Barrutik eta barrura begira

Peru Galbetek bakarkako hirugarren diskoa argitaratu du: 'Nor zara zu?'. Itxialdian amaitutako hamar abestik osatzen dute diskoa. Goxotasun eta sinpletasun atmosferan uztartzen dira hitzak eta musika

Paxkal Irigoien eta Peru Galbete, Zumarragan, Mikel Laboaren omenaldiko kontzertuan. JON URZELAI.
aitor biain
2020ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Askorentzat, agian, ez dira garai onenak sormenerako, baina Peru Galbete musikariak (Donostia, 1987) konfinamendua bera baliatu du azken urteetan landutako ideiei forma eman eta kantu bilakatzeko. «Beti nabil kantuak egiten eta ideiak grabatzen. Baina egoera arraro honek balio izan dit berariaz horretan jarri eta bukatzeko». Itxialdian osatu du, hala, bere bakarkako hirugarren lana dena: Nor zara zu? Barrura begira egindako diskoa da, «intimista», eta sinpletasunetik abiatzen dena. Musikariak aitortu du, nolanahi ere, garai hauetan «hitzak baino zerbait gehiago zabaltzeko beharretik» argitaratutako lana dela.

Oihan zabal eta zaratatsu batetik etxeko txikitasun eta isiltasunera egin du jauzi Galbetek. Izan ere, hiru urte dira Boliviako basoan animalia eta giro soinuekin batera grabatutako Voces de la Selva argitaratu zuenetik. Haren aldean oso bestelakoa da lan berria: «Gehiago hurbiltzen da hastapenetara». Duela bost urte ekin zion bakarkako bideari, eta 2016an argitaratu zuen bere aurreneko diskoa: Peru. Estreinako bilduma haren ildoari jarraipena ematen dio honek, hain zuzen ere. «Aurreneko lana gurasoen etxean grabatu nuen, eta disko hau ere etxean grabatu dut, nik nire kabuz, nahiko modu sinplean. Baina freskotasun hori ere eman nahi izan diot lanari».

Hamar kantuz osatutako bilduma da, eta, horietako gehienak itxialdian bukatu baditu ere, azken hiru urteetan bizitoki izan dituen Urretxun (Gipuzkoa), Usurbilen (Gipuzkoa) eta Uharten (Nafarroa) idatzi eta grabatutako abestiak dira. «Lehendik ere aurreikusia nuen diskoa osatzea, agian beste era batera, baina, azkenean, egoera honek bultzatu nau modu honetan egitera. Konfinamenduak apur bat azeleratu du prozesua».

Galbeteren hitzetan, abesti guztiak ezberdinak dira, baina elkar batzen dituen «bilgarri moduko bat» dute guztiek, eta, horri esker, osotasun bat du diskoak. «Antzeko instrumentuak dituzte denek, nahiz eta kantuen erreferentziak askotarikoak izan daitezkeen. Diskoari kontraste hori ematea gustatzen zait». Bere ahotsa du instrumentu nagusitzat musikariak, eta gitarra, ukelelea, pianoa edo txarangoa—Hego Amerikako hari instrumentu bat— ditu lagun soilak abestietan. «Niretzat, ahotsa beti izango da nire lehenengo instrumentua. Ahotsak gidatzen ditu kantuak, batez ere».

Poesiaren esanahi ugariak

Barrenetik ateratako kantuak dira, barrura begira eginikoak. Galderak ditu hizpide behin eta berriz, eta galdera horiei egiten die erreferentzia diskoaren izenburuak ere, Galbetek azaldu duenez. Poesiaz bustitako kantuak dira, non hitzak eta soinuak goxotasun eta sinpletasun atmosfera batean uztartzen diren. Hitzei garrantzi handia ematen baitie musikariak: mezua eta musika, biak bat dira Galbeterentzat. «Lan handia da hitz egokiak aurkitzea kanta bakoitzarentzat, eta horri denbora dezente eskaintzen diot. Batzuetan, bigarren mailan geratzen da mezua, baina niretzat %50eko garrantzia du kantu batean». Adierazi du Anari eta Mikel Laboa dituela erreferente bide horretan.

Azpimarratu du, hala ere, mezua «irekia» dela gehienetan, eta entzulearen esku uzten duela bakoitzaren interpretazioa. Hala, musikariak Zubietako erraustegia oinarri hartuta idatzitako kantu bat bilakatu daiteke itxialdiaren inguruko gogoeta bat, esaterako. Badira hitzik gabeko kantuak, edonola ere: diskoa zabaltzen duen Waio kantu koral eta esperimentala da horren adibide.

Itxialdia diskoaren argitalpenerako aitzakia izan bada ere, koronabirusaren krisia ere abesti batean jaso nahi izan du Galbetek. Bada, bi emakumeren arteko elkarrizketa bat jaso du giro soinu musikatu baten bitartez. «Aurreko diskoan egin nuenaren kontrakoa egin dut: giro soinua bigarren plano batean sartu beharrean, lehenengo planoan sartu dut. Interesgarria iruditu zitzaidan ez bakarrik geldialdi bat sortzeko, baita bizitzen ari garen garai bereziaren marka uzteko ere».

Diskoa modu digitalean eskuratu daiteke oraingoz, baina egoera lehengora itzultzean formatu fisikoan ere argitaratzea nahiko luke musikariak. Formatu fisiko «zaindu bat» egin nahiko luke, gainera, liburuxka eta guzti. Ez du horren argi, ordea, zer ibilbide egingo duen lanarekin. «Ikusita nola dauden kultura eta artearen mundua bera, aurrera begira ez dut ilusio handirik egin. Garai zailak bizitzen ari diren lagun asko ditut».

Ez du baztertzen zuzeneko kontzertuak ematea, halere. Diskoaren formatu soila agertokira eramatea da haren nahia. «Printzipioz, zuzenekoak bakarka egiteko asmoz nabil, baina gustatuko litzaidake talde batekin aritzea ere. Uste dut kantuek ematen dutela horretarako aukera». Badu eskarmentua horretan. Izan ere, egun, Mukuru kolektiboaren parte da Galbete, eta Idoia Hernandez piano jotzaileak gidatzen duen Hatxe taldeko kidea ere bada. Panpin hautsien dantza lana argitaratu zuten otsailean, eta hasiak zien kontzertuak eskaintzen. COVID-19aren krisiak, ordea, hori ere geldiarazi du, behin-behinean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.