Donostiako 61. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Barrurako bidaia

'The Railway Man' Jonathan Teplitzkyren lana Bigarren Mundu Gerran torturak jasan zituen Eric Lomax ofizial britainiarraren bizitzan oinarritzen da

Donostia
2013ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Errealitateak askotan fikzioa gainditzen omen du. The Railway Man filmak bietatik du: errealitatetik eta fikziotik, egiatan gertatuan oinarritua baitago. Bigarren Mundu Gerran parte hartu zuen Eric Lomax soldadu britainiarraren istorioa du ardatz. «Filmean egia asko dago», adierazi zuen atzo Lomaxen alargunak, Patriciak, Sail Ofizialean filma aurkeztu ostean.

Eric Lomax Ingalaterra iparraldean bizi da emaztearekin. Ingeniari erretiratua da, eta trenekiko zaletasun neurrigabea du. Itxura batean bizitza lasaia duela badirudi ere, ez da hala. Iraganeko mamuek behin eta berriz erasaten diote, eta ezin ditu uxatu.

Bigarren Mundu Gerran japoniarrek harrapatu eta Myanmar eta Thailandia arteko lan esparru batera bidali zuten, beste hainbat kiderekin batera. Han, lanerako esklabo ziren presoak. Trenbidea eraikitzeko baldintza gogorretan lan eginarazten zieten. Lomaxek eta kideek ezkutuan irrati transmisore bat muntatu zuten euren sorterriko berriak entzun ahal izateko, baina harrapatu egin zituzten. Protagonista, zerikusia izan zuela aitortzean, gupidarik gabe torturatu zuten. Geroztik, ezin izan du gertakari haien itzalpetik ihes egin. Orain, tratu hura ematearen ardura izan zuen soldadu japoniarretako bat bizirik dagoela jakingo du, eta bere mamuei aurre egin beharko die behin betiko.

«Barne kalteak sendatzeak luze jotzen du zauri fisikoak sendatzearen alboan. Baina ezinbestekoa da gizatasuna berraurkitu eta normaltasuna berreskuratzeko bai bizitzan eta bai emozioetan». Jonathan Teplitzkyren hitzak dira, filmaren zuzendariarenak. Tortura inongo egoratan ez dela onargarria gaineratu zuen ekoizleetako batek.

Protagonistak bezala, filmak ere bide luzea egin du. Eric Lomaxek berak idatzi zuen autobiografia irakurtzean ekoizleetako batek «iluntasunari egiten zitzaion garrasi» gisa interpretatu zuen, eta istorio harekin film bat egin zitekeela pentsatu. Orduan, filma grabatu nahi zutela adierazteko bilera bat egin zuen senar-emazteekin, eta eskubideak eskuratu zituzten. Hasieran, gerra film epiko bat egiteko asmoa zuten, baina diru nahikorik ez zenez, gai beraren giza istorioan zentratzea erabaki zuten. Teplitzkyren arabera, pertsonaien paisaia emozionala muturreko egoeretan ikusten da, eta giza erreakzio naturalek emozioak arakatzeko aukera dramatiko handiak dakartzate.

Horretara iristeko, bai ekoizleak, bai zuzendaria eta bai aktoreak (Colin Firth eta Nicole Kidman) behin baino gehiagotan bildu ziren bikotearekin, filmari eurek egin ziezazkiekeen ekarpenak biltzeko, eta, azkenerako, hurbileko harremana izatera iritsi ziren. Guztira, hamabost urteko bidaia izan da. Esperientzia sinestezina, zuzendariaren esanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.