Hamaseigarren aldiadu aurten, eta sekula baino ozenago entzuten ari da egunotan EH Sona Bartzelonan. Lou Topet, Mursego, Bide Ertzean, Tania de Sousa, Kashbad eta Eñaut Elorrieta igoak dira, bertzeak bertze, Bartzelonako areto nagusietako agertokietara, eta iragan asteburua orain arteko biziena izanda.
Joan den asteko ortzegunean, Badok.info atariaren aurkezpenarekin estreinatu zuten kartela, eta, lotsati baina ikusminez, 30 lagun inguru bildu ziren Euskal Etxeko txokoan. Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak abestiarekin, Carles Beldaren trikiti doinuek egin zieten ongietorria bertaratu zirenei, eta jarraian hitza hartu zuten Ainara Lasa BERRIA Taldeko marketin arduradunak, Jon Eskisabel Badok.info atariaren arduradunak eta Pello Urzelai BERRIAko IKT arduradunak.
Badok.info atariaren bilakaera aztertu ondotik, jada 413 artista, 2.043 disko eta 19.000 entzunaldi baino gehiago dituztela baieztatu zuen Urzelaik. Aurreratu zuten abenduaren 6an Badok.info aplikazioa aurkeztuko dutela Durangoko Azokan; izan ere, ikusi dute azken hilabeteetan erabiltzaileen %40k sakelakotik erabiltzen dutela ataria.
Amaieran, bertaratu zirenen galderei ere erantzun ostean eta ekitaldia merezitako moduan amaitzeko, Carles Beldak Buhamiak eta Mikel Laboaren Assentire de grat kantuak jo zituen, azken hori Salvador Espriuren poema bat musikatuz osatua.
Ortziralean, bi ekitaldi nagusitu ziren. Aurrenekoa, arratsaldez, Euskal Etxean. Izan ere, EH Sonaren aurtengo berrikuntza txikienentzako TXO ekitaldia sortzea izan da. Horrela, Dues Princeses Barbudes talde katalanak berriki euskaraz kaleratu duen bilduma aurkeztu zuen Euskal Etxean.
Ortziraleko talde nagusia Kashbad izan zen. 2007an eman zuten azken kontzertutik zazpi urte bete zirenean, taldeko kideek zazpi hilabeteko bira hasi zuten, maiatzean, eta biraren azken txanpan daudenean iritsi dira Bartzelonara. Urtarrilaren 3an egingo dute azkeneko kontzertua, Tolosako Bonberenean.
Hegaz abestiarekin hasi zuten emanaldia, eta guztira 15 kantak osatu zuten errepertorioa. Guztira, ehun lagun inguru bildu ziren Bartzelonako Razzmatazz areto mitikoan, eta giro itzela nagusitu zen azken minutura arte.
Larunbatean, Eñaut Elorrietak hartu zuen lekukoa, Gracia auzoko CAT-Centre Artesa Tradicionarius aretoan. Kontzertua hasteko 30 minutu falta zirenenean, jarraitzaileak ilara egiten ari ziren, herriminez, Deserriko kantak diskoaren aurkezpen kontzertua ikusteko zain.
Txus Aranburu teklista izan zen agertokira sartzen lehena. Bere aulkian jarri eta ilunpetan hasi zen jotzen. Isiltasunean, minutu pare bat pasatuta atera zen Eñaut Elorrieta agertokia argiztatzen zen bitartean, eta atzetik, jarraian, Igor Telletxea bateria jotzailea eta Ruben Caballero gitarrista. Guztiak prest zeudenean, Elorrietak gitarra soinean jantzi, eta Non dago nire herria abestiarekin hasi ziren.
Kantuak xuxurlatzen
Ikusleek denbora gutxi behar izan zuten gernikarraren kantuak xuxurlatzen hasteko, eta bi ordu baino zertxobait gutxiago iraun zuen kontzertuan ez ziren falta izan Tren luzea, Harkaitz Canok idatzitako Azken balsa, Gernika eta Mendigoixaliarena abestiak. Nire aitaren etxea abestiarekin itxi zuten errepertorioa, eta bisean jo zituzten hiru kanten artean, azkenik, Kataluniari gorazarre egiteko aprobetxatu zuten, Lluis Llachen Que tinguem sort abestia jota.
Aurtengo EH Sona jaialdian, abenduaren 5ean amaitu bitarte, hurrengo egunetan aritzekoak dira Zea Mays, Goienetxe Anaiak, Balerdi Balerdi, Su Ta Gar eta Eratu, Aina LeGardon, Australia eta Our Next Movement.
Bartzelona, euskal doinuz bustia
Egungo euskal musika Bartzelonan erakusten ari da aurten ere EH Sona jaialdia, zuzeneko emanaldien bidez batik bat. Kontzertuei ez ezik, tarte bat egin dio 'Badok.info' atariaren aurkezpenari ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu