Baserri giroko thrillerra

Kalearekiko nahiz senideen arteko talkak eta misterioa uztartu ditu Miren Gorrotxategik '33 ezkil' nobelan. Zubikarai saria irabazi zuen

Lehen eleberria du Miren Gorrotxategik 33 ezkil (Elkar), Zubikarai saria irabazita idatzi duena. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Aitzurrarekin ari zela, lur azpian giza hezur batzuk topatu zituen behin Miren Gorrotxategiren osabak. Aranzadi zientzia elkartekoei deitu, eta Erdi Aroan bizi izandako gizon batenak zirela jakin zuten. Eleberri baten abiapuntua izan zitekeela iruditu zitzaion Gorrotxategiri, eta baserrian girotutako nobela beltz bat idatzi du: 33 ezkil. Belaunaldien eta senideen arteko talkak, baserriaren eta kalearen artekoak, eta misterioa uztartzen dituen thriller bat da haren lehen eleberria. Elkar argitaletxeak eta Ondarroako Udalak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria jaso zuen proiektuak, eta orain atera da argitara.

Hezurrak topatzearen pasadizoarekin hasten da Gorrotxategiren eleberria, eta, thriller guztietan bezala, misterio bat ezkutatuko du kontakizunak. Genero hori bereziki ez, baina nobela beltzak eragiten dion sentsazioa gogoko du egileak: «Harrapatuta egotearen sentsazio hori, jakin-min hori, irakurtzen aurrera jarraitzekoa gustukoa dut. Sentsazio hori lortu nahi nuen irakurleengan». Kontakizunean aurrera eta atzera jauziak egin ditu tentsioari eusteko. Bi denbora lerrori jarraitzen die istorioak: orainaldiko kontakizuna dago batetik, eta aurrez gertatutakoak letra etzanez emanda jasotzen dira bestetik. «Misterioa hasieratik dago liburuan, eta irakurleak agian sentsazioa izango du atzera salto horietan informazioa emango zaiola misterio hori nondik datorren edo nola konponduko duen jakiteko. Baina askotan alderantzizkoa gertatzen da, korapiloa are gehiago korapilatzen baita, eta jakin-mina eragiten du. Nire asmoa behintzat hori izan da, hari batetik edo bestetik irakurlea kateatzea». Egitura horrek, halaber, informazioa dosifikatzeko aukera eman diola dio.

Misterioaren hariaren azpian, hala ere, bestelako gaiak agertzen dira eleberrian, hala nola belaunaldien arteko desadostasunak, kalearen eta baserriaren arteko kontrakotasuna, eta senideen arteko liskarrak. Baserrian girotutako nobela beltz bat izatea baita liburuaren berezitasunetako bat. «Thriller bat da, baina neuk egina da, ez beste batek, eta, beraz, bertako ezaugarriak ditu. Bat gehiago izan beharrean, bertako thriller bat egin nahi nuen». Ez du baserriaren irudi idealizaturik eskaini nahi izan, eta badaki orain edo hemendik urte batzuetara istorioa ez dela berdin irakurriko. «Denboran atzera-aurrera jauzi asko daude nobelan, eta nahitaez agertu beharra zegoen azken hamarkada hauetan baserri munduak jasan duen aldaketa». Nobelako gurasoek baserriarekin jarraitu nahi dute, eta semeek ere jarrai dezatela, «baina beti hala egin delako, ez tradizioari nahitaez eusteko beharragatik», egilearen hitzetan. «Aitak gehiago du burua apustuetan-eta, eta amak familiaren ongizatean». Elkarren artean norgehiagokan dabiltzan gizonen mundu bat erakusten du nobelak lehen begiratuan, baina emakumeek jokatzen duten rola indarra hartuz doa istorioak aurrera egin ahala. «Gizonen mundu horretan bizitzea tokatu zaie, eta hori onartu beste erremediorik ez dute izan, baina gero ikusten da badakitela ezkutuan gauzak beraien erara moldatzen». Drogak ere osagaien artean sartu ditu egileak, pertsonaiei amaiera tragikoa emateko ez ezik, heriotzak ingurukoengan duen eraginaz hitz egiteko.

Aurreikusi gabekoak

Nobela beltzen generoan, egileak hasieratik istorioan zer gertatuko den argi izatea komeni dela esaten da, eta hala izan da Gorrotxategiren kasuan ere, baina ez erabat; espero zuen emaitzaren aldean, «zerbait ezberdina» izan dela dio. «Banuen ideia non hasi eta non bukatu nahi nuen, egitura ere nahiko argi nuen, baina denboran atzera eta aurrerako horien bi muturrak ez nituen ziur-ziur ondo itxiak, eta, aldi berean, horrek emozio puntu bat jartzen zidan». Irakurlearen lekuan jartzeko aukera ere eman dio horrek. Halako zerbait gertatu zaio pertsonaiekin ere. «Zenbait pertsonaiak lortu dute nobelan hasieran aurreikusita ez zegoen protagonismo bat. Urtebeteko prozesu honetan bide desberdinak hartu dituzte, eta nobelari nik aurretik uste gabeko bideetan aurrera egiteko aukera eman diote».

Gaztetan Urruzuno saria irabazi zuen Gorrotxategik, poesiaren alorrean, baina ordutik idatzitako ipuin eta poemak tiraderan gorde izan ditu. Ordea, bere buruari erronka jarri zion, eta Zubikarai saria lortzeak eman dio aukera proiektuari ekiteko. «Errazagoa izan da horrela, prozesuan beti zalantzak dituzulako; bekaren hobespena izateak aurrera jarraitzeko segurtasuna eman dit».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.