Inazio Eizmendi Manterola Basarri bertsolaria zena omenduko dute Zarautzen, haren jaiotzaren mendeurrenean. Apirila eta azaroa bitartean, kontzertuak, erakusketak, hitzaldiak, eta beste egingo dituzte Zarautzen, hango udalak eta Motxian bertso eskolak hauspotuta.
Prestatutako egitarauko ekitaldi nabarmenenak azaroan egingo dira. 27an, bertsolariari buruzko erakusketa bat irekiko dute Sanz Enea kultur etxean. 28an, Euskaltzaindiaren Herri Literatura Batzordeak ekitaldi bat egingo du herrian, eta hurrengo egunean, berriz, osoko bilkura. 29an bertan egingo da, hain zuzen, ekitaldi nagusia, eta Basarritik Azken Portura izena jarri diote. Bertsoa, irudia, musika eta antzerkia uztartuko dituzte Aritzbatalde kiroldegian, Motxian bertso eskolak antolatuta.
Datorren hilabetean abiaraziko dute egitaraua. Nikolas Zendoiak eta Pello Esnalek Basarriren kontalaritza lana eta Basarriren kazetaritza lana hitzaldiak eskainiko dituzte. Uztailean, bertsolariaren omenezko kontzertu bat eskainiko du Zarauzko abesbatzak, eta abuztuan, Azken Portu auzoko jaiak baliatuz, plaka bat jarriko dute Azken-Portu etxean; izan ere, Basarri etxe horretan bizi izan zen. Urrian, berriz, Basarri eta bertsogintza hitzaldia emango du Andoni Egañak. Errezilgo Granada baserrian jaio zen Basarri 1913an, baina zazpi urte zituela Zarautzera joan zen familia guztiarekin batera.
Basarri omenduko dute Zarautzen, apiriletik azarora
Bertsolariaren jaiotzaren mendeurrena dela eta, kontzertuak, erakusketak, hitzaldiak, eta beste egingo dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu