Geure Atalaia kutune lana ez dago Eako talaian (Bizkaia). Erramun Mendibelanda artistak bi urtez garatu du obraren ideia, talaia horretako baselizaren barruan jartzeko, baina Eskolondo kultur etxean jarri behar izan dute, Bilboko gotzaingoak debekatu egin duelako tenpluan kokatzea. Talaiako ermita leku maitatua da eatarrentzat, eta ika-mikak sortzen ditu erabakitzeak zer den onena toki harentzat.
Sortutako lana portzelana muralistikozko horma irudi bat da. Gorria, arrosa, laranja, horia, berdea, urdina, marroia eta grisa lauza zurien gainean. Kolore horiek guztiak lerroen, laukizuzenen eta itsasoko irudien barnean harrapatuta. Horixe da artista eatarraren proposamena baselizaren horma zuriak janzteko. Kolore bakoitza biziduna balitz bezala tratatzen duela azaldu du, koloreak elkarren arteko adiskideak balira bezala. Horrela, tonuen arteko adiskidetasuna bilatzen du: «Bizidun bat edertzen da albokoak edertzen duenean; bada, koloreekin gauza bera gertatzen da».
Horma nagusia sei metro zabal eta bost metro luze da, 30x40 zentimetroko 240 lauzaz estalia. Lanaren zati nagusia hartuko luke horma horrek; haren bestaldean itsasoa dago. Artistak pasioz irudikatzen du bere lanak sortu beharko lukeen efektua: «Baselizan sartzen denak sentitu behar du, ez ikusi, baizik eta sentitu, itsasmarratik zerbait etorri zaiola, ulertzen ez duen gauza bat, inpresionatzen duen gauza bat». Lanaren bigarren zatia, estilo bertsukoa, aldarerako korridore handiaren ezkerraldean kokatzea da asmoa, bederatzi metro zabal eta hiru metro garaiko horman.
«Baselizan sartzen denak sentitu behar du itsasmarratik zerbait etorri zaiola, ulertzen ez duen gauza bat, inpresionatzen duen gauza bat»
ERRAMUN MENDIBELANDA Artista
Baseliza berregin zutenean, 1970eko hamarkadan, sabaia eskaintzaz beteta topatu zuten, batez ere, itsasontzitxoak, zakuetan babestuta. Artistak ere eskaintza egin nahi dio Eako talaiako baselizari, eta, garatzen ari den proiektuarekin, bere alderik onena eskaini: «Zein da nire alderik hoberena? Ezagutzen ez dudana baina ezagutzeko daukadana». Haren asmoa zera da, egindako bozetoetatik baselizako obra sortzea.
Duela bi urte pasatxo, Asmoz fundazioak Mendibelanda aurkitu zuen, zaharberritzeko eliza bila, eta artistak, bere jaioterriko baseliza. Artistaren hitzetan, eatarrek hainbeste maite duten baselizak eta artistaren lanak bat egin zuten orduan: «Zortzi hilabete ibili nintzen akuarelak, pastelak eta grafitoak egiten, jakin gabe proiektu horretarako zirenik; hau da, egiten ari nintzen guztia proiektu horren parte bihurtu zen bat-batean». Orduan, murala baselizaren hormetan irudikatu, eta lantaldea osatu zuen Asmoz fundazioarekin —koordinazioa, diru iturria eta beste—, Loitz Zeramika tailerrarekin, Graficas Ribera de Deustorekin eta Construcciones Madariya enpresarekin.
Bizkaiko gotzaingoak plana atzera bota du, eliztarrak proiektua bertan ezartzearen kontra daudela argudiatuta. Artistak zera deitoratu du: «Eliztarren atzetik urte eta erdi egon gara, eta ez dute gurekin bildu nahi izan». Edonola ere, proiektua baselizan azaltzeko aukera izan zuten behin. Bertaratutakoek, orduan, errefusa adierazi, eta argudiatu zuten ez zutela nahi kultu lekua museo bihurtzerik, artistaren arabera. Eako abadeak, BERRIAk egindako galderen harira, adierazi du «Elizaren aurrean bakarrik» hitz egingo duela.
Hala ere, kalean adostasuna badagoela deritzo Mendibelandak. Hartara, Eako talaiako baselizarako lanaren zirriborroa herriko Eskolondo kultur etxean jarri du, bere beste zenbait obrarekin batera, Espiritua eta artea Eako Atalaian izeneko erakusketa kolaboratiboa osatzeko.
Espiritualtasuna eta artea Eako talaian
Eskolondoko erakusketa orain dela hamar egun inauguratu zuten. Aurkezpenak lantaldearen espektatibak gainditu zituen; «ezin hobeto atera da», goratu du artistak, ordutik «jendearen begirada ulertzen» lanpetuta dagoela esan aurretik. Beste bi artistak osatu zuten aurkezpena. Jose Julian Bakedano Sarrionandia zinemagile eta idazle durangarrak Sobre lo espiritual en el Arte hitzaldia eman zuen, espiritualitatearen mugen ingurukoa. Mendibelandak horren ideien bitartez azaldu du «espiritualitatea, bakoitzaren barne mundua, ezin dela sakristia zaharreko lau lagunen eskuetan utzi», eta salatzen du katolizismoak baseliza beretu duela. Horrez gain, Daniel Apodaka konpositore gasteiztarrak Ea, lau ahotsetarako musika lana estreinatu zuen, KEA Ahots Taldeko lau kontraltoren laguntzarekin.
Obrak abuztuaren 4ra bitartean egongo dira ikusgai, aste barruan, arratsaldez; eta larunbat eta jaiegunetan, goiz eta arratsaldez. Artistak orain arte jasotako erantzuna goratu du. Espiritualitateari dei egin dio, eta, haren ustez, «ekintza edo performance sakro moduko bat» gertatzen ari da, «esan genezake kapera bihurtu dela».
Lana inspirazio iturri izan den tokian jartzeko, sinadura bilketa bat abiatu dute. Erakutsi nahi dute herriak baduela borondatea artelana Eako talaiako baselizan jartzeko. Hortaz, erakusketak dirauen bitartean, Eskolondo kultur etxera joaten direnek sinadura bat gehitu ahalko diote zerrendari, baseliza artez betetzeko.