsonarena ageri ohi dira. Larunbeko aldarearen kasuan, Valeria Vitella izeneko emakume batek Larrahe dibinitate baskoiari egindako boto bat bete izana azaltzen du testuak. 

Hizkuntza eta sinesmenak

Joakin Gorrotxategi eta Javier Velaza hizkuntzalariak dira pieza aztertu duten espezialistetako bi; paleolinguistikan aditua eta Hizkuntzalaritza Indoeuroparrean katedraduna da Gorrotxategi, eta epigrafian aditua eta Latindar Filologiako katedraduna Velaza. Nahiz eta aurkezpenean ezin izan diren egon, bideo batean eman dituzte hari buruzko azalpenak. Haien hitzetan, Larrahe izenak berak adierazten du baskoien jainko edo jainkosa bat zela. 

Batetik, h hizkia nabarmendu dute biek ala biek, hasperena markatzen baitu hizki horrek. Gorrotxategi: «Jakin badakigu orduko hizkuntzen artean bakarrik akitanierak edo baskoierak —hau da, euskararekin zerikusi zuzena zuten hizkuntzek— zeukatela hasperen hori. Aldameneko hizkuntzek, ostera, ez zuten; ez zeltiberierak, ez galierak, ez iberierak. Horrek markatzen digu, dudarik gabe, izen hau euskal leinuko izen bat zela». 

Bestetik, Velazaren ustez, izenaren -he bukaera ziurrenik hizkuntza baskonikoaren datiboaren forma da, hau da, eskaintza nori egiten zaion markatzen duena —Larra jainko edo jainkosari—. 

R hizkia ere ezaugarri gisa aipatu du Gorrotxategik. Larunbeko aldarean r bakar batekin ageri da izena idatzita, baina beste batzuetan izen bera bi r-rekin ere idatzi izan da. Gorrotxategi: «Aldaera honek adierazten digu orduko r-a euskarak duen r gogorra bezalakoa zela». 

Velazak azaldu du erromatarrek beren erlijioa bazuten ere onartzen zituztela beste herrietako sinesmen eta jainkoak, baita bere egin ere hainbatetan; «erromatar munduan oso ohikoa den erlijioen sinkretismo horretan, baskoien dibinitateak lurraldeko erromatar erlijiora gehitu zituzten aldare hauetan». Hala, baskoien lurraldean bertakoen sinesmenen lekuko diren hainbat teonimo agertu dira, eta, Larraheren kasuan, uste du larreekin edo labore-lurrekin zerikusia duen dibinitate bat zela interpreta daitekeela.

(ID_13979591) (/EZEZAGUNA) (;)
Larunbeko aldarearen eta eskaintzaren eszenifikazioa.
J. AGIRRE / ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA

Mapa eta lurraldea

Idatzizko lekukotasunak, baina, ez dira ugari, eta horregatik du garrantzi berezia Larunbeko aldareak, adituek nabarmendu dutenez. Larrahe jainko edo jainkosaren izena ezaguna bazen ere, beste hiru kasutan baino ez zen dokumentatu gaur arte, hari eskainitako harrizko beste hiru aldaretan agertu baita, baskoien lurraldean guztiak ere, Arga ibaiaren eta bere adar Riosaladoren arroan: Muruzabal Andionen (Mendigorrian, antzinako Andelon), Iruxon eta Errezun. Nafarroa Garaian, denera, teonimoak dituzten dozena bat lekukotasun baino ez daude; tantaka agertzen dira.

Larunbeko aldareari buruz Aranzadiko lantaldeak egindako ikus-entzunezkoa. ARANZADI

Ezaugarri bereziak ditu Larunbekoak, ordea, halako piezetatik orain arte iparralderen agertutakoa delako —besteak Iruñerritik hegoaldera zeuden—, baita garaien aurkitutakoa ere —942 metrora dago aztarnategia—, eta indusketa arkeologiko batean berreskuratu den bakarra ere badelako —bat-bateko aurkikuntzak izan dira gainerakoak—. 

«Larunbeko aldareak iparralderago zabaltzen du dibinitatearen eta hizkuntza baskonikoaren idatzizko lekukotasunen lurralde dimentsioa», nabarmendu dute ikertzaileek. Velaza: «Agertu den lekua, ziurrenik, baskoien ondare lurraldea izan zitekeenaren mugetan egongo litzateke, ziur aski haien bizilagun barduliarren mugetan. Hala, aldare honen lekukotasunak pixka bat gehiago zehazten digu lurralde hori, eta esaten digu dibinitate baskoi hau ohoratua zela oraindik K.o. I. mende amaieran edo II. mende hasieran». 

(ID_13979712) (/EZEZAGUNA) (;)
Jainko-jainkosa baskoiak dituzten aldareak agertu diren tokien mapa.
J. GORROTXATEGI, J. NARBARTE
(ID_13979713) (/EZEZAGUNA) (;)
Larrahe dibinitateari eskainitako aldareak agertu diren lurraldearen mapa.
J. GORROTXATEGI, M. AIESTARAN

Aranzadik nabarmendu duenez, «baskonikoaren eta euskararen jatorrian nahiz bilakaeran sakontzen laguntzen duen lekukotasun bat gehiago da», beraz, Larunbeko aldarea. «Gure herriak ez dauka idatzizko memoria zabal bat, eta iraganetik halako idatzizko lekuko bat aurkitzen dugunean, denok ospatu beharreko zerbait da. Hizkuntzaren lekuko berri bat da, lekuko idatzi bat, eta bere testuinguruan agertu da», nabarmendu du Agirre Mauleonek. 

Galdera asko argitzeko

Lehenago ere agertu izan dira erromatar garaiko aztarna bakan batzuk Arriaundin, hala nola zeramika puskak, sandalien tatxet txikiak eta txanponak. Hala ere, «garaian egon zitekeen ohitura eta biztanleei buruz nahikoa informazio» ematen dutela azaldu du Oihane Mendizabal Paueko Unibertsitateko ikerlariak. Aldareak, baina, baskoien sinesmenak eta Larrahe dibinitatearen kultua hobeto ulertzen lagun dezake. 

Alde horretatik, Arriaundi aztarnategi garrantzitsua dela nabarmendu du Agirre Mauleonek, hainbat garaitako aztarnak biltzen dituenez, inguruaren bilakaera aztertzeko modua ematen duelako, baita sinesmenei eta hizkuntzari dagokienez ere. «Mila urteko sinismen erlijioso ezberdinen lekuko bihurtu da». Garai hartan «emakumeak zuen rolaz» ere eman dezake aztarnarik piezak, arkeologoaren ustez, eskaintza egilea emakumea zela gogora ekarrita. «Valeriaren sinesmenei buruz hitz egiten digu pieza honek. Ez dakigu latinez hitz egiten ba ote zekien, ez eta idazten bazekienik ere, baina badakigu oso garrantzitsua zela harentzat erritualean zerbait idatzita egotea, eta latinez idatzi zuela; baina haren dibinitatea indigena zela». Gehitu duenez, Larraheren izenean, hain zuzen, «euskara, hizkuntza baskonikoa» dago.  

(ID_13979450) (/EZEZAGUNA) (;)
Arriaundi mendiko aztarnategiaren aireko ikuspegia. ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA

Kokaguneak berak ere egiten du berezi Arriaundi, Iruñerri osoa ez ezik, Sakanatik hara heltzeko pasabide nagusia ere bistaratzen baita bertatik.

Pieza ez da agertu bere jatorrizko kokalekuan, zutik eta testua irakurtzeko moduan jartzeko diseinatuta baitago. Hala, putzuaren hondoan etzanda eta testua beherantz zuela agertu izanak galdera ugari pizten dituela adierazi du Agirre Mauleonek: «Galdera asko ditugu. Ez dakigu zergatik edo nork bota zuen harrizko aldare hori ur putzuaren barruan. Zergatik ez zuten bota amildegitik behera?». Ez baita jakina putzura bota ote zuten, sinismen berriek hartaratuta, edota han jarri ote zuten, gorde eta babesteko asmoz. Edonola den, gaurdaino iritsi da Valeriak Larraheri egin zion eskaintza.

(ID_13979486) (/EZEZAGUNA) (;)
Larunbeko aldarearen denbora lerroa. JOSEBA LARRATXE

BerrialaguneNTZAT BISITA GIDATUA, HILAREN 22AN

BERRIAlagunek Arriaundiko aztarnategia ezagutzeko aukera izango dute datorren larunbatean, hilaren 22an. Hiru ordu inguruko bisita izango da, eta Juantxo Agirre Mauleonek gidatuko du. Larunben aurkikuntzaren inguruko proiekzio bat ikusi, eta segidan, indusketen gunera igoko dira parte hartzaileak, arkeologoaren azalpen gehiago jasotzeko. BERRIAlagunentzat soilik izango den bisita horretarako sarrerak BERRIAdendan erosi ahalko dira, 10 euroren truke; bildutako diru guztia Aranzadirentzat izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.