Atzerrian hamabi urte eman ondotik itzuli da Natalia Miralpeix sorterrira, Bartzelonara. Inguruari begiratzeko beste manera bat ikasita bueltatu da, etxetik alde egin zuenean ulertu baitzuen aurrez «bihotza sorgorturik bezala» aritzen zela gauzei so. Bestela egiten du orain, 1974an. Eta hau du sentipena: «Bartzelona hiri zaratatsua zen orain, baina ez hiri orotan izaten den zalaparta horrengatik, ez autoen eta jendearen zalapartagatik, baizik eta beste modu batera (...); aitzitik, iruditzen zitzaion hiriak garrasi egiten zuela, ‘garrasi egiten din bere burua ez entzuteko’». Besteak beste Nataliaren urratsen bitartez plazaratu zituen Montserrat Roig idazleak (Bartzelona, 1946-1991) orduko Bartzelonaren eta burgesia katalanaren ekosistemari buruzko dozenaka gogoeta, Gerezi-denbora nobelan (1976) bilduta. Amaia Apalauzak euskaratu du lan hori orain, eta Consonni argitaletxeak eman.
Gerezi-denbora da, hain zuzen, Montserrat Roigi euskaratu dioten lehenbiziko lana. El temps de les cireres du jatorrizko izena —katalanezkoa—, idazleak Sant Jordi saria irabazi zuen hari esker, eta katalan literaturako klasikotzat jotzen da egun.
Betsabe Garciak Montserrat Roigi buruzko biografian adierazi zuenez, idazlearen nobeletan Bartzelona ez da agertoki hutsa, «pertsonaia bat da, ia-ia»
Zehazki, Roigen trilogiaren bigarren eleberria da; aurrez eman baitzuen Ramona, adéu (1972), eta, gero, L’hora violeta (1980). «Bartzelonako trilogia ere deitzen diote bilduma horri», kontatu du Apalauzak liburuaren aurkezpenean, Iruñean, eta orduan emandako esplikazioetan hainbatetan azaleratu du, hain justu ere, hiriak nobeletan duen protagonismoari loturiko ideia. Hala nola Betsabe Garciak Roigi buruz idatzitako Amb uns altres ulls biografiatik zenbait hitz aterata: «Bartzelona ez baita agertoki hutsa, baizik eta beste pertsonaia bat, ia-ia».
Astebete baizik ez da pasatzen eleberriak jasotzen duen istorioa hasten denetik bukatzen den arte, Natalia Miralpeix Ingalaterratik bueltatu ondoko astebetea. «Astebete irauten du, baina aurrera eta atzera dabil erabat», zehaztu du Apalauzak. Eleberria erreferentzia historikoz josia dago: esaterako, Natalia aireportura ailegatzean, bi egun dira Puig Antich anarkista hil dutela. Gainera, bestela ere, bistan da Bartzelona borborka dela: frankismo garaiaren hondarrean, iraultza politiko eta sexual betean. «Baina ikusten da gain behera doan mundu bat, hiri bat dekadentzian, nolabaiteko nostalgiaz kontaturik».
Familia burges bateko alaba baita Natalia, eta, hain zuzen ere, hurbilekoekin —batik bat aitarekin— dituen talkek erakusten dute tradizio burges kontserbadorea bazter utzi eta beste bide bat hartu nahi zutenen lekukotasuna dela harena, neurri handi batean.
Eta, hala, adibidez, 1970eko hamarkadan jaiotako «bestelako burgesien» izaerak bistaratzen dira, itzultzailearen esanetan: «Adibidez, gazte modernoena, elitistena, modako diskoteketan ibiltzen zirenena». Apalauzak dioenez, Roigek ez zituen askorik maite horiek, «ez zirelako sozialki eta politikoki konprometituak». Halere, oroitu du bazirela estimuan zituen beste batzuk: «Burgesak, baina progre-ak: katalanzaleak, idealistak, bidaiazaleak, kulturazaleak, politikoki konprometituak, zenbaitetan alderdi klandestino eta marxistetan ibiltzen zirenak». Eta bai batzuk bai besteak, biak daude Gerezi-denbora-n islaturik.
Roigen literaturan, bista-bistakoa da idazleak zer gai zituen obsesio: heriotza, sexua eta zahartzaroa
Edonola ere, liburuan bada testuinguru politiko eta historikoari, edo beste zernahi elementuri, gailentzen zaion gai bat: maitasunarena. «Roigek esaten zuen badagoela gizakiak, nahita ere, gainetik kendu ezin duen gauza bat: maitasuna, eta maitasunak uzten dituen zauriak», kontatu du itzultzaileak. Dioenez, idazlea sinetsia zegoen maitasunak dena blaitzen duela, eta, horri loturik, bazituen hiru obsesio, haren literaturan ere argiki bistaratzen direnak: heriotza, sexua eta zahartzaroa. Gainera, Roigek iritzi zion irakurleei ere emozioekin ikustekoa dutenak interesatzen zaizkiela. Horregatik, batik bat protagonisten sentipenek trazatzen dute Gerezi-denbora: familiako kideen pozek, tristurek, kezkek eta harremanek.
Izan ere, familia kronika gisa deskriba daiteke eleberria. Edonola ere, pertsonaiak «sartu-atera dabiltza», lan honetan ez ezik, Roigen liburu guztietan ere. Alegia: nobeletako batean protagonista nagusia den hori bigarren edo hirugarren mailako pertsonaia izan daiteke beste batean, eta aldrebes. «Niretzat, alfonbra bat jarriko balu bezala da, eta bere etxera sartzera gonbidatuko bazintu bezala, bere mundura. Keinu gustagarriak dira», azaldu du Apalauzak.
Politika, feminismoa, kazetaritza
Kazetari ere ibili zen Roig, eta oso konprometitua zen politikarekin. PSUC alderdian ibili zen zenbait urtez, eta sozialismo klasikoa eta balio kultural katalanak sustatu zituen bertan, besteak beste. Hala eta guztiz ere, feminismoarekin zeukan konpromisoa nabarmendu dute, batik bat, Iruñeko aurkezpenean. Horren erakusgarri da, adibidez, nobelako protagonista nagusiak emakumeak izatea, eta, gainera, Roigen kontakizunean agerikoa izatea propio andreei lotuak diren zenbait gai landu nahia: hala nola abortua, ginekologoarenean gertatzen direnak eta, oro har, sexualitatea.
Roigen idaztankeragatik itzulpen ariketan sumatutako zailtasun batzuk aipatu ditu Apalauzak. Esaterako, zehaztu duenez, idazleak bitarteko edo narratzaile premiarik gabe ematen ditu pertsonaien ahotsak, sarri, «kaos puntu batekin», eta hori ez da izan euskaratzeko erraza.
Dioenez, Roigek «erritmo frenetikoa» darabil oro har. «Esango nuke ia arnasaldi batean irakurtzeko liburu bat dela. Eten batzuk egiten ditu tarteka, eta eskerrak, arnasa pixka bat hartzeko, baina oso erritmo azkarrekoa da. Katalanez irakurri nuenean, dena den, oso ongi sartzen zitzaidan». Hori euskarara nola ekarri izan du kezketako bat, hain justu: «Gehien kezkatzen ninduena zen katalanez usaindu egiten den baina trabarik egiten ez duen kaotikotasun horrek berdin funtzionatu behar zuela euskaraz». Jarri eta kendu aritu da, probak egin eta egin, baina erdietsi du azkenerako. «Jolas polita izan da».