Basamortua ureztatuz

Calexicok ohiko zeinu bereizgarriei eusten die 'Edge of The Sun' estudioko bere bederatzigarren diskoan. Aurreko lanetakoa baino eklektikoagoa da azken emaitza, ordea.

John Convertino eta Joey Burns, Calexicoko bi zutarriak, promozio argazki batean.
Igor Susaeta.
2015eko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Calexicok azken hogeiurteetan sortutako musikak dezente dauka zinematografikotik. Joey Burnsek eta John Convertinok gidatutako taldearen kantuak entzunda, hainbat irudi ikoniko marraztu ditzake entzuleak bere gogoan: AEBak eta Mexiko banatzen dituen mugako errepide bakartiak, hautsez betetako tabernak, paisaia idor horietako herri eta hiriak... Basamortua, beti basamortua. Eta, hortaz, ezinbestean —taldearen bi sortzaileak, gainera, Tucsonen (Arizona, AEB), mugatik 50 bat kilometrora, laketu ziren duela urte batzuk—, munduko eremu zehatz horretako doinuak izan dira Calexicok bere abestietan landu dituenak: tex-mex-a, countrya, folka, mariatxien haizezko instrumentuak... Modu aski garaikidean eta post-rock ukitu nabariarekin landu izan dituzte, hori bai. «Calexico da... Calexico. Definitzen ibiltzea denbora galtzea da», adierazi izan du Burnsek (abeslaria eta gitarra jotzailea, besteak beste), estiloaz galdetuta.

Baina basamortu idorrenean sortutako hori ureztatzen jakin izan dute Burnsek eta Conventinok (bateria). Ipurterreak direlako. Bizitza bidaia baten gisan interpretatzen dutelako, eta horren ondorioz ezagutu dituzten tokietako herri musikatik edaten ahalegindu direlako. «Kulturen arteko nahasketa da bizitzan gehien maite dudana». Burnsek esana. Beraz, printzipio horiek edukita, inoiz ez da harritzekoa gertatu son kubatarra edota Latinoamerikako jazza entzutea, adibidez, hain konposizio landuetan.

Azkeneko lanean, ordea, beste pauso bat eman dute eklektikotasun horretan, eta ohiko zeinu bereizgarriei eusten dieten arren, Burnsek eta Convertinok inoiz baino gehiago ureztatu dute haien sorkuntzaren basamortua. Izan ere, Edge of The Sun-eko abestietan ere sentitu dezake entzuleak hor nonbait dagoela, errepide bazter batean, eguzki galgatan, haizezko instrumentuak, steel gitarra eta beste adituta, bai; baina, aldi berean, cumbia batekin eta reggae doinuekin urrutirago bidaiatu dezake. Horretarako proposamena egiten du taldearen estudioko bederatzigarren diskoak—asteartean kaleratuko dute—.

Itxura hori du lanak, Burnsek eta Convertinok —urteetan Howe Gelben ezker eta eskuin eskua izandakoak Giant Sanden— esperimentatzea atsegin dutelako. «Ez dugu beti disko bera egin nahi». Eskaintzen dutena berritzeko ahalegin horretan, kolaboratzaile dezenterekin partekatu dituzte kantuak: Neco Caserekin, Sam Beranekin (Iron & Wine), Ben Bridwellekin (Band Of Horses) Nick Uratarekin (DeVotchKa), Gaby Morenorekin, Carla Morrisonekin eta Amparo Sanchezekin (Amparanoia), esaterako.

Mexikora, inspirazio bila

Bide berriak urratzea gustuko dutenez, Sergio Mendoza teklistak aholkatuta pare bat aste igaro zituzten Calexicoko bi zutarriek, iaz, Mexiko Hiriko Coyoacan auzoan. Han hasi ziren diskoa hezurmamitzen, eta toki hori bertatik bertara ezagutzea «inspiragarria» izan dela aitortu du Burnsek.

Hain zuzen, diskoko hamabi kantuetako batek Coyoacan dauka izena. Kontraesanezkoa dirudi, baina abesti hori da Calexico basamortukoenarekin, The Black Light-ekoarekin (1998), antz handiena daukana. Falling from The Sky pop-rock ukituko doinuak irekitzen du lan berria, eta horretan zera galdetzen du Burnsek: «Where do you fall when youhave no place to go? (Non geratzen zara nora joan ez daukazunean?)». Kantuaren egileak itxaropena goratzen du kontzeptu gisa. «Beti sinistu dugu horretan. Dena den, disko honek badauka zerikusia egun distiratsuenetako tristeziarekin, denok dauzkagun sentipen horiekin», adierazi zuen joan den urtarrilaren amaieran, disko berri bat argitaratu behar zutela jakinarazi zutenean.

Abesti osoenetako bat da aurrenekoa, World Undone arnas eta garapen luzekoarekin batera —kantu ia gehienen iraupena hiru bat minutu eta erdikoa da—. Atentzioa ematen dutenen artean daude Tapping on The Line malenkoniatsua, erritmo kutxa moduko baten gainean osatutakoa, eta Moon Never Rises, dub-reggae beat batzuek eusten diotena.

Espiritu bidaiazalea eta kartsua dauka Calexicoren kantariak, eta, horregatik, Europan grabatu nahi izan zuen Algiers (2012) aurreko diskoa. «Ekoizpena, ordea, garestia zen oso». Grina nazioartekoa ere sentitzen du, eta hori nabaritzen da taldekideen, Paul Niehaus (gitarra), Jairo Zavala (gitarra), Martin Wenk (tronpetak eta beste), Jacob Valenzuela (tronpetak eta beste) eta besteren herritartasunean. «Madrilgoak, Nashvillekoak, Tucsongoak, El Pasokoak (AEB) eta Berlingoak (Alemania) dira, besteak beste. Nahasketa eklektikoa da».

Zuzeneko koloretsuetan basamortua are gehiago ureztatzeko joera edukitzen dute Calexicokoek. Hilabete honetan Europako hainbat tokitan joko dute, baina Euskal Herrian ez da haien zuzeneko bizi eta kalitatedunekin gozatzeko aukerarik egongo —2009an eta 2012an kontzertu gogoangarriak eskaini zituzten Donostiko Viktoria Eugenia antzokian—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.